Joan eduki nagusira

NUPeko hamazazpi ikaslek eta García Galdeano, Vázquez de Mella eta Bernart Etxepare ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako hamazazpi haurrek hartu dute parte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Urretxindorra proiektuaren bederatzigarren edizioan. Aurtengo edizioa berriki amaitu da, eta Covid-19 dela kausa, ez da ospatu apirilean egitekoa zen amaiera ekitaldia.

Programa honetan, unibertsitateko ikasleak hainbat gizarte-testuingurutako adingabeen mentore bihurtzen dira, eta ikasturtean zehar eskola orduetatik kanpo jolas- eta kultura-jarduerak egiten dituzte haiekin. Helburua da kultur, gizarte eta ikaskuntza pertsonalerako topaguneak sortzea, haiei laguntza eskaintzea eta eredu positibo gisa agertzea.

zoom NUPeko ikasleak

Aurtengo ikasturtean Urretxindorra Proiektuan parte hartu duten NUPeko ikasleetako batzuk

Edizio honekin, dagoeneko 110 dira parte hartu duten aholkulariak eta 110 haur mentorizatu, hamar bat ikastetxetatik etorriak. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan.

Maite Erasok, Gizarte Ekintzarako Unitateko teknikariak, adierazi duenez, Urretxindorra proiektuan parte hartu duen bederaetzigarren promozio hau "nabarmendu egin da proiektuan gogo bizia, konpromisoa eta dedikazio aktiboa izan dituelako. Ikasturtean zehar izandako testigantzek eta esperientziek agerian uzten dute pertsona mentorizatuen arteko lotura estua”.

Inplikatutako alderdi guztiei mesede egingo dien esperientzia lortu nahi da: adingabeak, haien familiak, ikastetxea, unibertsitateko ikasleak eta unibertsitatea bera. Izan ere, “esperientziak, berdintasun- eta elkartasun-balioak sustatzeaz gain, unibertsitate publikoa Nafarroako gizarte- eta hezkuntza-garapenarekin lotzen laguntzen du”, adierazi du Begoña Pérez Eransus Gizarte Proiekzioko errektoreordeak.

Bestalde, Lucía Martínez Virto Gizarte Ekintzarako eta Berdintasunerako Arloko irakasle eta zuzendariak gogorarazi du gizarte-mentoretzan oinarritutako esperientziek “ibilbide luzea dutela nazioartean, eta oso ebidentzia positiboak dituztela. Nabarmentzekoa da parte-hartzaileen autoestimua hobetu dela, beren buruarengan segurtasuna indartuz, beren gizarte-kapitala handituz eta hezkuntza-asmoak areagotuz. Horrek guztiak parte-hartzaileen erresilientzia-gaitasuna indartzen laguntzen du, bizi zailtasunak eta bizi dugun ziurgabetasun-egoerak gainditzeko bezain garrantzitsua baita hori”.

Edizio honetako parte-hartzaileak 

Honako ikasle hauek hartu dute parte aurtengo edizioan —egiten ari diren ikasketak aipatzen dira—: Amaya Tapia Abrego (Masterra Esku-hartze Sozialean), Ane Escala Iparraguirre (Gradua Soziologia Aplikatuan), Angélica Bustos González (Masterra Informazio Sistema Integratuen bidezko Kudeaketan), Asier Serrano Iriarte (Gradua Gizarte Lanean), Diana Toro Cedeño (Masterra Informazio Sistema Integratuen bidezko Kudeaketan), Diana Parra Puma (Gradua Gizarte Lanean), Dunia Lara Mindeguía (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Eugenia Bezares Fernández (Gradua Ekonomian), Izaskun Vallés Martínez (Gradua Haur Hezkuntzako Irakasletzan), Jonathan Aróstegui Martínez (Gradua Gizarte Lanean), Juan Pablo Marín Sánchez (Gradua Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzan), Katherine Pico Molina (Gradua Gizarte Lanean), Leire López Gaztelumendi (Gradua Haur Hezkuntzako Irakasletzan), María Alexandra Florea (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Nadjat Benkhelifa (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Olaia Aranburu Garmendia (Gradua Soziologia Aplikatuan) eta Silvia Peña San Félix (Gradua Haur Hezkuntzako Irakasletzan).

Proiektuaren jatorria

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza) hainbat erakunde eta unibertsitate biltzen baititu. Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.