Joan eduki nagusira

José Manuel Pérez Escuderok terahertzen bandarako gailuak diseinatu eta fabrikatzeko teknika desberdinak ikertu ditu NUPen irakurri duen bere doktoretza-tesian, gailu horiek trinkoagoak, sinpleagoak eta merkeagoak izan daitezen. “Hori interesgarria da batez ere erabilera komertzialerako, baita sateliteetan txertatzeko ere eramangarritasuna eta pisua garrantzitsuak diren kasuetan”, adierazi du. Iñigo Ederra Urzainqui irakaslea zuzendari eta Ramón Gonzalo García katedraduna zuzendarikide izan dituen doktoretza-tesi horrek bikain kalifikazioa lortu du.

zoom Tesiaren egilea

José Manuel Pérez Escudero

Terahertzaren heineko uhinak mikrouhinen (adibidez, mugikorrek eta telebistek funtzionatzeko behar dituzten uhinak) eta infragorrien artean dauden uhin elektromagnetikoak dira. José Manuel Pérezen hitzetan, “terahertzen frekuentziak ez-ionizatzaileak eta, ondorioz, seguruak direnez, eta materialak oso erraz zeharkatzen dituztenez, zenbait aplikazio dituzte gaur egun, esate baterako irudi medikoan, aireportuetako eskanerretan, edo atmosferaren eta izarren eraketaren ikerketan. Halaber, hari gabeko etorkizuneko komunikazioetan ere erabiliko dira; izan ere, sareak betetzen ari dira, eta terahertzen banda irtenbidea izan daiteke kalitate altuko edukien eskariari aurre egiteko, banda-zabalera handia behar baitute”.

Bere tesiaren emaitza gisa, ikertzaileak osagai komertzialetan oinarritutako bi hargailu trinko eta sinple diseinatu, fabrikatu eta neurtu ditu, “errendimendu ona dutenak terahertzen bandan. Osziladore lokala eta nahasgailua kapsulaketa berean txertatu ditugunez, bolumen handiko iturri garestiak erabiltzea saihesten dugu, eta hori da, hain zuzen, abantaila nagusia”.

Teknologia fotonikoa eta teknologia elektronikoa osagai berean bateratzen dituen transmisore bat ere diseinatu du bere ikerketan. “Nahiko berria da hori, bi teknologia horiek orain arte aurkakotzat ere har baitzitezkeen. Kontrara, transmisore berean erabiltzeak teknologia fotonikoak modulazioari dagokionez dituen abantailak eta teknologia elektronikoak potentziari dagokionez dituenak baliatzeko aukera ematen du”.

José Manuel Pérez Escudero Telekomunikazioko ingeniaria da Cartagenako Unibertsitate Politeknikoan, eta “Development of submillimetre wave band subsystems and packaging techniques” izeneko tesiarekin lortu du doktore-titulua. Ikerketa egonaldi bat egin zuen Fraunhofer Institutuan (Bonn, Alemania), non osagaiak diseinatzen eta haiek radar sistemetan aplikatzen egin baitzuen lan. Doktoretza-tesia egiten ari zen bitartean, ikerketa egonaldi bat egin zuen Chalmerseko Unibertsitate Teknologikoko terahertzen eta uhin milimetrikoen laborategian. Zenbait ikerketa proiektutan hartu du parte, lau artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, eta hamabi ekarpen baino gehiago egin ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Gaur egun, doktoretza ondoko ikerketa egiten ari da NUPeko Antenen Taldean.