Ez al da egokiagoa munduko ur baliabideak esku pribatuen menpe ez egotea? Horixe da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) XIX. Eztabaida Ligan parte hartuko dutenek erantzun beharreko galdera. Lehiaketa martxoaren 10ean eta 11n eginen da, Iruñeko Arrosadiko campuseko 018. ikasgelan. Izena emateko epea martxoaren 4an bukatuko da. Hiru diru-sari banatuko dituen lehiaketa horren oinarriak eta izena emateko orria Unibertsitatearen webgunean eskura daitezke.
Lehen saria lortzen duen taldeak G9 Taldearen Unibertsitateko XII. Eztabaida Ligan parte hartuko du. Gaztela-Mantxako Unibertsitateak antolatuko du lehiaketa hori, martxoaren 23tik 25era. Gainera, talde irabazlearen kideetako batek NUP ordezkatuko du G9 Taldearen VI. Mintzaldi Lehiaketan. Lehiaketa hori G9 Taldearen Unibertsitateko XII. Eztabaida Ligaren esparruan eginen da, eta haren oinarriak behar besteko denboraz ezagutaraziko dira.
NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatzen du, eta Nafarroako Parlamentuaren laguntza dauka. Talde irabazleak 750 euro jasoko ditu, bigarrenak 400, eta hirugarrenak, berriz, 250.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2019-2020 ikasturtean ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleei zuzendua dago liga. Lehiakideek elkarrekin eman dezakete izena, dagoeneko osatutako eztabaida-talde moduan, edo banaka, izena banaka eman duten beste lagun batzuekin batera eztabaida-taldea osatzeko.
Ekimen horren helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Lehiaketan parte hartzen duten ikasle guztiek 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek 1 ECTS kreditu jasoko dute.
Mintzaldi Onenaren III. Sariketa
Eztabaida lehiaketaz gain, martxoaren 10ean Mintzaldi Onenaren III. Sariketa ere erabakiko da. Eztabaida lehiaketan izena eman duen talde bakoitzeko kide batek har dezake parte sariketa horretan, eta aztergaia sariketa egin baino 4 egun lehenago jakinaraziko da.
Sariketaren helburua da ikasleen oratoriarako gaitasuna sustatzea eta informazioa bilatzeko, aztertzeko eta ahoz adierazteko trebetasun pertsonalak garatzea, eta, horretarako, proposatutako gaia buruz lantzeko eta azaltzeko duten gaitasuna erakutsiko dute. Kasu honetan, 100 euroko banakako saria emanen da.
Eztabaidarako jarrera zozketaren bidez erabakiko da
Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendatuko dituzte: talde batek aldeko jarrera izanen du, eta beste taldeak aurkakoa, baina defendatu behar duten jarrera zozketa bidez erabakiko da, eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izanen du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izanen du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean), eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.
Puntuazioa emateko garaian, epaimahaiak segurtasuna eta gaia menderatzea, argudio lerroaren kalitatea, inprobisatzeko gaitasuna eta halakoak hartuko ditu aintzat. Taldeek gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko dituzte. Kideetako bat kapitaina izanen da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta aukera izanen du mintzatzeko txandetan hitz egiteko eta epaimahaiari kexak aurkezteko.