Diego Sesma Martín ekonomialariak (Logroño, Errioxa, 1989) Espainian energia termoelektrikoa sortzeko zenbat ur geza behar den ikertu du; izan ere, zentral termoelektrikoek elektrizitate guztiaren % 55 sortzen dute Espainian, eta mendekotasun zuzena dute, beraz, urarekin; haatik, Espainia da Europako herrialde idorrena. Halako zentralek, besteak beste, ikatza, fuel-olioa, uranioa eta gas naturala erabiltzen dituzte erregai gisa, baina ur kantitate handia ere behar izaten dute funtzionatzeko, hozteko baliabide gisa nagusiki. Ikerlan hori ikertzailearen doktoretza-tesian dago jasota, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu baitzuen. Ikerlanaren arabera, Espainiako zentral termoelektrikoen funtzionamenduaren ondoriozko ur-aztarna (lurrundu den ur bolumena, hots, galdu den ura) “ez da hain esanguratsua beste produkzio jarduera batzuek ur baliabideetan duten inpaktuarekin konparatuz gero, adibidez nekazaritzak eta ureztapenak duten inpaktuarekin alderatuta”. Hala ere, zentralek ur “dezente” hartzen dute funtzionatzeko. “Ibaiaren ibilgutik hartzen den ur bolumen horren parterik handiena ez da lurruntzen, baina ezinbestekoa da zentraletako sistemek funtziona dezaten. Hain da beharrezkoa ezen, zentralek ur aski izango ez balute, jarduera txikitzera behartuta egongo bailirateke, eta baita agian ixtera ere; gainera, eragina izango luke beste erabilera batzuetarako ur-horniketan”, dio ikertzaileak.
“Gogoan izatekoa da ur geza gehien erabiltzen duten jardueren artean energia termoelektrikoa sortzekoa bigarrena dela nekazaritzaren atzetik. Ur bolumen handia edukitzea, beraz, erabakigarria da; zeren eta, ibaian ur aski ez badago, baliteke zentralak funtzionamendua txikitzera behartuta egotea, eta baita itxi behar izatea ere —ohartarazi du adituak—. Gainera, zentralek behar duten ura hartzeak ondorio nabarmenak izango lituzke ur-horniketa orokorrean, eta beharbada ezingo litzateke ura beste jarduera batzuetarako erabili ur gutxi dagoen lekuetan”.
Zentra nuklearrak, ur gehien erabiltzen dutenak
Doktoretza-tesian, zentral termoelektriko motak konparatu ditu Diego Sesmak, energia sortzeko erabiltzen duten ur kantitatea irizpidetzat hartuta. María del Mar Rubio-Varas NUPeko Ekonomia Saileko irakasle eta INARBE institutuko ikertzailea (Institute for Advanced Research in Business and Economics) izan da tesiaren zuzendaria. Konparazioaren emaitzen arabera, zentral nuklearrek erabiltzen duten ur gehien; bigarrenik, erregai gisa ikatza darabilten zentral termikoek; eta, hirugarrenik, gas naturaleko eta ziklo konbinatuko zentralek. “Hori baieztatzen du teknologia motaren araberako ur-estrakzioen eta -kontsumoen epe luzeko bilakaerak —dio ikertzaileak—. Izan ere, trantsizioa egingo balitz uranio bidez sortutako elektrizitatetik beste teknologia batzuen bidezkora, dezente txikituko litzateke ur-kontsumoa eta -estrakzioa. Eta are gehiago txikituko litzateke ur kontsumoa, baldin eta hozteko sistema hezeak —zentralak uraren bidez hozten dituztenak— erabili beharrean, sistema lehorrak —airearen bidezkoak— erabiliko balira. Neurri horiek guztiak baliagarriak dira etorkizunean ur eskasiari aurre egin behar bazaio”.
Espainiak mendekotasun handia du energia termikoarekiko, eta Europako herrialde idorrena da gainera; halere, “ez dago azterketa zehatzik zentral termikoetatik datorren energia elektrikoa produzitzeko erabiltzen den ur gezaren bolumenari buruz”. “Espainian oso mugatuak dira elektrizitatea sortzeko behar den ur bolumenari buruzko estatistika publiko ofizialak, eta oinarri sendorik gabeak ere badira zenbait kasutan —dio Diego Sesmak—. Are gehiago, informazio iturri horiek batzuetan ez dituzte behar bezala baliatzen energia termoelektrikoa produzitzeko uraren erabilerei buruzko terminoak —ur-estrakzioa eta ur-kontsumoa—, eta ez dute zehazten halako balioak kalkulatzeko zer metodologia erabili duten. Horren ondorioz, oker interpretatu daitezke datuak, eta, beraz, oztopo dira energia termoelektrikoa produzitzeko ur beharrak behar bezala kalkulatzeko”.
Hori dela eta, Diego Sesmaren doktoretza-tesiak falta diren datuetako batzuk ematen ditu, eta hasierako kalkulu batzuk eskaintzen ditu Espainian energia termoelektrikoa produzitzeko behar den ur gezaren bolumenari buruz. “Ikerketan, Espainiako zentral nuklearrek egindako ur gezaren estrakzioen eta kontsumoen serie historikoak kalkulatzen dira —hau da, ur-aztarna delakoa—, bai eta Ebroko arroko zentral termikoenak ere, azken horietan sortu baita elektrizitate gehien 1969tik gaur egun arte”, azaldu du nazioarteko aipamena duen tesi-doktoretza honen egileak.
Curriculum laburra
Diego Sesmak Ekonomiako lizentzia egin zuen NUPen, eta Ekonomiako Masterra Zaragozako Unibertsitatean. Gero, doktoretza-tesia egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren beka baten bidez.
Doktoretza aurreko ikaslea zela, ikerketako egonaldiak egin zituen Lundeko Unibertsitateko Historia Ekonomikoaren Sailean (Suedian) eta Uraren eta Ingurumenaren Dokumentazio Zentroan (Zaragozan). Espainiako eta nazioarteko biltzarretan ere hartu du parte, besteak beste Historia Ekonomikoaren Munduko Biltzarrean (Boston, AEB), Gizarte Zientzien Historiari buruzko Europako Konferentzian (Belfast, Ipar Irlanda), Eskualdeetako Zientziari buruzko Nazioarteko Biltzarrean (Sevilla) eta Uraren Kudeaketari eta Planifikazioari buruzko Biltzarrean (Valentzia).
Zenbait workshopetan ere ibili da: Ekonomia eta Enpresa gaien Ikertzaile Gazteen VI. Workshopeko batzorde zientifikoko kide izan zen iaz Teruelen, eta Uraren, Energiaren eta Elikagaien arteko Lotura izeneko workshopa antolatu du aurtengo udan NUPen.
Gainera, Espainiako Gobernuak finantzatutako ikerketa-proiektu batzuetako lantaldeetan aritu da. Azkenik, hiru ikerketa artikulu argitaratu ditu doktoretza-tesiaren harira “Water”, “Ecological Economics” eta “Water Policy” nazioarteko inpaktu handiko aldizkari zientifikoetan.