Joan eduki nagusira

Miriam Rubio Lecuona Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Ingeniaritzako masterduna eta tituluduna eta Explorerren Nafarroako X. edizioaren irabazlea (“Konponbideak dituzten gazteak”), programa horretako berrogeita hamar kiderekin batera, lankidetza proiektu batean ari da parte hartzen. Honako gai tematiko hauetan multzokatutako ekimenen bidez konfinamendu egoerari aurre egitea da proiektuaren xedea: osasuna, entretenimendua, gizartea eta elikadura.

Explorerren (“Konponbideak dituzten gazteak”)  fase lokaletako 55 irabazleen ekimenez jarri zen martxan proiektua. Gazteek harremanetan jarraitzen dute Sillicon Valleyra (Kalifornia) astebeteko bidaia egin eta gero, non enpresa teknologiko handiak ezagutu eta berariazko prestakuntza jaso baitzuten. Konfinamendu-egoeraren aurrean, ahaleginak batzea erabaki zuten eta lankidetza-proiektuak jarri zituzten martxan bilera birtualen bidez.

zoom Miriam Rubio

Miriam Rubio Lecuona, “Ideiak dituzten gazteak” Explorer programako garaipen diploma aldean duela

Explorerren Nafarroako fasea irabazteaz gainera, Miriam Rubio, zeina orain “Familiados” startupean ari baita lanean, “Disruptive Technology Explorer Award 2019” sariaren nazio mailako finalista izan zen REHHAND errehabilitaziorako esku robotikoaren proiektuari esker. Gogoan izan behar da Explorer “Konponbideak dituzten gazteak” ekimena Banco Santanderrek bultzatzen duela, Santander Universidades erakundearen bitartez, eta Santander Ekintzailetza Nazioarteko Zentroak (CISE) koordinatzen duela, Santander X ekimen globalaren esparruan.

Entretenimendua, atsedenlekuak eta sasoikako langileen bilaketa

“Explorer”-eko parte-hartzaileek aztertu dituzten esparruetako bakoitzaren xehetasunetara etorriz, entretenimenduaren esparruan Instagrameko kontu bat sortu zen (www.instagram.com/quetequedestv), zeinean ekitaldiak eta zuzenekoak programatzen baitira (elkarrizketak, musika, umorea, zabalkundea…) eta profil diferenteko pertsonak parte hartzen dute, hasi ezagunetatik eta talentu berrietara: “pertsonek beren aisia sortu behar dute, kontsumitzaile hutsak izan beharrean”, esan du Miriam Rubiok.

zoom parte-hartzaileak

Ekimeneko parte-hartzaileak, bilera birtualetako batean

Bestalde, mapa bat ere sortu da (www.dondedescanso.com), eta hari esker garraiolariek irekitako zerbitzuguneak eta eskaintzen dutena kontsultatu ez ezik zerbitzuguneak gehitu edo informazioa zuzendu dezakete. Horretaz gainera, ekimen bat abiarazi dute, fruta eta barazkiak biltzeko abian dauden kanpainak eta haietan lan egin nahi dutenak harremanetan jartzeko, bitartekaririk gabe (https://trabajotemporeros.com) “gutxien ezagutzen dena da beharbada, baina jendeak erabiltzea nahi dugu”, esan du Miriam Rubiok. 

Azkenik, “cooperavirus” plataforma konfinamenduaren hasieran jarri zen abian, eta osasun langileek norberaren babeserako materiala eskuratzea zuen xede. Web-aren datuen arabera, orain arte material hau lortu da hari esker: 27.300 eskularru, 18.000 bata, 12.853 babes-pantaila, 10.000 maskara, 2.000 isipu, arnasa hartzeko 100 balbula eta 25 ozono-kanoi.