Joan eduki nagusira

Berrogeita hamar errefuxiatu baino gehiago ari dira parte hartzen ikasturte honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hainbat prestakuntza-jardueratan, “Istorio errefuxiatuak: Unibertsitatearen konpromisoa” proiektuari esker. Proiektu hori Unibertsitateak egin du Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzaren bidez, eta finantziazioa lortu du “Innovasocial” proiektuaren azken edizioan. Azken hori Nafarroa Kutxa Fundazioak eta laCaixa Banku Fundazioak sustatutako programa bat da, eta Nafarroako gizarte-sarea indartzera bideratuta dago, haren hazkundea, berrikuntza, eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatuz, Foru Komunitatearen garapen sozial eta ekonomikoaren mesedetan. 

“Istorio errefuxiatuak” proiektuarekin eta hainbat ekintzaren bidez, “NUPek, goi-mailako hezkuntza-erakunde gisa, Nafarroan bizi diren nazioarteko babesaren eskatzaileak edo onuradunak eta migratzaileak integratzen lagundu nahi du, eta haien egoeraren berri eman”, azaldu du errektoreordeak. “Pertsona horien profila askotarikoa da, baina guztiek ihes egin dute giza eskubideen urraketetatik, eta integratu egin behar dute, iragana atzean utzi eta modu autonomoan bizi behar dute”, ondorioztatu dute. “Istorio errefuxiatuak” ekimenari buruzko informazioa eskuragarri dago horretarako berariaz sortutako webgunean.

Zehazki, eta proiektuari esker, gaur egun 42 errefuxiatu daude matrikulatuta NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko ikastaroetan (35 gaztelaniako ikastaroetan eta 8 ingelesekoetan, pertsona bat bi hizkuntzetan matrikulatuta dago); beste 12, lan aurreko gaitasunetan trebatzeko programan hasiko dira hil honetan, eta hogei bat, Unibertsitateko komunitateko boluntarioekin hitz egiteko tandemak osatzeko izena emanda daude. 

Ikastea eta elkar ezagutzea

Proiektuaren helburuetako bat da errefuxiatuei goi-mailako hezkuntzarako sarbidea erraztea, beka-programen bidez. Horretarako, gaztelania eta ingelesa ikasteko aukera ematen zaie (mintzapraktika-taldeekin, ikastaroekin edo tailerrekin), baita hizkuntza-akreditazioa ere, ebaluazio-proba ofizialen eta ez-ofizialen bidez. Horri lanaurreko gaitasunak hobetzeko programa gehitu zaio (proiektu profesionala, marka pertsonala, adimen emozionala edo pertsonen arteko komunikazioa), besteak beste.
Bestalde, errefuxiatuei oinarrizko zerbitzu eta baliabideak eskuratzen lagundu nahi zaie (ospitalea, farmazia, lanpostua, etab.), bereziki arrazoi ekonomikoengatik garraio publiko gutxi edo batere ez duten herri txikietan bizi direnean. Horretarako, herritarrentzako laguntza-sare digitala sortu nahi da.

Beste alde batetik, Unibertsitateko komunitatea eta, oro har, Nafarroako gizartea errefuxiatuen errealitateari buruz sentsibilizatzea da helburua, bai eta Unibertsitatean dagoen boluntario-sarea sustatzea ere (gaur egun 500 pertsona inguruk osatzen dute) mentoria-programen bidez. 

Horrez gain, ikerketa-arloan, errefuxiatuek programa eta baliabideei buruz duten iritzia ezagutu eta baloratu nahi da, bai eta errefuxiatuak gizarteratzeko eta laneratzeko erakundeek, gizarte-eragileek eta enpresek aurkitzen dituzten oztopoak eta aukerak identifikatu eta haztatu ere.