Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2019-2020 ikasturtearen hasiera-ekitaldia egin du ostiral honetan, irailak 13. 400 pertsonatik gora etorri dira. Ekitaldiak Ramón Gonzalo García Unibertsitateko errektorea eta María Chivite Navascués Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan ditu buru, eta Foru Komunitateko agintari gorenak eta Unibertsitateko komunitateko kideak bildu ditu. José Luis Goñi Sein Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko katedradunak eman du hasierako ikasgaia: “Defendiendo los derechos fundamentales frente a la inteligencia artificial” / “Oinarrizko eskubideen defentsa adimen artifiziala dela-eta”.
Ramón Gonzalo errektoreak bere hitzaldian berriz ere nabarmendu du NUPen helburua Nafarroako gizartearen erakunde traktorea izatea dela, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren esparruetan betetzen dituen eginkizunen bidez. Era berean, Unibertsitatearentzat garrantzitsutzat jotzen dituen proiektuetako batzuk aipatu ditu, hala nola Osasun Hiriaren sorrera, zeina, Gonzaloren hitzetan, datozen urteetan eragin ekonomiko eta sozial handiena izanen duen apustuetako bat baita, edo Berrikuntza Digitaleko Poloa, non NUPek lidergo posizio bat jokatu beharko duen.
Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua sortzeagatik, uste baitu apustu estrategiko hori arrakastatsua gerta daitekeela bi erakundeentzat, aukera eman baitezake Nafarroako unibertsitateen errendimendua eta eskualdearen garapenari egiten dioten ekarpena hobetzeko.
José Luis Goñi Seinen hasierako ikasgaia
Goñi Sein katedradunak, bere hasierako ikasgaian, adimen artifizialak enpresaren eta lan harremanen esparruetan duen eragina aztertu du, eta, era berean, identifikatu du zer printzipio etiko errespetatu behar diren haren garapenean eta erabileran baldin eta oinarrizko eskubideak babestu nahi baditugu.
Hala, esan du gaur egun adimen artifizialarekiko eta “big data”rekiko liluraldia bizitzen ari garela, eta, egia bada ere aurrerapen horiek badituztela gizakien aurrerabideari laguntzen dioten eragin positiboak, hala nola lan neketsuenak eta aspergarrienak egin behar ez izatea edo mugikortasun murriztua duten pertsonei laguntzea besteak beste, kontuan hartu beharra dago enplegua “suntsitzen” dutela eta gizartearen nolabaiteko “deshumanizazioa” ere eragiten dutela. Horregatik, esan duenez, beharrezkoa da jarraibide etiko batzuk izatea.
Bertaratu diren agintariak
Errektoreaz eta Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gainera, bertan izan dira Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta José Luis Arasti Pérez Gobernuaren ordezkaria Nafarroan. Haiekin batera bertaratu dira: Javier Remírez Apesteguía, Nafarroako Gobernuaren lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria dena; Elma Sainz Delgado Ekonomiako eta Ogasuneko kontseilaria; Carlos Gimeno Gurpegui Hezkuntzako kontseilaria; Santos Induráin Orduna Osasuneko kontseilaria; Juan Cruz Cigudosa García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, eta Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria.
Agintarien artean Enrique Maya Miranda Iruñeko alkatea ere egon da. Bestalde, ekitaldira joandako beste batzuk izan dira Joaquín Galve Sauras Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko burua, José Antonio Sánchez Sánchez-Villares Nafarroako Goi Fiskaltzako fiskala, Esther Erice Martínez Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua, eta Carlos Aparicio Azcárraga Nafarroako jeneral komandante militarra. Halaber, Francisco Javier Enériz Olaechea Nafarroako arartekoa eta Asunción Olaechea Estanga Kontuen Ganberako lehendakaria bertaratu dira, beste agintari batzuen artean.
Talde politikoetako diputatu, senatari eta parlamentariez, Iruñeko zinegotziez eta erakunde ekonomiko eta sozialetako ordezkariez gainera, Uxue Barkos Berruezo eta Juan Cruz Alli Aranguren Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak ere bertaratu dira.
Irakaskuntzaren esparrutik, bertan izan dira Alfonso Carlosena, Julio Lafuente López eta Antonio Pérez Prados, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurreko errektoreetako hiru; baita Alfonso Sánchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, José Luis Martín González EHUko errektoreordea eta Covadonga Romero Blázquez Iruñeko UHUNeko idazkaria ere.
Segizio Akademikoaren desfilea
Ekitaldia 12:00etan hasi da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Hasteko, segizio akademikoaren desfilea izan da, aurretik Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano banderaduna zihoala (NUPeko Zuzenbide Saileko irakaslea).
Irakasle togadunen taldea aretoan sartu da ZuraQuartet kuartetoak “Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa” jotzen zuen bitartean (anonimoa, XVIII. mendea). Gero, Roldán Jimeno Aranguren Unibertsitateko idazkari nagusiak 2018-2019 ikasturteko oroitidazkiaren laburpena irakurri du. Azkenik, María Chivite Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak bere hitzaldia irakurri du, eta hasiera ofiziala eman dio 2019-2020 ikasturteari. Gainera, aurten lanpostua lortu duten 34 irakasle titular eta katedradunetatik 30ek beren karguen zina egin dute.
Ekitaldiaren alderdi musikala ZuraQuartet kuartetoaren eskutik egin da (Daniel Sádaba, Álvaro Santiago, María Fernández eta Igor Saenz), eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzaren eskutik, Juan Gaínza Berrok zuzenduta. Pieza hauek interpretatu dituzte: “Trumpet voluntary”, J. Clark; “Guantanamera”, J. Fernández; “Embraceable you”; “Rondeau”, J. Mouret, eta “Gaudeamus igitur” himnoa.