Carola Sbriziolo Espainiar Literaturako irakasleak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailari atxikiak, Tirso de Molina madrildar antzerkigile eta poetaren “Esto sí que es negociar” lanaren edizio kritiko bat egin du. NUPek editatu du argitalpena, eta Unibertsitatearen “online” dendaren bidez eros daiteke bai liburu moduan eta bai pdf formatuan.
“Esto sí que es negociar” komedia palatino bat da (Espainiako Urrezko Mendeko antzerkiaren azpigenero bat), Tirso de Molinak (Madril, 1635) “Comedias” lanaren “Segunda parte” atal polemikoan sartutakoa. Interes nabarmeneko lana da; izan ere, mesedetako elizgizonak antzeko beste obra bat idatzi zuen, ekintza, pertsonaia eta mekanismo dramatiko berberak erabiliz: “El melancólico”, “Primera parte” atalean argitaratua (Sevilla, 1627).
1635ean inprimatutako lehen edizioa oinarrizko testu moduan hartuta, “dauden lekukotasun guztiak” erabili dira proposatutako edizio kritikoa egiteko, “ageriko akatsak eta puntuazioa zuzenduz eta beharrezko oharrak erantsiz”, Carola Sbriziolok azaldu duenez. Lanari gehitutako ohar horiek egileak proposatzen dituen irtenbideak azaltzen dituzte, baita “egungo irakurleak nekez interpretatuko dituen tokiak” argitu ere, adierazi du.
Bestalde, hasierako ikerketan “Esto sí que es negociar” eta “El melancólico” komedia senidetuen arteko lotura aztertzen da, baita argitaratutako komedian aurki daitezkeen testuen ezaugarri dramatikoak eta eszenikoak ere.
Carola Sbrizioloren curriculum laburra
Carola Sbriziolo Hizkuntza eta Literatura Iberiar eta Iberoamerikarretako doktorea da Palermoko Unibertsitatean (2007). Espainiar Literaturako irakasle aritu izan da Palermoko eta Cataniako unibertsitateetan (2006-2017), eta, egun, Espainiar Literaturako eta Haur eta Gazte Literaturaren Didaktikako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailean.
Ikerketako zenbait proiektutan hartu du parte Espainian, Italian eta Frantzian, baita nazioarteko biltzar batzuetan ere. Orain arte, bere interes zientifikoak Zilarrezko Aroko Espainiako literatura eta Urrezko Mendeko Espainiako antzerkia izan dira, eta komedia burleskoan eta Tirso de Molinaren lanean sakontzen aritu da. Idazle horri dagokionez, “El melancólico” komedia argitaratu du Ignacio Arellanorekin batera, “Obras completas” lanean (Iberoamericana, 2012).