Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak eta irakasleak antolatzaileekin, Sarion, Inkesten eta Esperimentuen Habia lehiaketaren IX. edizioaren fase nazionalean

Ikasleak eta irakasleak antolatzaileekin, Sarion, Inkesten eta Esperimentuen Habia lehiaketaren IX. edizioaren fase nazionalean

Espainia osoko laurogeita hamar ikasle norgehiagokan ari dira atzo arratsaldetik (2019ko uztailaren 2a, asteartea) eta arituko dira gaur ere (uztailaren 3a, asteazkena) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Inkesten eta Esperimentuen Habia izeneko lehiaketaren IX. edizioaren fase nazionalean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko eta Lanbide Heziketako (LH) ikasleak dira, eta horietako bederatzi, Nafarroakoak. Lehiaketaren bidez, estatistikari buruzko jakin-mina piztu nahi da ikasleengan, ohartu daitezen oinarrizko baliabidea dela bai zientzia esperimentaletan bai zientzia sozialetan ikerketak egiteko. Iruñeko finala NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailak eta Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizarte Institutuko Estatistika Unitateak antolatu dute, Nafarroako Estatistika Institutuaren (Nastat), Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eta Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren Sozietatearen (SEIO) finantzaketari esker eta Espainiako Estatistikako Institutuaren (INE) eta Iruñeko Udalaren laguntzaz.

Lehiaketaren aurreko faseetan garaile ateratako ikasleak etorri dira Nafarroako hiriburura, hau da, ikasturtean zehar autonomia-erkidego bakoitzean irabazle izan direnak. Norgehiagokan parte hartzeko, estatistikako, probabilitateko edo ikerketa operatiboko proiektu bat aurkeztu behar zuten ikasleek nahi zuten gaiari buruz (gizartea, osasuna, ekologia, ingurumena, ekonomia, kontsumoa eta abar). Hiru kategoria hauek daude: DBHko 1. eta 2. maila; DBHko 3. eta 4. maila eta LHko oinarrizko zikloa; eta Batxilergoa eta LHko erdi mailako zikloa.

Fase honetan, jendaurrean azalduko dute ikasleek beren proiektua, gehienez ere 15 minutuan. Hain zuzen, horretan ari dira lehiakideak atzo arratsaldetik Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, eta egun osoan arituko dira gaur ere. Gaur ilunabarrean banatuko dira sariak, 20:00etan.

Lehiaketari hasiera emateko ekitaldian, atzo arratsaldekoan, hauek izan ziren: Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea, Tomás Gómez-Acebo Temes Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen Gaietarako errektoreordea, Pablo Cebrián Jiménez Nafarroako Estatistika Institutuaren zuzendaria (Nastat), Alicia Fernández Sanz Espainiako Estatistikako Institutuaren Estatistika Zabaltzeko Zuzendaritzaorde Nagusiaren burua (INE) eta Jesús López-Fidalgo Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren Sozietatearen presidente berria (SEIO).

Nafarroako ordezkaritza

Aurreko fasean, ikasle hauek izan ziren garaile Nafarroan: Batxilergoko kategorian, Ana González Calvo eta Javier Salcedo Carrascosa, Tuterako Benjamín de Tudela BHIkoak, “La paradoja del cumpleaños. Estudio del problema probabilístico” izeneko lanarekin (Juan Carlos Ballabriga Escuerrek zuzendu du lana); DBHko 3. eta 4. mailako kategorian, Irati Castillo, Leyre Jiménez eta Patricia Segura, Iruñeko San Cernin ikastetxekoak, “¿Se encuentra nuestra tercera edad en riesgo de abandono?” izeneko lanarekin (Ana Arbeloa Castiellak zuzendu du lana); eta DBHko 1. eta 2. mailako kategorian, Irene Bonilla, Aroa López, Alicia Orbara eta Sonia Varea, Iruñeko Calasanz Escolapios ikastetxekoak, “Descanso, nutrición y deportes en los adolescentes” izeneko lanarekin (Antonio Yániz Fernández de las Herasek zuzendu du lana).

SEIO sozietateak bultzatzen du Espainia mailako lehiaketa hau, eta hiru helburu lortu nahi ditu: batetik, unibertsitatekoak ez diren ikasketetan estatistikaren irakaskuntza eta ikasketa bultzatzea, modurik onena baita ikasleak motibatzeko estatistika eta ikerketa operatiboko ikasketak egin ditzaten; bestetik, orain lehiaketan parte hartzen ez duten autonomia-erkidegoak animatzea aurrerago lehiaketan parte hartzera; eta, azkenik, lehiaketaren fase lokaletan laguntzea, ikasleek beste pizgarri bat izan dezaten parte hartzeko.