Amaya Villanueva Lumbreras geriatriako erizainak zaintzaile informalen mende bizi diren zaharren bizi-esperientziak ikertu ditu bere doktoretza-tesian. Ikerketaren ekarpen inportanteena da gero eta zabalduago dagoen zaintzaile informalen profil bat identifikatu duela, zeina “ez baita izaten protagonista nagusia dependentzia duten pertsonen zainketan, baina zerbitzu sozial eta osasunekoekin eta familiako beste kide batzuekin koordinatuta aritzen da senitartekoa zaintzen”. Hala, zainketa eredu horretan, “modu bidezkoagoan konbinatzen dira zainketa formala eta informala beren kabuz moldatzen ez direnak zaintzeko”.
Rosa García Orellán Osasun Zientzien Fakultateko doktorea eta Sara Hidalgo García Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea izan ditu zuzendari “Calidad de vida en el cuidador informal de ancianos dependientes” izeneko doktoretza-tesiak, eta bikain kalifikazioa lortu du. Mendekotasuna duten zaharren zentro batean aritu zen ikertzen Amaya Villanueva Lumbreras, eta zaharrak zaintzen dituzten senitartekoak eta profesionalak elkarrizketatuz eta behatuz bildu zituen datuak.
Ikerketako laginak erakutsi duenez, zaintzaileak “emakumezkoak dira gehienbat, ikasketa maila altukoak, senitartekoa zaindu eta lan profesionala biek egiten dituzte, eta laguntza formala bilatzen dute ahalik eta denbora gehienean etxean zaintzeko beren kabuz moldatzen ez diren senitartekoak”.
Amaya Villanueva erizainak nabarmendu du “komunitate emozional gisa identifikatu dituztela halako zaintzaileak, haien jokabideak emozioak baititu oinarri, eta gure testuinguru sozial eta kulturalak baldintzatzen baititu emozio horiek”. Izan ere, “zaintzaile informalek senitartekoak maite dituztelako eta elkartasunagatik zaintzen dituzte, nahiz eta emozio negatiboak sortzen zaizkien maiz zainketa-lanean: errudun sentimendu, sufrimendu, frustrazio, beldur eta bakardadeari egin behar izaten diete aurre normalean”.
Bestalde, ikerketak egiaztatu du Espainiako sistemak baliabideak eta laguntza eskaintzen dizkietela dependentzia dutenei eta haien zaintzaile informalei, baina “ikerketan aztertu den populazioaren iritziz, sistemak eskainitako laguntza ez da nahikoa, ez baitie erantzuten haien behar eta eskaerei. Hau da, badakite kanpoko baliabideen laguntza izango dutela, baina ez dute beti lortzen, eta egoerak gainezka egiten die senitartekoa zaintzen segitzen ahalegintzen direlako”.
Amaya Villanueva Lumbrerasek Erizaintzako Diplomatura eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitatean 2006an, eta erizaintzako ikerketan jarduteko master bat egin zuen gero unibertsitate horretan bertan. 2008ra arte, onkologiako erizain aritu zen, eta, 2009az geroztik, geriatriako erizain-lanean ari da Landazabal zentro psikogeriatrikoan. Ikerketako zenbait artikulu argitaratu ditu, eta komunikazioak ere bai Espainiako eta nazioarteko biltzarretan.