Joan eduki nagusira

zoom María Ancín Rípodas, NUPeko doktore berria

María Ancín Rípodas, NUPeko doktore berria

María Ancín Rípodas Nekazaritzako ingeniariak (Iruñea, 1987) Trx m izeneko proteina bat identifikatu du, funtsezko zeregina betetzen duena irradiazio handiko egoeran dauden landareen fotosintesiaren erregulazioan. Proteina horri esker, landareek prozesu biokimiko hori optimizatzen ahal dute. “Fotosintesian sortutako karbohidratoak landareetan metatzen dira, batez ere almidoi forman. Almidoia, berriz, gizakien dietaren kaloria-iturri nagusia da eta industrian lehengai gisa erabiltzen da plastiko biodegradagarriak, itsasgarriak, papera edo bioetanola ekoizteko. Hortaz, oso interesgarria da zehatz-mehatz ezagutzea zein diren almidoiaren metabolismoan inplikatutako oinarrizko mekanismoak eta nola erregulatzen diren”, azaldu du ikertzaileak, zeinak lan honi esker doktoretza lortu berri baitu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).

Inmaculada Farran Blanch NUPeko IMAB Institutuko ikertzailea (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology-Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutua) zuzendari izan duen tesian, María Ancinek landareen kloroplastoetan dauden proteina batzuen zeregina ikertu du, hain zuzen tiorredoxina edo Trxs plastidialena. Kloroplastoak klorofila duten landare-zelulen organuluak dira, eta haietan egiten da fotosintesia. “Fotosintesia landareen bizi-mekanismoetako bat da; prozesu biokimiko horri esker, arnasten dugun oxigenoaz gain, jaten ditugun karbohidratoak ere sortzen dira. Karbohidrato horiek atmosferako karbono dioxidoa eta ura abiapuntu hartuta sintetizatzen dira, eta argi-energia erabiltzen dute horretarako —deskribatu du ikertzaileak—. Landareek zenbait estrategia garatu dituzte beren makineria fotosintetikoa argiaren kantitatean edo kalitatean gertatzen ahal diren aldaketen arabera doitzeko, eta, hala, prozesuaren eraginkortasuna mantentzeko”.

Landareentzat lagungarria den faktore bat

Halaber, ikertzaileak frogatu du aipatutako Trx m proteinaren gainadierazpenak (edo presentzia handiagoak) nitrogenoaren metabolismoari laguntzen diola tabako landareetan, “eta landareen hazkuntzan eta ekoizpenean nabarmen eragiten duen beste faktore bat da hori”. “Nitrogenoa klorofilaren osagai nagusia da, baita aminoazidoen osagaietako bat ere. Klorofila fotosintesirako beharrezkoa den pigmenturik garrantzitsuena da, eta aminoazidoak, berriz, ezinbestekoak dira proteinak eta funtsezko beste molekula batzuk sortzeko”, gehitu du bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesiaren egileak.

Halaber, María Ancínek beste bi tiorredoxina proteinak (Trx f eta NTRC) tabako landareen almidoiaren metabolismoan duten funtzioa aztertu du. “Bi proteina horien gainadierazpenak areagotu egiten du hostoetan metatzen den almidoi kantitatea, baina hori eragiten duten mekanismoak desberdinak dira kasu bakoitzean. Horrek erakusten du metabolismo horren erregulazioa zer konplexua den landareetan”, adierazi du.

Curriculum laburra

Bioteknologian doktoretza lortu baino lehen, María Ancínek Nekazaritzako Ingeniaritza eta Agrobioteknologiako Masterra egin zituen NUPen. Tesia egiten ari zen bitartean, ikerketa-egonaldiak egin zituen Tennesseeko Unibertsitatean (Estatu Batuak) eta Bordeleko Nekazaritzako Ikerkuntzako Institutu Nazionalean (Frantzia).

Gaur egun, ikerketa-proiektu batean ari da lanean Agrobioteknologia Institutuko Nekazaritza Jasangarrirako eta Klima Aldaketarako Laborategian; institutu hori Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) eta Nafarroako Gobernuaren arteko ikerketa-zentro misto bat da.

Bere ibilbide profesionalean, NUPen, Agrobioteknologia Institutuan, Nafarroako Gobernuan eta Villatuertako Enonatura enpresan (Viticultura y Laboratorios Enológicos S.L.) egin du lan, ikerketarako eta teknologoen prestakuntzarako zenbait bekari esker. Gainera, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren, Espainiako Gobernuaren eta Europar Batasunaren finantzaketa publikoa izan duten bost ikerketa-proiektutan hartu du parte.

Bere ikerketa-lanaren emaitza dira aldizkari zientifikoetan argitaraturiko sei ikerketa-artikulu (beste egile batzuekin batera) eta nazioko eta nazioarteko biltzarretan aurkezturiko bost komunikazio.

Bestalde, María Ancínek Ikasketen Amaierako Espediente Onenaren Aparteko Saria lortu zuen Nekazaritzako Ingeniaritzan (2010-2011 ikasturtean), eta, orobat, Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Proiektu Onenaren Aipamen Berezia 2012. urtean, Aragoiko, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ingeniarien Elkargo Ofizialak emana.