Larrialdietako anbulantzietan lan egiten duten osasun arloko profesionalek “ez dituzte behar bezala” garbitzen eskuak, eta beren laneko arropa “haien etxeetan garbitzen dute baldintza egokirik gabe. Hortaz, haien garbiketa desegokia da”. Profesional horiek dituzten lan arriskuetako batzuk dira Tania Arenal Gotak (Iruñea, 1988) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesiaren arabera. Urgentzietan eta larrialdietan espezializatutako erizaina da, eta goi mailako teknikaria lan arriskuen prebentzioan. “Larrialdietako anbulantzien eta langileen balorazio jarraitua egin behar da, halako eran non ikerketa eta etengabeko berrikuntza sustatu eta bai profesionalek eta bai gaixoek izan ditzaketen arriskuak aurreikusiko diren beti”, esan du ikertzaileak.
Osasun arloko profesionalek dituzten laneko arriskuak psikologiaren eta gizartearen, higienearen, ergonomiaren eta segurtasunaren ikuspegitik ikertzeko, Foru Komunitateko Larrialdietako Garraio Sarean integratutako berrogei anbulantzietan oinarritu da Tania Arenal (horietako 35, oinarrizko bizi-euskarrikoak eta gainerako bostak, bizi-euskarri aurreratukoak). Zehazki, eskuak eta laneko arroparen garbiketa aztertu ditu higieneari eta segurtasunari buruzko ikerketak. “Nafarroan egin den gisa honetako lehen ikerketa da, eta erakusten du osasun arloko garraioko profesionalen % 18,81ek garbitzen dituela eskuak. Ehuneko hori ospitaleen arloko ehunekoa baino txikiagoa da, azken hori % 30etik % 50era bitartekoa baita”, esan du tesiaren egileak.
Ikertzailearen arabera, jokabide horren zergatikoen artean daude “lan karga handia, faktore kognitiboak eta infekzioen kontrolari buruzko neurrien ezagutzan dauden hutsuneak, hala nola eskuetako higienea edo eskularruen erabilera desegokia “. “Eskuetako higienea sustatzea nahitaezkoa izan behar da. Nazio mailan eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak garatutako gaixoarentzako arreta ziurreko estrategiak bultatzen du, eta praktika gidaliburuetan ezarritakoari eta ebidentzian oinarritutako gomendioei jarraitzen die. Prestakuntza eta material egokia edukitzea garrantzitsuak lirateke etorkizuneko hobekuntzetarako”, erantsi du.
Uniformeak garbitzeko protokoloa
Halaber, Tania Arenalek esan du “nahitaezkoa dela uniformeak garbitzeko protokolo bat lortzea, eta enpresak gauzatu dezala bere tamaina eta titulartasuna alde batera utzita”. “Oso garrantzitsua da profesional horiei prestakuntza aldian, lanean hasi baino lehen irakastea zein izango litzatekeen uniformeak garbitzeko modu egokiena”, esan du doktoretza-tesiaren egileak. Tomás Belzunegui Otano izan da tesiaren zuzendaria (NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle elkartua eta Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako eta Ospitaleratzeko zuzendariordea).
Ergonomiaren ikuspegitik, ikertzaileak egiaztatu du profesionalen gerrialdeak ez, baizik eta hankek jasaten dutela gehien gaixoaren pisua anbulantziatik jaistean. Horregatik, desplazamenduaren norabidean jaisteak “jaitsi egiten du hanken azelerazioa” (eta, hortaz, ahalegin fisikoa). Beraz, jarrera hori da “ergonomikoki onena”. “Gaixoaren jaitsieran esperientzia eta trebetasuna gaitasun fisikoa baino garrantzitsuagoak baitira, prebentzio estrategia integratu behar dira profesionalen prestakuntza programetan”, esan du Tania Arenalek. Urgentziazko garraiorako aulkiak garatzearen alde dago Arenal, “aulki erabilgarriak, arinagoak eta espazio mugatuetan erabiltzeko modukoak, eta horrek nabarmen jaitsiko luke ospitaletik kanpoko langileek egindako ahalegin fisikoa”.
Azkenik, ikuspegi psikozialetik, Tania Arenalen tesiaren emaitzek erakusten dute kontratu mota dela neke emozionalari gehien eragiten diona, halako eran non nekea txikiagoa baita langilea funtzionarioa denean, eta unadura profesionala edo neke emozionalaren sindromea handiagoa osasunaren pertzepzio okerragoa badauka langileak (“burnout” izenekoa).
“Gaixoei arreta hobea ematea eta osasun zerbitzu hobeak ematea ezin da izan alderdi teknikoen, administratiboen edo bitartekoen zuzkiduraren araberakoa soilik. Giza faktorea da ordezkatu ezin dena osasun laguntzan. Hortaz, larrialdietako anbulantzietako profesionalek dituzten arriskuak etengabe berrikusi eta berritu behar dira kontrolatzeko eta gutxitzeko ahal den neurrian. Horretaz gainera, langileen prestakuntza funtsezkoa da arriskuak murrizteko”, esan du ikertzaileak amaitzeko.
Curriculum laburra
Doktoretza titulua lortu baino lehen, Tania Arenalek Erizaintzako diploma lortu zuen NUPen, eta bi graduondoko ere egin zituen: Master Ofiziala Lan Arriskuen Prebentzioan (espezialitate hauekin: Segurtasuna, Ergonomia, Psikosozialak eta Higienea) eta Unibertsitateko Aditua titulua Larrialdietarako Osasun Laguntzan. Horretaz gainera, Urgentzietako, Larrialdietako eta Kritikoetako Master Ofiziala eta Ospitaletik kanpoko Urgentzia eta Larrialdietako Erizaintzako Aditu Ikastaroa egin zituen Madrilgo Europar Unibertsitatean.
NUPeko doktore berriak hamar urteko lan esperientzia du erizain gisa. Egun, bai Osasunbideko bai Alerta Servicios Sociosanitarios enpresako anbulantzietan egiten du lan hori.
Ikertzaile gisa, zortzi ikerketa artikuluren egilea da, eta ponentziak aurkeztu ditu ia hogeita hamar biltzarretan (horietatik zortzi nazioartekoak ziren).