Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) LIFE-ADVICLIM proiektu europarraren amaierako ekitaldiaren anfitrioia izan da berriki, beste bederatzi erakunderekin batera proiektuko kide denez gero. Proiektu horren helburua mahastiak klima-aldaketara nola egokitzen diren aztertzea da, baita klima-aldaketaren ondorioak nola arindu daitezkeen ere. Zehazki, proiektuak Europako zazpi ardoa egiten duten zazpi eskualde aztertu ditu: bi Frantzian, bat Errumanian, bat Alemanian, beste bat Erresuma Batuan eta beste bi Espainian (Errioxa), azken horiek NUPeko taldeak koordinatuta.
LIFE-ADVICLIM proiektuaren amaierako ekitaldiak hiru egun iraun zuen: lehenbizikoan, partzuergoko kideentzako bilera tekniko bat egin zen Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikinean; bigarrenean, Espainiako eta nazioarteko beste proiektu batzuetako parte-hartzaileekin esperientziak trukatzeko saio bat gauzatu zen Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Departamentuaren egoitzan, eta, azken egunean, ekoizleentzako jardunaldi ireki bat egin zen Erriberriko Mahastizaintza Estazioan, eta ehundik gora lagunek hartu zuten parte.
Ingurumenari eta Klimaren aldeko Ekintzari buruzko Programa (LIFE) Europako Batasunaren finantza-tresna bat da, 2014-2020 aldian ingurumena lantzeko sortua. Programa horren helburu nagusia politiken garapenean eta aplikazioan gertatzen diren aldaketak katalizatzea da. Horretarako, irtenbideak eta jardunbide egokiagoak proposatzen ditu ingurumenari eta klimari dagozkion helburuak lortzeko, baita ingurumenaren eta klima-aldaketaren arloko teknologia berritzaileak sustatu ere.
Europan ardoa egiten duten zazpi eskualderen azterketa
LIFE-ADVICLIM proiektuak, esan bezala, Europan ardoa egiten duten eskualdeetako klima-dibertsitatearen adierazgarri diren zazpi eskualde aztertu ditu, eta zenbait teknologia garatu ditu klima-aldaketak eremu horietan dituen ondorioak neurtzeko. Hala, lan-sare bat eta web-plataforma bat sortu dira nekazariek aukera izan dezaten bai aldaketak beren lurretan duen eragina ebaluatzeko, bai egokitzapen motak simulatzeko eta bai beren jardunari lotutako berotegi-efektuko gasak neurtzeko. Zehazki, eskualde hauetako mahastietan probatu dira teknologia horiek: Cotnari (Errumania), Rheingau (Alemania), Bordele eta Loira ibarra (Frantzia), Sussex (Erresuma Batua) eta Ausejo eta Carbonero (Errioxa).
Hauek dira proiektuko kideak Frantzian: Rennes 2 Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (CNRS frantsesez), Angerseko eta Nantesko Mahatsondoen eta Ardoaren Unitate Esperimentala (INRA), Bourdeaux Sciences Agro, Ecoclima Sol eta Mahatsondoen eta Ardoaren Institutu Frantsesa (IFV). Plumpton College izenekoa da Erresuma Batuak proiektuan duen kidea, Hochschule Geisenheim Unibertsitatea (UGM) Alemaniak eta Nekazaritzako Zientzien eta Albaitaritzako Medikuntzaren Unibertsitatea Errumaniak.