Joan eduki nagusira

zoom Amaia Garacochea Sáenz, lehiaketaren irabazlea

Amaia Garacochea Sáenz, lehiaketaren irabazlea

Amaia Garacochea Sáenz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologietako Ingeniaritzan gradudun eta Industria Ingeniaritzan masterdunak irabazi du energia berriztagarriei buruzko ikasketa amaierako lanen V. poster lehiaketa. Antolatzailea APERNA izan da, Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea, lotura estua baitauka NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin.

Irabazleak, aurkeztutako ikerlanean, aztergai izan zuen nolako bideragarritasuna duen sorgailu termoelektriko bat erabiltzeak monitorizazio-estazio bat energiaz hornitzeko, eta hari esker 300 euroko saria irabazi du. Bestalde, Iñaki Ojer Palacios Industria Teknologietako Ingeniaritzan gradudun eta Industria Ingeniaritzan masterdunak eskuratu du bigarren saria, autobus elektrikoak kargatzean sarearen potentziaren kontrola kudeatzeko zenbait estrategia garatzeagatik.Horri esker, 150 euroko saria jaso du.

Lanen edukia eta finalistak

Irabazlearen master amaierako lana gidatu duten irakasleak Eugenio Gubía Villabona (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailekoa) eta David Astrain Ulibarrena izan dira (Ingeniaritza Sailekoa), NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak biak. Master amaierako lan horretan, bi elementu uztartzen dituen sistema bat diseinatu da: sorkuntza termoelektrikoa, batetik, eta LoRa teknologian oinarritutako hari gabeko eta kontsumo txikiko komunikazio-sistema berri bat, bestetik.

Irabazlea eta finalistak. Eskerretik eskuinera, Juan Gutiérrez Sáenz (finalista), Sergio Martínez Abad (finalista), Iñigo Galar Labayen (finalista), Elisa Braco Sola (APERNAren lehendakariordea), Amaia Garacochea Saenz (irabazlea), Iñaki Ojer Palacios (bigarren sailkatua), Adrián Soto Cabria (APERNAren lehendakaria), J. Ignacio de Miguel Valencia (finalista) eta Diego Astrain Azcona (finalista).Horri esker, “sistema autonomo, sendo eta ingurumenarekiko begirunetsua lortu da, zeinak itxaropenezko irtenbidea eman baitio Teideko La Fortaleza begiratokiko monitorizazio bolkanikorako estazioari (Kanaria Uharteak)”, lehiaketaren antolatzaileen arabera. Lan horrek erakutsi duenez, “termoelektrizitatea erabiltzea bideragarria da halako aplikazioetan, eta frogatu egin dira sorkuntza-teknologia horrek dituen abantailak”, erantsi dute. Nabarmentzekoa da, aurreko komunikazio-sistemarekin alderatuta, egileak diseinatutako sistema berriak % 98 murriztu duela estazioaren energia-kontsumoa datuen telemetriari dagokionez, eta, horrela, haren elikadura-sistema optimizatzea lortu duela, ikerlanean jaso den moduan.

Iñaki Ojerren kasuan, Alberto Berrueta Irigoyen eta Julio María Pascual Miqueleiz Smart Cities Institutuko ikertzaile (ISC) eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak izan zituen lanaren zuzendari. Lan horren aztergaia % 100 elektrikoak diren villavesak kargatzeko estrategia desberdinak izan ziren, kargagunean bateria bat integratzeko aukera ematen dutenak, sareari eskatu beharreko potentzia murrizteko helburuz. “Murrizketa horri esker, elektrizitatearen faktura ere murriztuko litzateke, energia-banatzailearekin kontratatutako potentzia gutxiagotuz eta horrela instalazioaren errentagarritasun globala areagotuz”, lanean adierazten denez.

Bi irabazleez gain, hauek izan ziren finalistak: Jesús Ignacio de Miguel Valencia, Sergio Martínez Abad, Iñigo Galar Labayen, Diego Astrain Azcona eta Juan Gutiérrez Sáenz. Mahaikideak, bestalde, hauek izan ziren: Luis María Marroyo Palomo Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedraduna, Álvaro Martínez Echeverri Ingeniaritza Saileko irakaslea eta Ioseba Erdocia Zabala doktoretzako ikasle eta APERNAren zuzendaritza-batzordeko kidea.

Lehiaketa eta elkartea

Urteroko lehiaketa honen helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea da, beren gradu amaierako edo master amaierako lanen laburpena den poster bat prestatuz. Nafarroako Gobernuak eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak lagundu dio diruz jarduera honi.

APERNA elkartearen helburua energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin egiten du lan, ikasleen parte-hartzea edukiko duten jarduerak antolatzeko.