Cristina García Arizmendi argazkia ateratzeko jarrita oporretan, Sangháin, atzealdean hiriaren gune finantzarioa duela.
Cristina García Arizmendi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1996), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programan tituluduna da, eta Txinako gobernuak Espainian duen enbaxadaren bidez emandako 18 ikasketa-beketako bat lortu du. Pekingo Ekonomiako eta Negozioetako Nazioarteko Unibertsitatean (UIBE, ingelesezko siglen arabera) egingo duen bi urteko egonaldia ordainduko du bekari esker, eta Nazioarteko Merkataritzako Master bat ikasiko du ingelesez. Egresatuak beste dirulaguntza bat lortu zuen Shanghaiko Unibertsitatean, eta, horrenbestez, mundu osoko ikasleekin lehiatu zen Txinako erakunde horrek antzeko graduondoko bat ikasteko emandako hogei beketako bat lortzeko.
Cristina García Arizmendik Txinan egin zuen NUPeko gradu bikoitzak dituen bost ikasmailetatik hirugarrena. “Nazioarteko Programako ikasle guztiek bezala, nahitaezkoa da ikasturte bat atzerriko unibertsitate batean egitea. Beraz, hirugarren ikasmailara iritsi nintzenean, 2016ko irailean, esperientzia berriak bizitzeko irrikaz nengoen, eta ahalik eta urrutien joatea erabaki nuen, bestela inoiz bidaiatuko ez nukeen leku batera. Pekingo Beijing Union University-ra joan nintzen —gogoratu du Cristina García Arizmendik—. Han nintzela, txinera ikasi nuen hutsetik hasita eta HSK4 mailara iritsi nintzen, hizkuntzako horretako titulu ofiziala, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B2 mailaren baliokidea. Horrez gainera, jende asko ezagutu nuen, horien artean, Txinako gobernuaren bekei esker herrialdean ikasten ari ziren espainiar talde bat. Orduan Asiako herrialde erraldoian aukera paregabea ikusi nuen ikuspegi akademiko eta profesionaletik, eta prestatzen hasi nintzen NUPera itzuli nintzenean”.
Iruñean zegoela, txinerako ikasketekin jarraitzeaz gainera, Ekonomiako gradu amaierako lana egin zuen, Erdiko inperioarekin lotutako gai bati buruzkoa. Zehazki, Txinaren eta Estatu Batuen arteko harreman komertzialak aztertu zituen eta María del Mar Rubio Varasek zuzendu zuen lana (Ekonomia Saileko irakaslea eta INARBE institutuko (Inarbe – Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikertzailea).
Beka osoa bi urterako
“Joan den otsailean, Txinako gobernuaren beketarako dokumentazioa bidaltzen hasi nintzen zenbait erakundetara. Esaterako, Txinak Espainian duen enbaxadara, ‘China Mission to EU’ erakundera eta herrialdeko zenbait herrialdetara. Itxaronaldi luze baten ondoren, Shanghaiko Unibertsitateak jakinarazi zidan erakundearen beka osoa eman zidatela, Shanghai University Full Scholarship izenekoa. Gero, Txinak Espainian duen enbaxadak jakinarazi zidan bere beste beka bat lortu nuela, ‘Chinese Government Full Scholarship’ izenekoa. Zalantzan ibili banintzen ere, beti sentitu izan dudana izan nuen iparrorratz eta Pekingo UIBEra joatea erabaki nuen”, esan du ikasleak. Irailean hasiko du masterra Txinan, ekonomiaren eta finantzen esparruan ospea duen unibertsitate batean.
“Hori guztia ez zen posible izango 2016an NUPek urte eta erdiz Txinara joateko aukera eman ez balit”, erantsi du Cristina García Arizmendik. Esker ona adierazi du Pablo Arocena Garro, Rebeca Echávarri Aguinaga eta María del Mar Rubiok beka eskatzeko prozesuan eman dioten laguntzagatik.