Joan eduki nagusira

2020-2021 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) gradu ikasketak egiteko aurreinskripzio arrunterako epea uztailaren 10ean, ostirala, 9:00etatik aurrera hasi eta uztailaren 24an, ostirala, 14:00etan amaituko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatzen ahalko dute Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es), graduko edozein titulaziotan. Ikasketa horien eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahalko da. Onartutako ikasleen lehen zerrenda uztailaren 31tik aurrera kontsultatzen ahalko da, eta matrikulazioa abuztuan eginen da. 

zoom Ikasleak, NUPen

Ikasleak, NUPen

Batxilergotik eta Lanbide Heziketatik datozen ikasleek edo unibertsitate-titulua dutenek Internet bidez egin behar dute aurreinskripzioa, eta, lehentasunaren arabera, hurrengo ikasturtean matrikulatu nahi duten sei titulazio adierazi behar dituzte. Jakina denez, aurreinskripzio-data aurten atzeratzea COVID-19 delakoak eragindako osasun-krisiaren ondorio da, eta horrek, aldi berean, USEko probak egiteko atzerapena dakar. 

Aurkeztu behar den dokumentazioa 

Uztailaren 24an bukatuko da, halaber, dokumentazioa aurkezteko epea, hala eskatzen bada. Nafarroan Unibertsitatean Sartzeko Proba (USEa) egin duten Batxilergoko ikasleek ez dute agiririk aurkeztu behar, salbu eta nazioarteko programetako batean plaza eskatzen badute (kasu honetan, ingeleseko B2 egiaztatu behar da) edo erreserbako kupo baten bidez sartzen badira. NUPen 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako probak gainditzen dituzten pertsonek ere ez dute agiririk aurkeztu behar. 

Dokumentazioa, hala badagokio, posta elektronikoaren bidez aurkeztuko da helbide honetara bidalita: documentos.preinscripcion@unavarra.es

Esan bezala, aurreinskripzioa egin duten ikasleen lehen onartuen zerrenda uztailaren 31tik aurrera argitaratuko da, eta plaza lortzen dutenek “online” matrikula egin beharko dute abuztuaren 5eko 9:00etatik hil bereko 7ra arte, eginen duten graduaren arabera. Matrikula egiteko jarraibide guztiak eta matrikula osatzeko eman beharreko pausoak Unibertsitatearen webgunean ere kontsulta daitezke.