Joan eduki nagusira

zoom Antonio Gil katedraduna, NUPen

Antonio Gil katedraduna, NUPen

Antonio Gil Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedradunak liburu bat argitaratu du berriki, Unibertsitateak berak editatua, adsortzioaren prozesu fisiko-kimikoari buruz. NUPeko online dendan eros daiteke “Análisis textural de sólidos porosos mediante adsorción química de gases” izena duen monografikoa, formatu fisikoan nahiz pdf fitxategi gisa.

“Adsortzioaren fenomenoa prozesu fisiko-kimiko bat da. Egoera solidoko erreakzioak lortu eta azaltzeko, gasak eta likidoak purifikatzeko eta ingurumenaren kutsadura kontrolatzeko erabiltzen da, baita industrian aplikatzeko materialak garatzeko ere, zehazki nanoteknologiaren eremuan”, azaldu du katedradunak. “Prozesuak berekin dakar propietate kimiko eta azaleko eta egiturazko propietate jakin batzuk dituen materiala erabiltzea, propietate horiek baldintzatzen baitute haren adsortzio gaitasuna”, zehaztu du.

Monografian oreka egoeran gertatzen den adsortzio prozesuari buruzko funtsezko zenbait alderdi aipatzen dira. Zehazki, “prozesua zuzentzen duten oinarrizko printzipioak laburtzen dira, baita materialen propietateak kuantifikatzeko aukera ematen duten metodoak ere, printzipio horiek eremu horretan hasten diren ikertzaileentzat irisgarri egiteko xedez”, azaldu du ikertzaileak. “Kalkulu horiek nola egiten diren ere azaldu nahi izan da, baita egiten diren hurbilketen mugak eta murrizketak ere”, amaitu du.

Antonio Gilen CV laburra

Antonio Gil Zientzia Kimikoetako doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Zientzien Saileko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna NUPen, eta ikertzailea Unibertsitateko Material Aurreratuen Institutuan (InaMat).

Bere ikerketa lanaren gai nagusia ingurumen eta energia arazoak konpontzera aplikatutako katalisi heterogeneoa izan da. Adsortzio prozesuak, gas fasean zein likido fasean, eta industriako hondakinen balorizazioa ere bere ikerketa interesen artean daude.

Antonio Gilen lanak zenbait aitorpen jaso ditu: 2011n bere ikerketa ibilbide pertsonal osoagatik saritu zuten, eta 2003an, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Kutxaren sariaren accesita jaso zuen. Gainera, NUPek 2005ean eta 2009an ekarpen zientifiko hoberenen egile gisa saritu zuen; zientzia zehatzen, biologikoen, medikoen eta teknologien arloan egin zituen ekarpen horiek guztiak.

2017tik Banco Santanderrek diruz laguntzen duen Ikerketa Areagotzeko Programaren onuraduna da. Halaber, hiru liburu kaleratu ditu beste batzuekin lankidetzan: “Recent Research Developments in Environmental Technology” (Transworld Research Network, 2008), “Pillared Clays and Related Catalysts (Springer, 2010) eta “Application of Advanced Oxidation Processes (AOPs) in Drinking Water Treatment (Springer, 2019).