Joan eduki nagusira

Astean hiru aldiz ariketa fisikoko 60 minutuko saio ikuskatuak egitea (ariketa aerobikoa eta indarra lantzekoa) sartu beharko litzateke gibeleko esteatosiaren (gibel koipetsu ez-alkoholikoaren) eta arrisku kardiobaskularreko faktoreen prebentziorako eta tratamendurako programetan, batez ere gehiegizko pisua edo obesitatea duten haurrentzako eta gazteentzako programetan. Hori frogatu du María Medrano Echeverría ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki defendatutako tesi honen bidez: “Effects of exercise on hepatic steatosis in children: the role of fitness”. Idoia Labayen Goñi NUPeko Osasun Zientzien Saileko ikertzaileak zuzendu du ikerketa.

zoom María Medrano

María Medrano, NUPeko doktore berria.

María Medranok esan duenez, haurren gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia handitu egin da azken hamarkadetan; hainbeste, ezen mundu mailako pandemia bihurtu baita. Obesitatea duten haurrek arrisku handiagoa dute gaixotasun kardiobaskularrak, 2 motako diabetesa eta gibel koipetsu ez-alkoholikoa izateko (NAFLD, ingelesez). Azken hori da, hain zuzen, haurren gibeleko gaitz zabalduena eta sindrome metabolikoaren osagai hepatikoa. “Ariketa fisiko gehiago eginez gero eta sasoi onean egonez gero, osasun kardiobaskular hobea izaten dute haurrek eta intsulinarekiko erresistentzia txikiagoa. Orain arte, ordea, oso informazio gutxi dago egoera eta ariketa fisikoak haurren gibeleko esteatosian duen eraginaz”, azaldu du María Medranok.

Testuinguru horretan, “bizimoduan oinarritutako esku-hartzeak funtsezkoak dira haurren gibel koipetsu ez-alkoholikoa tratatzeko”. Haatik, “ez dago aurretiazko ikerlanik aztertzen duenik ariketa fisiko ikuskatuko programa bat egiteak nolako eragina duen pubertaro aurreko neska-mutilengan, ez eta gomendio espezifikorik ere (ariketa mota, intentsitatea, maiztasuna eta iraupena) biztanleriaren sektore horrentzat”.

Familiakoen inplikazioa bizimoduan eta ariketa fisikoan

Tesiaren ondorioa da ariketa fisiko ikuskatua egiteak txikitu egiten duela haurren gibeleko koipearen portzentajea, eta ariketa fisikoa egitea eta bizimodua aldatzea estrategia eraginkorra dela haurren gibeleko esteatosiaren prebalentzia murrizteko. Gainera, egoera fisikoa hobetuz gero (bai bihotz-birikena bai indarrarena), gehiago murrizten da gazteen gibeleko koipearen portzentajea.

Hori dela eta, ikertzaileak dioenez, “haurren eta nerabeen gibeleko esteatosiaren (gibel koipetsuaren) prebentziorako eta tratamendurako programetan sartu beharko lirateke” ariketa aerobikoak eta indarra lantzekoak; zehazki, haur eta gazteek astean gutxienez 60 minutuko hiru saiotan aritu beharko lukete intentsitate ertaineko edo biziko ariketak egiten (jolas tradizionalak eta taldeko kirolak), bihotz-biriken ahalmena eta muskuluen indarra areagotzeko.

Ikerketaren arabera, familiakoak proiektuan inplikatzea ere garrantzitsua da. Izan ere, ikerketak frogatu du familian esku hartzeko programa jakin baten bidez “txikitu egin dela gibeleko esteatosia, abdomeneko eta gorputz osoko adipositatea eta intsulinarekiko erresistentzia gehiegizko pisua eta obesitatea duten nerabezaro aurreko neska-mutilen talde batean”. Osagai anitzeko programa horretan, ariketa fisiko ikuskatua egin dute partaideek 22 astez, eta bizimodu osasungarriak eta alderdi psikologikoak ere ikasi dituzte (EFIGRO proiektua). 

Azkenik, ikertzaileak dio tesiaren emaitzek “aplikazio klinikoak eta praktikoak izan ditzaketela bizimoduan eta ariketa fisikoan oinarritutako esku-hartzeak diseinatzeko garaian, hau da, obesitatearen, gibeleko esteatosiaren eta horiekin lotutako beste gaixotasun batzuen (adibidez 2 motako diabetesaren eta gaixotasun kardiobaskularren) prebentziorako eta tratamendurako programak prestatzean”.