Nafarroako Unibertsitate Publikoko 74 kidek (administrazioko eta zerbitzuetako langileak, irakasleak, ikertzaileak eta ikasleak) erantzun diote telematikoki Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak ikasleen parte-hartzerako lehenbiziko plana gauzatu aurreko fase gisara prestatu duen galdetegiari.
Plana prestatzeko hasierako planteamendua diagnostikorako lehen fase bat egitea izan zen, diziplina anitzeko eztabaida-taldetan antolatuta eta bai Unibertsitateko komunitateko zenbait ordezkariren eta bai kanpoko profesionalen parte-hartzearekin. Hala ere, eta konfinamendurako neurrien ondorioz, ikasleen parte-hartzeari buruzko hasierako diagnostiko bat egingo da, lehen faseko galdetegian jasotako erantzunetan oinarrituta. Gero, galdetegi bat prestatu, eta NUPeko 8.000 ikasleei bidaliko zaie. Horrekin batera, prozesu parte-hartzailearekin amaitzeko, ahal denean eztabaida-taldeak elkartuko dira, bildutako informazio guztia erabiliz plana idatzi eta ekintza berriak proposatzeko.
Nola hobetu ikasleen partaidetza?
Planaren testuinguruan, Unibertsitatearen arloan egin daitekeen eta bertako ikasleek eskuratuko duten prestakuntza akademikoaren osagarri izango den jarduera oro jotzen da ikasleen parte-hartzetzat. Haren xedea agerikoa da: ikasleek Unibertsitateko bizitzan eta bizitza akademikoan zer neurritan parte hartzen duten jakitea, eta partaidetza hori nola areagotu eta beren interesetara nola egokitu zitekeen aztertzea. Cristina Bayona Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordearen arabera, “planaren helburua ikasleek Unibertsitateko bizitzan parte handiagoa har dezaten lortzea da, NUP berena dela senti dezatela. Unibertsitate integratzaile, jasangarri eta konprometitua lortu nahi dugu, eta, hori eraikitzeko, ezinbestekoa da ikasleen ekarpena”.
Ikasleek modu askotara hartzen dute parte Unibertsitateko bizitzan: ordezkaritzako eta kudeaketako organoetan, ekitaldiak antolatzeko eta gauzatzeko laguntzan, mentoretzako eta boluntariotzako jardueretan, prestakuntzako eta lan orientazioko ekintzetan, jarduera sozial eta kulturaletan, kirol jardueretan edo irakaskuntzarekin eta ikerketarekin lotutako ekimenetan.