Joan eduki nagusira

Ariketa fisiko bizia % 32 jaitsi da unibertsitateko gizonezko ikasleen artean, eta % 9 emakumezko ikasleen artean; neurrizko ariketa, berriz, % 39 eta % 25, hurrenez hurren. Besteak beste ondorio hori eman dute aditzera Kirolaren Kontseilu Nagusian berriki aurkeztutako azterketa batean, hots, “Ariketa fisikoa unibertsitateko kideen artean COVID-19ak eragindako konfinamenduan zehar, eta horrek osasunarekin duen lotura” izenekoan, zeinean Espainiako 16 unibertsitatetako 14.000 ikaslek hartu baitute parte. 

Honako hau izan da Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) koordinatu duen proiektuaren helburua: unibertsitateko ikasleek beren jarduera fisikoko ohiturak eta bizimodua COVID-19 pandemiak eragindako konfinamendu-egoerara nola egokitu dituzten ezagutzea eta ebaluatzea. Proiektua EXERNET sarearen esparruan garatu da. Jarduera fisikoaren eta osasunaren esparruko espainiar ikerketa-talde batzuk integratzen ditu sareak. 

zoom Gazte bat ariketak egiten gimnasioan

Gazte bat ariketak egiten gimnasioan

NUPen, ELIKOS da proiektuaren ardura duen ikerketa-taldea, eta Idoia Labayen Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta IS-FOODeko ikertzaileak koordinatzen du. Azterketa honen hasieran, Labayen irakasleak azaldu zuenez, “konfinamenduan jarduera fisikoa egiteko aukerak murrizteak ondorio kaltegarriak izan ditzake populazioan epe labur, ertain eta luzean. Beharrezkoa da ikasleen bizi-ohiturak nola egokitu diren jakitea, haien osasunean eta egungo errendimendu akademikoan eragina izan baitezake, baina baita etorkizuneko arrisku kardiobaskularrean eta desgaitasunean ere”. 

Jarduera modalitateak eta konparaketa 

Azterketa hiru alderdi nagusitan oinarritu zen: unibertsitateko kideen jarduera fisikoa deskribatzea konfinamenduaren aurretik eta ondoren; gizonen eta emakumeen ariketa fisikoko ohiturak konparatzea; eta unibertsitarioek dituzten motibazioak eta tresnak identifikatzea. 

Ondorioen artean, egiaztatu da “nabarmen jaitsi dela ikasleek oinez ibiltzen igarotzen duten denbora: batez beste % 84”. Halaber, ariketa bizia eta neurrizkoa gehiago jaitsi da gizonetan emakumeetan baino (bizia % 32 eta % 9 hurrenez hurren, eta neurritsua % 39 eta % 25). Bestalde, “nabarmen areagotu dira sedentarismo-orduak, batez ere aisialdian pantailak erabiltzeagatik”. 

Jarduera fisikoaren modalitateei dagokienez, indar-ariketak, pilates, yoga eta intentsitate handiko entrenamendu interbalikoa izan dira gehien igo direnak konfinamenduan; “hazkunde hori nabarmenagoa izan da ikerketan parte hartu duten emakume unibertsitarioen artean”. 

Era berean, emakumeak izan ziren sare sozialetan informazio eta tutorial gehien bilatu zutenak eta konfinamendu-baldintzetan jarduera fisikoa egitearekin konforme zeudela gehiago adierazi zutenak. Gizonen % 60k adierazi zuten gutxiago gozatzen zutela ariketaz, “horrek azaltzen du modalitate guztietan izan den jaitsiera nabarmena, bereziki kolektibo horren kirol-praktikan”, adierazten dute ikerketaren ondorioek. 

Bi sexuetan, unibertsitateko ikasle gehienek adierazi zuten osasunagatik edo estresa kontrolatzeagatik egin zutela ariketa fisikoa konfinamenduan. “Horrek adierazten du Espainiako gazteentzat gero eta garrantzitsuagoa dela jarduera/ariketa fisikoa egitea osasuna zaintzeko”. 

NUPez gainera, honako unibertsitate hauek hartu dute parte azterketan: Euskal Herriko Unibertsitatea (proiektuaren koordinatzailea), Zaragozako Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Cadizko Unibertsitatea, Leongo Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Extremadurako Unibertsitatea, Castellóko Jaume I Unibertsitatea eta Kantabriako Unibertsitatea.