Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamazazpi ikaslek eta Lehen Hezkuntzako 6. ikasmailako beste hainbeste haurrek, hots, García Galdeano, Vázquez de Mella (gaztelaniaz ikasten ari dira) eta Bernart Etxepare (ikasketak euskaraz egiten dituzte) ikastetxe publikoetakoek, hartuko dute parte Unibertsitateak sustatutako Urretxindorra proiektuan. Programa horren bidez, Unibertsitateko ikasleak adingabe horien mentore bilakatu dira, eta haiekin zenbait jolas eta kultura jarduera egingo dituzte eskola orduetatik kanpo. Modu horretan, aukera izango dute kultura eta gizarte topaketarako eta norberaren ikaskuntzarako espazioei bide emateko, umeei laguntza eskaintzeko eta beren burua eredu positibo gisa aurkezteko.
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan. Horrez gain, Unibertsitateko Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko UNESCO Katedrak laguntza ematen du, ikasle mentoreak prestatzeko eta mentoretza sozialari buruzko gogoetaguneak sortzeko. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da; hortaz, programa hasi zenetik, 110 mentorek hartu dute parte, eta beste horrenbeste adingabek eta hamarren bat ikastetxek atera dute onura ekimen horretatik.
Programan parte hartu duten ikasleak
Hauek dira ikasturte honetan Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten ikasleak –eta egiten ari diren titulazioa–: Amaya Tapia Abrego (Masterra Esku-hartze Sozialean), Ane Escala Iparraguirre (Gradua Soziologia Aplikatuan), Angélica Bustos González (Masterra Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketan), Asier Serrano Iriarte (Gradua Gizarte Lanean), Diana Toro Cedeño (Masterra Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketan), Diana Parra Puma (Gradua Gizarte Lanean), Dunia Lara Mindeguía (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Eugenia Bezares Fernández (Gradua Ekonomian), Izaskun Vallés Martínez (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Jonathan Aróstegui Martínez (Gradua Gizarte Lanean), Juan Pablo Marín Sánchez (Gradua Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan), Katherine Pico Molina (Gradua Gizarte Lanean), Leire López Gaztelumendi (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), María Alexandra Florea (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Nadjat Benkhelifa (Gradua Lehen Hezkuntzako Irakasletzan), Olaia Aranburu Garmendia (Gradua Soziologia Aplikatuan) eta Silvia Peña San Félix (Gradua Haur Hezkuntzako Irakasletzan).
Programak harremanetan jartzen ditu gazteak testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei: adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, Unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egingo da (haurrak eskolak zein hizkuntzatan jasotzen dituen). Unibertsitateko ikasleek prestakuntza jaso dute aurretiaz —Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko Unesco Katedraren laguntzarekin— gai hauei buruz: nola aurre egin zenbait egoerari adingabekoak tartean daudenean edo nola izan harremanak familiarekin. Laguntzeko lanean, jolas eta kultura jarduerak egiten dira, eskola orduetatik kanpo, astean bi edo hiru orduz. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak laguntza ematen die mentoretza banaka eta taldeka egiten duten Unibertsitateko ikasleei, kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.
Proiektuaren jatorria
NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza) hainbat erakunde biltzen baititu; erakunde horietatik hamasei, izan, unibertsitateak dira. Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.