Joan eduki nagusira

zoom NUPeko IS-FOOD Institutuko ELIKOS taldeko zenbait ikertzaile. Ezkerretik eskuinera: Lide Arenaza Etxeberria, Maddi Osés Recalde, María Medrano Echeverría eta Idoia Labayen Goñi (ikerketa-taldearen zuzendaria).

NUPeko IS-FOOD Institutuko ELIKOS taldeko zenbait ikertzaile. Ezkerretik eskuinera: Lide Arenaza Etxeberria, Maddi Osés Recalde, María Medrano Echeverría eta Idoia Labayen Goñi (ikerketa-taldearen zuzendaria).

Gibel koipetsu pediatrikoa gehiegizko pisua edo gizentasuna duten haurren ia % 8ri eta adingabeen % 35-40ri eragiten dion patologia bat da, eta bizimodua aldatzea “estrategia eraginkorra” da gaitz hori tratatzeko. Hala agertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) zenbait ikertzailek egin duten ikerketa-artikulu batek, Diabetearen Amerikar Elkartearen “Diabetes Care” aldizkarian argitaratu berri denak. “Ikus daitekeenez, ohitura osasungarriak bereganatzea eta ariketa fisikoa egitea uztartzen dituen esku-hartze diziplina anitzekoak ondorio garrantzitsuak izan zituen; izan ere, 22 astean gibeleko koipea % 20 gutxitu zen”, azaldu du Idoia Labayen Goñi IS-FOOD Institutuko ELIKOS (ELikadura, arIKeta fisikoa eta Osasuna) ikerketa-taldeko arduradunak. Argitalpen horren egileak NUPeko eta Gaztela-Mantxako, Granadako eta Euskal Herriko unibertsitateetako zenbait ikertzaile dira, eta halako esku-hartzeak sustatzeko garrantzia azpimarratu dute haurren gizentasuna tratatzeko parte gisa.

“Gibel koipetsu pediatrikoaren intzidentzia izugarri igo da azken bi hamarkadetan, haurren gizentasunaren epidemiaren ondorioz —adierazi du Idoia Labayen Osasun Zientzien Saileko irakasleak—. Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu duenez, 2025. urtean 38 milioi haurrek izango dute esteatosi hepatikoa edo gibel koipetsua mundu osoan”. Patologia hori arrisku faktore inportantea da 2. motako diabetes mellitus delakoa eta gaixotasun kardiobaskularra garatzeko. “Gainera, gaixotasunak aurrera egin ahala, posible da gibeleko zirrosia garatzea, eta horrek handitu egiten du kartzinoma hepatikoa izateko arriskua”, esan du ikertzaileak.

Bizitza osasungarria eta ariketa fisikoa

Endokrinologiari eta metabolismoari buruzko aldizkari amerikar horretan argitaratu den lanak erakutsi duenez, bizimodua aldatzea “estrategia terapeutiko eraginkorra” da gibel koipetsua tratatzeko. “Lan honetan, programa pare batek gibeleko koipean zer eragin duen konparatu dugu: batetik, familiei bizimodu osasungarriak irakasteko programa bat, psikohezkuntzarekin indartua, eta, bestetik, hezkuntza-programaz gain ariketa fisikoa ere badaukan beste bat —adierazi du Idoia Labayenek—. Emaitzek erakusten dutenez, bi programek gorputzeko koipea eta intsulinarekiko erresistentzia gutxitzen dituzte, eta haurren ohitura dietetikoak eta osasun psikologikoa hobetzen; hala ere, ohitura osasungarriak bereganatzea eta ariketa fisikoa egitea uztartzen dituen programan parte hartu zutenek baizik ez zuten lortu gibeleko koipea murriztea”.

NUPen aldetik, Lide Arenaza Etxeberria, María Medrano Echeverría eta Maddi Osés Recalde ikertzaileek sinatu dute artikulua, aipatu Idoia Labayenez gainera. Haiekin batera, hauek ere hartu dute parte: Edurne Maiz Aldalur (Euskal Herriko Unibertsitatea), Jonatan Ruiz Ruiz eta Francisco B. Ortega Porcel (Granadako Unibertsitatea) eta Vicente Martínez-Vizcaíno (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea).

Saritutako ikerketa

Apirilean, Osasuneko, Kontsumoko eta Ongizate Sozialeko Ministerioaren mende dagoen Elikadurako Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) osasunaren arloko NAOS Estrategia Saria eman zion Idoia Labayenek gidatutako proiektuari, faktore jakin batzuk azter zitzan: ariketa fisikoak gibeleko esteatosi ez-alkoholikoan (edo gibel koipetsuan) duen eragina, adipositatea eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak, guztiak ere gehiegizko pisua duten eta familiei bizimodu osasungarriak irakasteko programa batean parte hartzen duten nerabezaroaurreko gazteen kasuan.

NAOS Estrategia (Nutrizioa, Ariketa Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioa) Espainiako Gobernuak osasunaren arloan bultzatzen duen ekimen bat da. Arlo horretako nazioarteko zenbait erakundek (OME, Europar Batasuna...) markatutako ildo politikoei jarraikiz, haren helburua gizentasunaren prebalentziaren joera iraultzea da, elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa sustatuz, modu horretan gaixotasun transmitiezinei lotutako morbilitate eta hilkortasun tasa altuak nabarmen murrizteko. 2011n, Elikadurako segurtasunari eta nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legeak finkatu eta bultzatu egin zuen “Osasuntsu jan eta mugi!” leloa duen ekimen hori.