Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskubide digitalen dekalogo bat argitaratu du. Unibertsitateko langileek -irakasle, ikertzaile eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek, bai eta ikasleek ere- informazioaren segurtasunari eta datu pertsonalen babesari dagokienez dituzten eskubideak jasotzen ditu dekalogoak.

Honako arau hauetan oinarritzen da dekalogoa: Datuen Babesari buruzko 3/2018 Lege Organikoa eta 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa, bai eta esparru horietan onetsitako jarraibideak.

zoom dekaloloko ilustrazioak

Eskubide digitalen dekalogoarekin batera dauden ilustrazioen irudia

Dekalogo honetako eskubideak honako gai hauei buruzkoak dira, besteak beste: nortasun pertsonal digitala (identitatea ordezkatzea eragoztea eta unibertsitateko komunitateko kideak identifikatzeko eta autentifikatzeko bitarteko egokiak eskaintzea), datu pertsonalak babestea eta sareko adierazpen-askatasuna.

Honako eskubide hauek ere aipatzen dira dekalogoan: tratamendu digitalean berdintasuna izateko eskubidea (pertsona guztiek zerbitzu eta tratamendu digitaletan aukera berdinak izan ditzaten eta zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak minimizatzeko neurriak sustatzea) eta Interneterako sarbide unibertsalerako eskubidea arrazoi ekonomikoengatik, adinagatik, jatorriagatik edo justifikatu gabeko beste edozein arrazoirengatik inolako bereizkeriarik egin gabe; kasu horretan, unibertsitateak pertsona guztiei sarbide baldintza egokiak ematen ahaleginduko da Gizarte Ekintzarako Unitatearen berariazko funtzioarekin.

Era berean, berariaz aipatzen da gardentasunerako eskubidea, non, gardentasunaren eta gobernu onaren betebeharraz gain, unibertsitateak behar den oreka gordeko baitu gardentasunerako eskubidearen eta datu pertsonalak babesteko eskubidearen artean, eta, bestetik, deskonexiorako eskubidea eta ondare digitalerako eskubidea.

NUPen dekalogoan jasotako azken bi eskubideak sareko jabetza intelektualerako eskubidea eta sare seguru baterako eskubidea dira. Horri dagokionez, unibertsitateak neurri egokiak hartuko ditu bere azpiegitura teknologikoan, mehatxuen eta eraso maltzurren aurrean datuen konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko.

Dekalogoa NUPek informazioaren segurtasunari buruz duen webgunean dago, eta Mercedes Corretge bideratzaile eta dokumentatzaile grafikoak ilustratu du.