Gonzalo Mezquita Gómezek, Nafarroako Unibertsitatean Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatuak (2008), zerbixeko minbizia (umetoki-lepokoa) tratatzeko prozedura erabilienak aztertu ditu bere doktoretza-tesian —Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurria—, bai eta gaur egun sortzen diren positibo faltsu negatiboen tasa hobetzeko egokiena zein den ere. Zehazki, ikerketaren emaitzen arabera, estadifikazioko linfadenektomia teknika kirurgikoa da egokiena, gongoil linfatikoak aztertzeko eta jatorrizko tumorea hedatu den ala ez zehazteko balio baitu.
Honako hau da doktoretza-tesiaren izenburua: “Linfadenectomía pélvica y para-aórtica en el cáncer de cérvix localmente avanzado”. Gregorio Tiberio López, Juan Carlos Muruzabal Torquemada eta Matías Jurado Chacón doktoreek gidatu dute, eta bikain cum laude kalifikazioa jaso du.
Munduan minbizi ginekologikoak eragindako heriotza-kausa nagusietako bat da zerbixeko minbizia. Prebentzio eta baheketa programek estadio goiztiarretako diagnostikoa errazten dute, baina tumore horien % 35 inguru egoera lokalki aurreratuetan diagnostikatzen dira, eta gaixoek % 40-60ko biziraupena izaten dute 5 urteren buruan.
2018an, Ginekologiako eta Obstetriziako Nazioarteko Federazioak zerbixeko minbizia sailkatzeko sistema eguneratu zuen, eta bi multzotan banatu zuen: tumore edo estadio goiztiarrak, kirurgiaz tratatzen direnak, eta tumore lokalki aurreratuak; horietarako, erradiokimioterapia erabiltzen da. Hala ere, Gonzalo Mezquitak azaltzen duenez, “sistema horretan ez zen kontuan hartzen gangoilen egoera, eta hori da pronostiko-faktore garrantzitsuena”.
Teknikak eta detekzioa
Tesiaren egileak dioenez, irudi-teknikek, hala nola eskanerrak (TAC, ordenagailu bidezko tomografia axiala) edo erresonantzia magnetiko nuklearrak (RMN), “emaitza eskasa dute kaltetutako gongoil linfatikoak hautematean, batez ere 1 cm baino txikiagoak, % 50-60tik behera detektatzen baititu”. Irudi bidezko beste miaketa-teknika batek, hots, PETak (positroien igorpen bidezko tomografia), mikrometastasiaren detekzioa hobetzen du, “baina sentikortasuna % 80-85 ingurukoa da. Horregatik, irudi-teknikek arrisku handia dute gongoil linfatiko metastatikoak ez diagnostikatzeko”.
Bere ikerketan, teknika kirurgiko horrek (linfadenektomia) diagnostiko zehatzagoak lortzeko eman ditzakeen emaitzak aztertu ditu. Pelbiseko edo aortaren inguruko gongoil linfatikoak aztertzeko kirurgia da, minbiziak eragin dien ala ez zehazteko. “Horrela, laparoskopia bidez, gangoilen egoera modu zehatz eta seguruan ezagutu dezakegu”.
Mezquita doktoreak azpimarratzen duenez, zerbixeko minbiziaren estadio aurreratuenetan, “pronostiko-faktore garrantzitsua izateaz gain, teknika horrek tratamendu egokiena zehaztasunez banakatzeko aukera ematen du. Gainera, autore askok diotenez, badirudi gongoil metastasikoen erauzketak eragin terapeutikoa duela eta biziraupen globala handitu egiten duela”.
Emaitza aipagarrienak
Gonzalo Mezquitak, bere ikerketan, egoera lokalki aurreratuan dauden zerbixeko minbizien kasuak aztertu ditu, hain zuzen 2006tik 2015era bitartean laparoskopia bidez linfadenektomia pelbikoa eta paraaortikoa egin zitzaien eta, ondoren, kimioerradioterapiarekin tratatu zirenak. Erregistratutako konplikazioak, biziraupen globala eta gaixotasunik gabeko denbora aztertu ditu. Gainera, irudi-tekniken (erresonantzia eta eskanerra) eta aipatutako teknika kirurgikoaren arteko azterketa konparatiboa egin du.
Emaitzarik nabarmenenen artean, “pelbisean gangoil-metastasiaren intzidentzia % 47,7koa izan zen maila pelbikoan, eta gongoil paraaortikoena, % 17,9koa”. Gainera, irudi-proben emaitzak baloratu ondoren (erresonantzia eta eskanerra), “ikusi dugu estadifikazioko linfadenektomia izango litzatekeela irudi-proba horietan sortzen diren positibo faltsuen eta negatiboen tasa hobetzeko prozedurarik egokiena. Kirurgia-teknika horren bidez lortzen den gongoilen azterketa histologikoa erreferentziako metodoa izan beharko litzateke, % 100eko sentsibilitatea eta espezifikotasuna ematen baitu”.
“Ondoriozta dezakegu teknika horrek gongoilen egoerari buruzko informazio zehatza ematen duela —adierazi du—, eta hori funtsezkoa da tratamendu banakatua eta egokia planifikatzeko”.
Gonzalo Mezquitak Obstetrizian eta Ginekologian egin zuen espezialitatea Nafarroako Ospitalegunean (2009-2013), eta bertan egin zuen lan 2016 arte. Urte horretan, Londresko St George Ospitalera sartu zen, eta han egon zen urtebete. Gero, Londresko Royal Free Ospitalean hasi zen, eta han ari da lanean gaur egun. Hainbat argitalpenen egilekidea da, eta hainbat ikerketa-proiektutan hartu du parte. Horretaz gain, laparoskopia ginekologikoari buruzko eskolak ematen ditu Royal Free Ospitalean.