Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekainaren 21era arte dauka zabalik Parekoen arteko Mentoretza Planean izena emateko epea. Plan horren bidez, 2., 3. eta 4. ikasmailetako ikasleek lehenbiziko aldiz unibertsitatean hasi diren ikaslee aholkua eta informazioa emateko konpromisoa hartzen dute. Programan izena ematen dutenek doako prestakuntza berezia eta diploma bat  jasoko dute. Horrez gain, unibertsitate hedapenerako 2 ECTS kreditu lortzeko aukera izango dute. 

Mentore izan nahi dutenek gai akademiko eta administratiboei buruzko informazioa eta orientazioa emango diete bere titulazio bereko lehen ikasmailako 7 ikasleri gehienez ere. Horretarako, honako hauek ematen diete laguntza eta prestakuntza: Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetza, beren fakultatea edo ikastegia, Unibertsitate Arretarako Unitatea eta Ikasleen Kontseilua. 

zoom mentores

Ikasturte honetako mentore taldearen artxiboko irudia. Haiekin, Jokin Aginaga García Ikasleen Arloko zuzendaria (lehena ezkerretik).

Mentore gisa parte hartzeko, aski da 2020-21 ikasturtean 2., 3. edo 4. ikasmailako ikaslea izatea eta lehen ikasmailako ikasleei Unibertsitatean integratzen laguntzeko motibazioa edukitzea. Izena emateko inprimakian titulazioa eta beste jarduera sozial edo solidario batzuetako parte-hartzea jaso behar dira, bai eta motibazio gutun labur bat idatzi ere. Unibertsitatearen webgunean dago programari buruzko informazio guztia. 

Aurreko ikasturteetako esperientzia oso ona izan zen, bai mentoreentzat, bai mentorizatutako ikasleentzat. Horren erakusgarri, urtez urte gero eta handiagoa da programan parte hartzen duten ikasleen kopurua. Halaber, mentoreen laguntza izan duten ikasleetako askok mentore gisa hartzen dute parte ondoren egiten diren ikastaroetan sarbide berriko ikasleei beren esperientziaren bidez laguntzeko. 

Konpromisoa 

Mentoreen helburua da mentorizatutako ikasleengan unibertsitateko independentzia eta autonomia handiagoa sustatzea, eta lanerako eta ikasteko ohitura eraginkorrak garatzen laguntzea. 

Prestakuntzako bilera eta lantegietara joateaz gain, Eskolak edo Fakultateak antolatzen duen ikasle sartu berrien ongietorri-saioan hartuko dute parte. Mentoreek, halaber, mentorizatutako ikasle-taldearekin hiru bilera egiteko konpromisoa hartu dute (irailetik urrira bitartean bat, udazkeneko azterketen aurretik beste bat eta otsailetik martxora bitartean beste bat). Bilera horien jarraibideak Mentoretza Plana aurkezteko bileran emango dira. Halaber, taldeko bilera bakoitzaren fitxa-txosten bat bete beharko dute, eta amaierako autotxosten bat egin maiatzean. 

Azkenik, mentorizatuek beraiek ebaluatuko dituzte mentoreak.