Aste honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zenbait jardunaldi egingo ditu simulazio klinikoetan errealitate areagotua aplikatzeari buruz. “ARSim2care”: errealitate areagotuaren aplikazioa simulazio klinikoetan” izeneko proiektuaren barruan egingo dira jardunaldiak. NUP eta Nafarroako iAR enpresa dira proiektuaren liderrak (iAR ingelesezko siglak industriako errealitate areagotua esan nahi du), eta Coimbrako Erizaintzako Goi Mailako Eskolako (Portugal) eta Bruselako Erasmus Hogeschool (Belgika) zentroak, proiektuko kolaboratzaileak. Hori dela eta, zentro horietako ikasle eta irakasleak gonbidatu dituzte jardunaldietara simulazio klinikoetan errealitate areagotuak zer-nolako aukerak ematen dituen ezagut dezaten.
Zehazki, proiektuan parte hartzen duen unibertsitate bakoitzeko bost ikasle eta bi irakasle etorriko dira, NUPek eta iAR enpresak diseinatutako gailua, hots, errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen ikastera. Betaurrekoak nola erabiltzen diren azalduko dute jardunaldietan, haien funtzionamendua ebaluatuko dute, eta errealitate areagotuaren inguruko hitzaldiak, lantegiak eta jarduerak egingo dira.
Azkeneko garapen-fasean dago proiektua. Fase horretan, errealitate areagotuko software bat sortu dute, osasun arloko ikasleek gaitasun teknikoak eskuratu ditzaten prozedura kliniko inbaditzaileetan; horretarako, giza gorputzaren barneko egitura anatomikoak bistaratuko dituzte.
Proiektuaren koordinatzaileak Nely Soto, Paula Escalada eta Leticia San Martín NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta Tomás Ballesteros NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea dira, eta Europar Batasunak ia 300.000 €-ko finantzabidea eman dio.
Prototipoaren ebaluazioa eta hackatoia
Atzo hasi ziren jardunaldiak, astelehen arratsaldean. Bi hitzaldi eman zituzten errealitate areagotuari buruz: iAR enpresako ordezkaria ARSim2care prototipoaren diseinuaz mintzatu zen; Paula Escalada irakaslea, berriz, osasun zientzietan aplikatutako errealitate areagotuaz. Gaur, asteartea, errealitate areagotuari buruzko zenbait lantegi egingo dituzte, betaurrekoen prototipoa ebaluatuko dute, eta bisita egingo dute Nafarroako Ospitalegunera.
Asteazken eta ostegunerako, hackatoia antolatu dute, hau da, lehiaketa moduko bat arazo jakin bati taldeka eta sormena baliatuz irtenbidea bilatzeko. Hiru talde egingo dituzte hiru unibertsitateetako ikasleek, eta erizaintzaren jarduneko arazo bat planteatuko diete irtenbidea bila diezaioten. Asteazkenean, Nafarroako Unibertsitateko simulazio zentroa ezagutuko dute, eta, ostegunean, hackatoian egindako proiektuak aurkeztuko dituzte.
Azkenik, ostiralean, errealitate areagotuko jolas bat egingo dute, “Celebrando a Florence Nightingale” izenekoa. Erizaintza modernoaren aitzindaria da Florence Nightingale, eta haren jaiotzaren 200. urteurrena da aurtengoa. Jardunaldiei amaiera emateko, hackatoiko proiektuak sarituko dituzte.