Aurtengo Mentoretza Programan parte hartu duten ikasleetako batzuk, eta Cristina Bayona eta Roldán Jimeno (biak erdian)
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamar titulaziotako 22 ikasle mentore lanetan aritu dira beren karrera bereko lehenbiziko ikasmailako 170 ikaslerekin. Mentoretza Programako hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta mentore gisa aritu direnei diplomak eman dizkiete ekitaldi batean egindako lana aitortzeko. Ekitaldian izan dira Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea eta Roldán Jimeno Aranguren errektoreordetza horretako Ikasleen Arloko lehenagoko zuzendaria eta NUPen oraingo idazkari nagusia.
Mentoretza Programa 2016-2017 ikasturtean jarri zuen martxan Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak. Ikasturte honetako ikasle kopurua programako lehenbiziko urtekoarekin alderatuz gero, handitu egin da parte-hartzaile kopurua: 2016-2017 ikasturtean, 21 ikasle aritu ziren 113 ikasle hasiberriren mentore lanetan; bigarren edizioan, 2017-2018 ikasturtean, 28 ikasle izan ziren beste 114 ikasleren mentore.
Aitorpen akademikoa
Mentore bakoitzak gehienez ere bost ikasle hasiberriri lagundu die, irailetik martxora. Horretarako, erakunde hauen laguntza eta prestakuntza izan dute: Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetza, beren fakultatea edo ikastegia, Unibertsitate Arretarako Unitatea eta Ikasleen Kontseilua. Ikasturtea hasi baino lehen, hiru prestakuntza-egun izan zituzten, eta gai hauek landu zituzten: Unibertsitatean arazoei konponbidea bilatzeko modua, ahozko komunikazioa, lana antolatzeko estrategiak, enpatia, motibazioa eta ikuspegi positiboa. Horretaz gainera, lehen ikasmailako ikasleei urtero egiten zaien Ongietorria Emateko Eguna antolatzen eta gauzatzen ere parte hartu zuten mentoreek.
Mentoreek unibertsitate-hedapeneko bi ECTS kreditu lortzen dituzte programan parte hartzeagatik, eta konpromisoa hartzen dute ardurapean daukaten ikasle taldearekin hiru bilera egiteko udazkeneko seihilekoan eta beste bi udaberrikoan, bai eta ikasleei unibertsitatean beren kabuz moldatzen eta lan- eta ikasketa-ohitura onak hartzen laguntzeko ere. Mentore lana bukatutakoan, ebaluazioa egiten diete ardurapean izan dituzten ikasleek eta titulazioaren arduradunek.
Ikasle mentoreak
Hauek dira ikasturte honetan mentore izan diren ikasleak, ordena alfabetikoan: Carmen Arbeloa Llorente (Industria Teknologietako Ingeniaritza), Luar Biurrun Lorda (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), Sonia Elizondo Martínez (Ingeniaritza Informatikoa), Íñigo García Gimeno (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), Diego Gil Escalada (Zuzenbidea), Javier Lasheras Navas (Ingeniaritza Informatikoa), Francisco Leciñena Ansó (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza), Paula Carolina Lozano Duarte (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), Miguel Lucas Lacal (Ingeniaritza Informatikoa), Ángela Maestu Ceballos (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Nazioarteko Programa), Inés Matellanes Muruzábal (Gizarte Lana), Sergio Martínez Abad (Industria Teknologietako Ingeniaritza), Nekane Pérez Gómez (Zuzenbidea), Luis Rodríguez Rodríguez (Zuzenbidea), Iñaki Ruiz Manzanos (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), Mikel Sánchez Benavente (Ingeniaritza Mekanikoa), Lucía Teruel Saldaña (Industria Teknologietako Ingeniaritza), Pablo Urdánoz Pérez (Ingeniaritza Informatikoa), Rebeca Úriz del Olmo (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Leire Vigor Olmos (Ingeniaritza Mekanikoa), Alejandro Zancas Esquisábel (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza) eta Hodei Zia Lopez (Ingeniaritza Informatikoa).