Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) egiten du Foru Komunitatean Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziorako deia (USEa). Aurten lau egunekoa izanen da, eta unibertsitateko campusetan eta Iruñerriko zenbait institututan eginen da, probak beharrezkoa den osasun segurtasunarekin egiteko helburuarekin, osasun eta hezkuntza agintariek COVID-19 birusa dela-eta ezarritako gomendioei jarraikiz.
Zehazki, probak ekainaren 23an, 24an, 25ean eta 26an eginen dira Iruñeko campusetan: Arrosadia, (gune gehiago erabiliz, hala nola Liburutegia, Ikasgelategiaz gainera) eta Osasun Zientzien Campusa eta Tuterako campusean, bai eta zehazten diren institutuetan ere. Nolanahi ere, azken horietako ikasleek ezin izanen dute beren ikastetxean egin proba.
Azterketak egiteko matrikula epea maiatzaren 20an zabalduko da, eta probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago. Horretaz gainera, NUPek jada bidali du ikastetxeetara behar den informazioa, 2019-20 ikasturteko USEaren berritasun nagusiak dituena.
Aldaketak azterketaren egituran
Sartutako berritasunetako bat da azterketen egiturako aldaketa ikasleei aukera gehiago emateko erantzuterakoan, baina azterketek 90 minutukoak izaten jarraituko dute irakasgai bakoitzeko. Ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzea eta adierazitako galdera-kopuruari bakarrik erantzutea, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzea eta azterketaren egitura eta zuzentzeko irizpideak ezagutzea.
Horrez gain, eta parte-hartzaileen osasuna bermatze aldera, esparru bakoitzerako sarbideari, garapenean zehar ikasleen artean egon beharreko gutxieneko distantziari edo atsedenaldietan eraikin bakoitzaren barrenean egin beharreko ibilbideei buruzko jarraibideekin eginen dira ariketak. Protokolo hori garaiz jakinaraziko da NUPen web orrian eta ikastetxeetara ere bidaliko da.
Bestalde, sarrera mailakatua lortzeko eta pilaketak saihesteko, irakasgaien ordu tarteen banaketa aldatu da. Notak uztailaren 2an argitaratuko dira. Deialdi berezia, bestalde, uztailaren 21ean, 22an eta 23an eginen da.
Probak nola eginen diren
Proba egiteko matrikulatu diren ikasleak 7 epaimahaitan daude banatuta; horietatik 6 Iruñeko campusean, eta zazpigarrena, Tuterakoan. Iruñeko epaimahaiek (haietako bi, euskaraz) Nafarroako Unibertsitate Publikoko instalazioak izanen dituzte egoitza (Sario, Osasun Zientzien Campusa, Liburutegia eta Ikasgelategia) eta probak egiteko erabiliko diren ikastetxeak.
BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak egingo dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat egingo dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan Aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.
Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen bada (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izango du nota hori.
Azterketa-egutegia lau egunetarako
Probak ekainaren 23an, asteartean, goizeko 10:00etan hasiko dira, Gaztelania eta Literatura II azterketarekin, eta arratsaldez jarraituko dute, Espainiako Historiako azterketak 15:00etan, eta Filosofiaren Historiako azterketak 18:00etan.
Ekainaren 24ko (asteazkena) azterketak 10:00etan hasiko dira Ingeleseko azterketarekin, eta, arratsaldean, 15:00etan hasiko dira Euskara eta Literatura II (A eta D ereduak) probekin. 18:00etan, Frantseseko eta Alemaneko probak eginen dira.
Ekainaren 25eko (osteguna) probak goizeko 10etan hasiko dira, Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II azterketekin. Arratsaldean, ariketak 15:00etan hasiko dira, Gizarte Zientzietan Aplikaturiko Matematika eta Biologia azterketekin. 18:00etan, Marrazketa Teknikoa II, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak azterketak eginen dira.
Ekainaren 26an egingo dira azkeneko azterketak, ostegunean: 10:00etan, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketak egingo dira, eta 18:00etan, Geologiako, Geografiako eta Diseinuko azterketak.