Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bederatzi jarduera antolatu ditu azaroan zehar Iruñean eta Erriberrin, doakoak eta jende guztiari irekiak, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteen XIX. edizioa dela-eta. Nafarroako hiriburuko programa Planetarioan garatuko da, eta, besteak beste, honako hauek hartuko ditu barne: topaketa bat Jose Luis Crespo eta Sandra Ortonobes youtuberrekin (fisikari buruzko Quantum Fracture kanalaren sortzailea eta biomedikuntzari buruzko La Hiperactina kanalaren egilea, hurrenez hurren) , "Yo quiero ser científica" antzezlana, "Hiru minutuan" lehiaketaren finala, "Zientzia zaletasuna" azoka eta dibulgazioko hiru hitzaldi (bideo-jokoei, irrati-astronomiari eta energia berriztagarriei buruz). Horrez gain, Erriberrin "Begi elektronikoa” izeneko argazki erakusketa eta mikroskopiari buruzko hitzaldi bat izanen dira. Azkenik, hamargarren jarduera Instagram sare sozialaren bidez eginen den zientzia eta teknologiari buruzko argazki lehiaketa da, #UPNAInvestiga izenekoa eta NUPeko unibertsitateko komunitateari zuzendua (ikasleak, irakasleak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak, eta "alumni").
Jarduera horiek herritarren artean kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren inguruan sentsibilizatzea dute helburu, eta honako hauen lankidetza jaso dute: Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) - Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioa, NUPeko ikerketa institutuak, Iruñeko Planetarioa, Erriberriko Udala (“NUP antenak" ekimenaren bidez) eta Nafarroako RNE, besteak beste. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du programa (Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez). Ekitaldien eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.
Nafarroako Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteen XIX. edizioak jarduera ugari biltzen ditu, erakunde sustatzaileek antolatuak, eta azaroan eginen dira. Inaugurazioa ostegunean izanen da, hilak 7, 17:30ean, Iruñeko Gaztelu Plazan, jende guztiari irekitako zenbait erakustaldi zientifikorekin. NUPeko eta Navarrabiomedeko (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroa) zenbait ordezkarik hartuko dute parte erakustaldi horietan.
Iruñean eginen diren jarduerak


Energia berriztagarrien hitzaldiko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera: Miguel Araiz, Pablo Sanchis eta Alberto Berrueta ikertzaileak.
NUPek Iruñean eginen dituen jarduerak hilaren 7an (osteguna) hasiko dira, 17:00etan, Planetarioan, "Sozializazioa bideo-jokoen bidez" izeneko mahai-inguruarekin. Zenbait espezialistak kontatuko dute bideo-jokoen bidez zer-nolako harremanak izaten diren eta zer problema sortzen ahal dizkieten gazteei. Honako hauek hartuko dute parte: kirol elektronikoetako adituak (e-sports), jokalari elkarteetako pertsonak, bideo-jokoen garatzaileak eta hezitzaileak. Ondoren, 18:30etik aurrera, e-sports erakustaldi bat izanen da “Leage of Legends” jokoko probintziako txapeldunekin. Sarrera librea izanen da, baina izena “online” eman behar da aldez aurretik. NUPeko I-COMMUNITAS Institutuak, Pauma S.L. / Hezi Gamer enpresak (gizarte eta hezkuntza baliabideen kudeaketa) eta New Age Learning elkarteak antolatu dute ekitaldi hori.
Egun bat geroago, azaroaren 8an (ostirala), 19:30etik aurrera eta sarrera librea dela, topaketa bat izanen da Planetarioan zientzia umorez eta zorroztasunez zabaltzen espezializatutako bi youtuberrekin: José Luis Crespo (fisikan espezializatutako Quantum Fracture kanalaren arduraduna; ia bi milioi harpidedun biltzen ditu) eta Sandra Ortonobes (biomedikuntzaren mundua ezagutzera ematen duena La Hiperactina kanalaren bidez; ia 100.000 harpidedun ditu). NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzako Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria den Joaquín Sevilla Moróder irakasleak aurkeztuko ditu biak.
Hurrengo egunean, azaroaren 9an (larunbata), "Zientzia zaletasuna" azoka eginen da Planetarioan. Bertan, erabiltzen dituzten materialak, makinak eta tresnak erakutsiko dituzte diziplina zientifiko eta teknologiko batzuen zale diren eta elkarteetan antolatuta dauden zenbait pertsonak. Hala, espazioarekin, elektronikarekin, energia berriztagarriekin edota itsas modelismoarekin lotutako elementuak ikusten ahalko dira, besteak beste. Jende guztiari irekita dagoen jarduera horretarako sarrera doakoa izanen da, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era eginen da.
Datorren astean (zehazki, azaroaren 12an, asteartea), 19:00etatik aurrera eta Planetarioan, irrati-astronomiaren egungo erronkei buruzko hitzaldi bat eginen da. Sarrera librea izanen da. Zientzia horrek zeruko gorputzek igortzen dituzten irrati-uhinak detektatu eta aztertzen ditu, eta horrek Unibertsoa aztertzeko aukera ematen du. Cristina Garcia Miró fisikariak emanen du hitzaldia. Herbehereetan egiten du lan, munduko irrati-teleskopiorik handiena eraikitzeko SKA ("Square Kilometer Array") proiektu zientifiko eta teknologikoan.
Bi egun geroago, azaroaren 14an, osteguna, “Hiru minutuan” lehiaketaren finala eginen da. Ikasketa amaierako lanen edukia espezializatua ez den publiko bati 180 segundoan hobekien azaltzen dioten NUPeko graduko eta masterreko ikasleak saritzea da lehiaketa horren xedea. Lehiaketak 1.000 € banatzen ditu saritan. Finalean, epaimahaiaren aurrean hiru minutuko bakarrizketak aurkeztuko dituzte lehiakideek, eta sarrera librea izanen da mota orotako publikoarentzat. Ekitaldi hori Planetarioan eginen da 19:00etatik aurrera.
Hurrengo hitzordua azaroaren 15ean izanen da (ostirala). Egun horretan, energia berriztagarriei buruzko hitzaldi bat dago programatuta; izenburua: "Energia-kontsumoa eta energia modu jasangarrian sortzea. Nola gainditu petrolioari diogun mendekotasuna”. Miguel Araiz Vega eta Alberto Berrueta Irigoyen NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaile (ISC) eta “Energía sostenible sin malos humos” liburuaren egileek gure eguneroko ekintzen energia-kontsumoa azalduko dute, baita gure energia iturri berriztagarrietatik sortzeak izanen lukeen kostua ere. Ekitaldia 19:30ean hasiko da Iruñeko Planetarioan. Sarrera librea izanen da. Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendariak aurkeztuko du hitzaldia (ISCko ikertzailea da bera ere).
Planetarioan, halaber, azaroaren 16an (larunbata), NUPeko bederatzi ikertzailek “Yo quiero ser científica” antzezlana taularatuko dute, non aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren lana eta bizitza aurkeztuko duten. Irakasle horiek sortu eta interpretatzen duten antzezlanak ikusgarritasuna eman nahi die emakume zientzialariei, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen, eta inspirazio iturri gisa har ditzaten. Ikuskizuna jende guztiari dago irekita (8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei batez ere). 19:00etan hasiko da eta sarrera librea da.
Argazkiak Erriberrin eta Instagramen
Erriberriko Kultur Etxean “Begi elektronikoa” erakusketa egonen da ikusgai. Erakusketa horretan, ekorketazko mikroskopio elektroniko batekin ateratako berrogeita hamar argazki baino gehiago daude, egunero ikusten ditugun gauzen irudi harrigarriak, 4.000 bider ere handituak (intsektuak, landareak, konposatu kimikoak, mikrofosilak, boligrafoak, txanponak eta abar). Erakusketa doan ikus daiteke azaroaren 19tik abenduaren 12ra arte.
Erakusketa inauguratzeko, asteartean bertan, azaroaren 19an, dibulgazioko hitzaldi bat izanen da, "Nola funtzionatzen du mikroskopioak?" izenburupean. Hitzaldia 19: 00etan hasiko da, eta sarrera librea izanen da. Arestian aipatutako Joaquin Sevilla irakaslea eta argazkien egilea eta NUPeko Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoko (ILAZT) teknikaria den Jose Javier Vesperinas Oroz izanen dira hizlariak. Ekitaldian, bertaratzen direnek telefono mugikorrarekin mikroskopio bat egiten ikasiko dute, eta argazki erakusketa ikusteko bisita gidatua eginen dute.
NUPek prestatutako jarduera hau ere argazkiei buruzkoa da: zientziari eta teknologiari buruzko argazki lehiaketa, #UPNAInvestiga izenekoa. Haren oinarrien arabera, NUPeko unibertsitateko komunitateko edozein kidek gai horren inguruko irudiak argitaratzen ahal ditu Instagram sare sozialean. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Unibertsitateko webgunea.
Gainera, Navarrabiomedek bisita gidatuak antolatu ditu Nafarroako Ospitalegunean dagoen ikerketa biomedikoko zentro horretara. Azaroaren 6an (asteazkena) (16:30ean, ikasleentzat) eta 14an (osteguna) eta 15ean (ostirala) (11: 00etan) izanen dira. Interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena. Halaber, asteartean, hilak 12, 18:30ean, Maite Mendioroz Iriarte Navarrabiomedeko Neuroepigenetika Unitateko ikertzaile nagusiak hitzaldi bat emanen du erakunde horren ekitaldi-aretoan Alzheimerren gaixotasunaren diagnostikoan aurrerapausoak bilatzen dituen IBEAS proiektuari buruz. Sarrera librea izanen da. Erakunde horren programa Internet bidez kontsulta daiteke.
Azkenik, NUPekin elkarlanean aritzen den Dictel elkarteak (Lizarrako Zientziaren eta Teknologiaren Zabalkunderako Elkartea) robotika lehiaketa bat antolatu du Ega hiriko María de Vicuña Gazteriaren Etxean larunbaterako, hilaren 16rako, arratsaldeko 17:00etatik aurrera (minisumoa eta eskornabotak). Sarrera librea izanen da. Esteka honetan duzue informazio gehiago: http://bit.ly/36lF9P9
Zientziaren Asteen programa osoa
Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean kontsulta daiteke NUPek antolatutako jarduera guztien programa osoa —Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) finantzatu du—, eta Nafarroan eginen diren gainerako jarduerak, berriz, Zientziaren Lagunen Klubaren webgunean daude eskuragarri.
Foru Komunitatean, Zientziaren Lagunen Kluba, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea izan dira Zientziaren Asteen XIX. edizioaren sustatzaileak. Horrez gain, Nafarroako beste enpresa eta erakunde batzuek zenbait jarduera antolatzen lagundu dute.