Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak, informazio standean

Ikasleak, informazio standean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ere Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ospatu du gaur, azaroak 28 (osteguna). Irakasgelategiko kafetegian, informazio stand bat jarri dute Unibertsitateko Boluntariotza Sustatzeko Programaren berri emateko, eta txokolatada egin dute, DJ Boomhead-ek hautatutako musika jamaikarraz girotua. Programa hori 2005etik dago martxan, eta Programan boluntario gisa parte hartzen duten Unibertsitateko komunitateko kide guztiak eta programan interesa duen oro zeuden gonbidatuta ekitaldira.

Gaur egun, ehun bat ikasle hasten dira batez beste urtero boluntariotzako eta nazioarteko lankidetzako jardueretan parte hartzen, eta, guztira, 500 bat lagun aritzen dira halako ekimenetan. Hildo horretatik, www.arreglandoelmundo.org webgunean kontsultatu daitezke erakundeek zer-nolako aukerak ematen dituzten boluntario-lana egiteko; izan ere, Nafarroako irabazi asmorik gabeko 60 elkarte eta entitatek baino gehiagok zer behar dituzten adierazten du NUPek webgunean. Horrela, parte-hartze aktiboa, konpromisoa eta gizartearekiko erantzunkidetasunaren eta komunitatearekiko zerbitzuaren kultura sustatu nahi ditu. Hortaz, ikasleen esku jarritako baliabide horrek aukera ematen die konpromiso soziala adierazteko eta bizitza sozialean, publikoan eta komunitarioan parte hartzeko, baita, nolabait esatearren, “herritartasunean graduatzeko” modua ere.

Aurten, lehenbizikoz, Iruñean errefuxiatuta dauden zenbait pertsonari gaztelania ikasten lagunduko diete 25 ikaslek mintzalagun gisa. Boluntariotza Programaren barruan sortu da ekimen berria, NUPen eta CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen lankidetza proiektu bati esker. Gainera, boluntariotzako jarduerak eginez elkartasun balioen inguruan sentsibilizatu nahi dira Unibertsitateko komunitateko kideak, eta ikasleentzako lankidetza-bekak eskaintzen dira urtero horretarako. Zehazki, hiru ikaslek eskuratu dute halako laguntza aurten, ikasgeletan eta sare sozialetan elkarteen premien berri eman dezaten eta ikasleak jardueretan parte hartzera anima ditzaten.

Boluntariotza sustatuz gizarteari ekarpena egitea

“Boluntariotza sustatuz, prestakuntza-prozesuan murgilduta dauden gazte konprometituak eta ilusioz beteak ematen dizkio NUPek gizarteari. Gure ikasleek boluntariotzako jardueretan parte hartzea lagungarria da beren prestakuntza osatzeko, eta herritar aktiboak, arduratsuak eta konprometituak bihur daitezen. Gure ustez, boluntario-lana egitea lagungarria da ikasleek balio etikoak zein solidarioak ikas ditzaten, eta zuzentasunaren, tolerantziaren zein errespetuaren aldeko balioak barnera ditzaten; izan ere, gizartearekiko jokabide arduratsua eta konpromisozkoa izan dezaten bultzatzen da hala, eta horrek osatu egiten du ikasleen prestakuntza akademikoa”, esan du Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak. “Boluntario-lanak, gainera, herritar edo profesional izateko funtsezkoak diren gaitasun eta trebetasun batzuk ematen dizkie ikasleei: enpatia, talde-lanean aritzeko gaitasuna, aniztasuna onartzekoa eta trebetasun sozialak; enpresek, bestalde, baloratu egiten dute ikasleek boluntariotza-esperientzia izatea”, gaineratu du.

NUPeko Boluntariotza Sustatzeko Programa Gizarte Ekintzarako Unitateak garatzen du, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzako Gizarte Ekintzaren eta Berdintasunaren Arloan.