Nafarroako Unibertsitate Publikoak 287.330 €-ko laguntza lortu du ekipamendu zientifiko-teknologikoa erosteko, Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako Planaren baitan egindako azken deialdian. Nafarroako taldeek 14 eskaera egin zituzten guztira, eta NUPeko proiektuek eskuratu dituzte Nafarroari eman dizkioten hirurak: bi Smart Cities Institutuaren proiektuetarako (ISC) eta beste bat NUPeko Osasun Zientzien Sailaren proiektu baterako.
Deialdiaren helburua azpiegitura zientifiko-teknikoak eguneratzea eta kalitate oneko ikerketa bultzatzea da. Mila proposamen inguru aurkeztu zituzten deialdi honetara. Laguntzen parte bat Europar Batasunak finantzatzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez (EGEF), eskatu diren ekipoen kostu osoaren % 50 zehatz-mehatz; beste erdia Unibertsitateak finantzatuko du, eta Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-Teknikoaren bidez (ILAZT) kudeatuko du ekipoen erosketa, instalazioa eta erabilera.
NUPek proposatutako proiektuetako bat denboraren eremuko terahertzen espektroskopia-sistema bat da. Miguel Beruete Díaz ISCko ikertzaileak aurkeztu zuen proposamena, eta 89.935 € jaso ditu. Erabilera asko ditu sistemak, hauek besteak beste: substantzia biomedikoen eta nekazaritzako elikagaien espektroskopia, azterketa plastikoa, pintura- eta estaldura-geruzen loditasuna neurtzea, industriako kalitate kontrola, proba ez-suntsitzaileak egitea, materialak ikertzea, gasak detektatzea eta abar. Sistema hori erosita, hobetu egingo da I+G arloko teknologiaren lehiakortasuna eta Nafarroaren teknologia-transferentzia, baita haren mugakide diren autonomia-erkidegoena ere.
Beste proiektu bat zirkuitu fotoniko integratuak garatzeko laborategi bat da (LabPIC izenekoa), litografia eta geruza atomikoen deposizio bidezko teknikak darabiltzana. ISCko ikertzaile batek eskatu du hori ere, Ignacio Matías Maestro katedradunak, eta 140.556 € lortu ditu. Ekipamendu horrek modua emango du prestazio handiko gailuak optimizatzeko, adibidez zirkuitu fotoniko integratuak optimizatzeko, hainbat funtzio egin ditzaketen gailuak baitira. Laborategi horretan sortzen den jakintzari esker, ekipamendua garatuko dute industria fotonikorako, komunikazioetarako, bioingeniaritzarako eta beste arlo batzuetarako.
Hirugarren proiektua adinekoen erorikoak eta hezurren hauskortasuna baloratzeko unitate bat da, eta halakoak saihesteko adinekoek egin beharreko ariketa fisikoa ere kalkulatuko du. Mikel Izquierdo Redín katedradun eta NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak proposatu du proiektua, eta 56.839 € jasoko ditu. Laborategi horrekin unitate bat garatu nahi dute, bai 70 urtetik gorakoen erortzeko arriskua eta haien hezurren hauskortasuna baloratzeko, bai haien baheketa egiteko, bai eta ariketa fisiko egokia agintzeko ere, adinekoek ahalik eta autonomia handiena izan dezaten.