Mikrobioen aurkako estaldura jangarriekin tratatutako arrain freskoaren bizitza komertziala luzatu egiten da aldez aurretik manipulazio higieniko bat edo azaleko desinfekzio prozesu bat egiten bazaio. Hori egiaztatu du Víctor Oswaldo Otero Tuárez (Manta, Ekuador, 1972) Manabíko (Ekuador) Eloy Alfaro Unibertsitate Laikoko irakasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Arrantzatik eratorritako produktuen kontserbazioa nola hobetu izan da bere ikerketaren aztergaia.
“Legatz-medailoi freskoen kalitate mikrobiologikoa hobetu nahi nuen, eta, horretarako, bi estrategia desberdin ikertu nituen nire tesian —azaldu du Víctor Oswaldo Oterok, zeinak cum laude kalifikazioa lortu baitu bere doktoretza-tesian—. Estrategia horiek izan ziren, alde batetik, estaldura jangarri bat aplikatzea, esne-gazuraren proteina isolatu batean oinarritua eta oreganoko olio esentziala edo carvacrola gehituta, eta, bestetik, hasierako mikrobio-karga murriztea manipulazio egokiak aplikatuz eta sodio hipokloritodun azaleko tratamendu bat emanez”.
Ondoren, ikertzaileak hiru saiakuntza esperimental egin zituen arrain freskoarekin. Arrain fresko hori asepsia baldintza desberdinekin manipulatu zen prozesatze fasean. “Horren ondorioz, hasierako hiru egoera izan genituen, mikrobio-karga desberdinekin —gehitu du—. Egiaztatu genuen mikrobioen aurkako estalduren eraginkortasuna askoz ere handiagoa zela arrainaren hasierako mikrobio-karga oso txikia zenean, eta horrek bi teknologien arteko efektu sinergikoa erakusten du”.
Mikrobioen aurkako film jangarri berriak
Gero, Víctor Oswaldo Oterok mikrobioen aurkako film jangarri berri batzuk garatu zituen. “Estaldura jangarri berri horiek egiteko arrain-gelatina erabili nuen, eta elikagaien kontserbagarri bat gehitu nuen mikrobioen aurkako agente gisa, hain zuzen etil laurol arginato edo LAE delakoa. Arrain-gelatina baliatuz egindako film jangarrietan LAE kontserbagarria gehitzeak propietate mekanikoak hobetu zituen, eta mikrobioen aurkako propietateak gehitu. Horrenbestez, mikrobioen aurkako film jangarri hauek arrantza-industrian aplika litezke arrain freskoaren kalitate mikrobiologikoa hobetzeko”, esan du Juan I. Maté Caballero eta Idoya Fernández Pan zuzendari izan dituen doktoretza-tesiaren egileak. Juan I. Maté Caballero NUPeko katedraduna eta Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko ikertzailea da (IS-FOOD) eta Idoya Fernández Pan, berriz, Donostiako Basque Culinary Center-eko Berrikuntzako koordinatzailea.
Azkenik, ikertzaileak esne-gazuraren proteina isolatua eta arrain-gelatina erabili zituen film jangarriak garatzeko, eta itsas mihiluaren aterakina baliatu zuen mikrobioen aurkako agente gisa. “Lortutako aterakinaren propietateei dagokienez, itsas mihiluaren landareen deshidratazio motaren eta erabilitako disolbatzaile motaren efektua ebaluatu zen, baita itsas mihiluaren aterakinaren edukiak film jangarrien propietate teknologikoetan zuen efektua ere. Ondorio gisa, esan daiteke aterakinek gaitasun antioxidatzailea eman zutela, eta, hortaz, aukera ona izanen liratekeela elikagaien kalitatea kontserbatzeko”, defendatu du ikertzaileak.
Curriculum laburra
Víctor Oswaldo Otero Arrantza Biologian graduatu zen Manabíko Eloy Alfaro Unibertsitate Laikoan. Ondoren, NUPera joan zen, non, Ekuadorreko Errepublikaren Gobernuko Goi Hezkuntzako, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Idazkaritzako beka bati esker, Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologiako eta Kalitateko Unibertsitate Masterra eta Nekazaritzako Elikagaietako Doktoretza Programa egin baitzituen bata bestearen ondoren. Gainera, Hezkuntzan Aplikaturiko Teknologia Berrien Unibertsitatearteko Masterra egin zuen, Alacanteko Unibertsitateak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateak emandakoa. Bere doktoretza-tesiaren ondorioz, artikulu bat argitaratu du eragin handiko ikerketa aldizkari batean eta hiru txosten aurkeztu ditu nazioko eta nazioarteko biltzar zientifikoetan.
Bere lan ibilbideari dagokionez, Víctor Oswaldo Oterok zenbait lan izan ditu Ekuadorren: ikerketako teknikaria Akuakulturako eta Itsas Ikerketetako Zentro Nazionalean (CENAIM-ESPOL), irakaslea Ekuadorreko Pontifize-Unibertsitate Katolikoan (Manabí eskualdeko egoitzan), prestatzailea Akuakulturako eta Arrantzako Ministeriordetzako Arrantza Baliabideetarako Idazkariordetzan, eta irakasle titular nagusia Manabíko Eloy Alfaro Unibertsitate Laikoko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zientzien Fakultatean. Azken horretan eszedentzia hartua du orain NUPeko doktoretza ikasketak direla-eta.