MAI-TAI ikerketa-proiektuaren partzuergoko ikertzaileak –hegazkinetan izotza ez sortzeko konponbide aktibo eta pasiboak bilatzen ditu ikerketa-proiektuak– Nafarroako Industriaren Elkartean bildu ziren joan den astean, orain arte egindako aurrerapenei buruz eztabaidatzeko eta proiektuaren hurrengo mugarriak planifikatzeko. Gainera, jardunaldietako bat transferentzia teknologikoari buruzkoa izan zen, eta izotzik ez sortzeko interesa duten hainbat sektoretako enpresei ireki zitzaien.
Proiektuko ikertzaile taldearen eta Nafarroako Industriaren Elkartearen egoitzan bildutako enpresen ordezkarien irudia (argazkia lagata)
MAI-TAI proiektuaren koordinatzailea (Multidisciplinary Approach for the Implementation of new Technologies to prevent Accretion of Ice on aircrafts) Rafael Rodríguez Trías da, Materialen Zientzietako eta Ingeniaritza Metalurgikoko katedraduna eta NUPeko Material Aurreratuen Institutuko ikertzailea. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera, proiektuan parte hartzen dute Nafarroako Industriaren Elkarteak (AIN), Plastikoaren Institutu Teknologikoak (AIMPLAS) eta Teknika Aeroespazialaren Institutu Nazionalak (INTA). Gizartearen Erronkak programako I+G+b Estatuko Planaren proiektua da, hiru urteko iraupena eta 560.000 euroko aurrekontua dituena.
Ikerketa honen helburua hegazkinetan izotza sortzea prebenitzeko estrategia berrietan aurrera egitea da, hegazkinen hegaldiaren garapen normala mugatzen duen eta batzuetan ondorio katastrofikoak dituen aeronautikako lehen mailako arazoa baita hori. Zehazki, soluzio aktiboen (izotza eratzeko joera duten eremuak berotzea) eta pasiboen (izotzaren itsaspena mugatzeko estaldura funtzionalizatuak) estrategia konbinatua proposatzen da.
Lau zentroek estaldura aurreratu mota desberdinak garatuko dituzte, eratzen den izotzaren uxatzaile gisa eta korronte elektrikoen edo eremu magnetikoen bidez berotzen ahal diren substratu gisa jarduteko. Estaldura horien garapenaz eta karakterizazioaz gain, Teknika Aeroespazialaren Institutu Nazionalak saiakuntzak egingo ditu haize-tuneletan, soluzio horien eraginkortasuna ebaluatzeko atmosfera izozkorreko hegaldienak simulatzen dituzten baldintzetan.
Transferentzia teknologikoa
Lantaldearen saioak otsailaren 12an eta 13an izan ziren, Nafarroako Industriaren Elkartean. Lehena proiektuaren alderdi beretan oinarritu zen (egindako lanak eta hurrengo faseak). Bigarrenak hedapen teknologikoa izan zuen ardatz, eta hainbat sektoretako enpresa multzo bati zabaldu zitzaion. Enpresa horiek izotza ez sortzeko interesa dute, eta proiektuan “erakunde sustatzaile-behatzaile” rola dute.
Alde horretatik, partzuergoko kideek proiektuaren helburuen eta orain arte egindako aurrerapenen aurkezpen laburtua egin zuten, eta, ondoren, parte hartu zuten enpresek beren arazo partikularrak azaldu zituzten, bai eta proiektua beren aplikazio-eremuetara teknologikoki transferitzeko aukerak eztabaidatu ere.
Honako enpresa hauek hartu zuen parte jardunaldian: AERNOVA (aeronautikako sektorea), AIRBUS (defentsako eta espazioko atala), DOPPELMAYR (eski estazioetarako instalazioen sektorea), SIEMENS-GAMESA (energia berriztagarrien eta aerosorgailuen sektorea), SOGECLAIR AEROSPACE enpresa frantsesa eta TEandM enpresa portugesa (estaldura aurreratuen sektorea).
Teknologiaren hedapena eta transferentzia funtsezko alderdia da Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioek finantzatutako Gizartearen Erronkak programaren proiektuetan. Testuinguru horretan, proiektuan parte hartu zutenek nabarmendu zuten garrantzitsua dela enpresetarako hurbilketa hori proiektuaren lehen etapetatik hastea. Horregatik, horrelako topaketak proiektuaren garapen osoan zehar egingo direla aurreikusten da, bai eta MAI-TAI proiektuko lau zentroek osatu berri duten Izotzaren Plataforma Nazionalaren jardueren bidez ere.