Joan eduki nagusira

zoom Liburuaren azala

Liburuaren azala

Carlos Vilches Plaza Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Laneko irakasleak “DBHko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea” argitalpena idazten hartu du parte, Yolanda Olasagarre Mendinuetarekin eta Rosa Ramos Alfarorekin batera.

Liburuan, Nafarroako D ereduko hamabi ikastetxetako ikasleek euskararen inguruan nolako diskurtsoa, motibazioa eta emozioak dituzten aztertzen da. Zehazki, herri hauetako ikastetxe publiko eta pribatuetakoak dira ikerketan parte hartu duten ikasleak: Altsasu, Agoitz, Barañain, Bera, Zizur Txikia, Lizarra, Garralda, Leitza, Lekaroz eta Iruñea. Ikerketa diakroniko bat egin dute metodologia kualitatibo eta kuantitatibo bat erabiliz ikastetxe horietako ikasleak euskara erabiltzera bultzatzeko prozesu baten aurretik eta ondoren zer jarrera zuten neurtzeko, eta ikerketa horren emaitzen analisia egiten da argitalpenean.

NUPen, Nafarroako Gobernuaren, Berriozarko Udalaren eta EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren arteko elkarlanari esker egin dira ikerketa eta argitalpena, eta sakon aztertzen dute irakasleentzako blog honekin hasitako ibilbidea: MSB Motibazioa Sustatzeko Baliabideak izeneko bloga. Orain 2 urte sortu zuten bloga, eta proposamenak egiten ditu DBHko ikasleen euskararekiko motibazio positiboa lantzeko.