

NUPeko zenbait ikasle, Historiako saio praktiko baten hasieran. Haiekin, Gemma Piérola (zutik, 1.a eskuinetik hasita), Daniel Sánchez Aguirreolea (eserita, 1.a ezkerretik hasita), Amaya De Carlos (zutiik, 1.a ezkerretik hasita) eta Maider Ecay (azken horren ondoan).
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologia Aplikatuko Graduko ikasleek modu praktikoan ikasten dute Historia Garaikidea, gamifikazio teknikei esker; izan ere, irakasteko eta ikasteko metodologia horren bidez, ikasleek Gerra Hotzarekin lotutako edukiak bereganatzen dituzte, “Twilight Struggle” (egunsentiko borroka) izeneko estrategia-jokoa erabiliz. Iruñeko Alter Paradox mahai-jokoen elkartearen laguntzaz gauzatu den ekimen hori originala izan da, gainera, nafar hiriburuko Hijas de Jesús (Jesuitinas) ikastetxeko Batxilergoko zenbait ikaslek dinamizatzaile lanak egin baitituzte unibertsitateko ikasleekin, haiek beren ikastetxean baliabide hori erabili ondoren. Ikasleen motibazioa areagotzea lortu dela nabarmendu dute jarduera bultzatu duten irakasleek.
“Gamifikazio izeneko metodologia horri esker, unibertsitateko ikasleek aukera izaten dute, batetik, ikaskuntzako helburu espezifikoak betetzeko, eta, bestetik, bai irakasgaiak berak eragiten dien motibazioa pizteko gaitasunak, bai ezagupenak eta bai irakaslearen eta ikasleen arteko elkarrekintza positiboak garatzeko”, adierazi du Gemma Piérola Narvarte NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta jarduera horren bultzatzaileak. Lehen ikasmailako ikasleei Historia Sozial eta Politiko Garaikidea ematen die, Emilio Majuelo Gil irakaslearen ardurapeko irakasgaia.
Jaltako Biltzarretik Berlingo Harresiaren erorialdira
“Twilight Struggle” gerrako eta estrategiako mahai-joko tematiko bat da, Gerra Hotzean girotua. “Bi lagunentzat baino ez da, baina bikote pare bat jolasteko moduan planteatu daiteke. Bietako batek Estatu Batuen rola hartzen du, eta besteak Sobietar Batasunarena, nahiz eta jokoak, aldi historiko hark eta bere dinamikek bezala, 1945etik aurrerako mundu osoa hartzen duen —azaldu du Gemma Piérolak—. II. Mundu Gerraren bukaerako egoera geopolitikoa hartzen du abiapuntu, Jaltako eta Potsdameko biltzarren ondorengoa, eta 1989an bukatzen da, zutik gelditzen den bakarra AEB denean”.
Historia Sozial eta Politiko Garaikidea irakasgaiko gaiek ikuspuntu diferenteetatik lantzen dituzte Gerra Hotzaren garaia eta Berlingo Harresia erori eta SESB zaharra desagertu ondoko egoera mundiala. “Horregatik da interesgarria material horrekin lan egitea eta gaietara beste modu batera hurbiltzea”, adierazi du Gemma Piérolak, Hijas de Jesús ikastetxeko Daniel Sánchez Aguirreolea Historiako irakaslearekin harremanetan jarri zenak.
“Jokoak bizipen bat balitz bezala barneratzen gaitu aldi historikoan, eta lehen pertsonan erreproduzitzen du hori, gertakari bakoitzaren ondorioz estrategia guztiak nola aldatzen diren eta bide berrietara gidatuko gaituzten erabaki azkarrak nola hartzen diren erakutsiz. Hari esker konturatu gaitezke gertakari haiek ez zirela berez nahitaezkoak Historian, gertatutakoa beste modu batera jazo zitekeela, eta badirela dena hankaz gora jartzen duten gertaera erabakigarriak”, azpimarratu du Bigarren Hezkuntzako irakasleak, Batxilergoko lehen mailan Gerra Hotza ikasteko proiektu didaktikoak erabiltzen dituen Jesuitinas ikastetxekoak.
“Jarduera osagarri gisa, ‘Twiligth Struggle’ jokoan aritzeko aukera eskaini genuen —azaldu du Daniel Sánchezek—. Parte-hartzaileak gehien motibatu zituen alderdietako bat unibertsitateko ikasgela batean jarduera horren dinamizatzaile aritzeko aukera izan zen. Desafio handia zen haientzat beren burua joko konplexu bat azaltzen ikustea, lehenago aldi historiko horri buruz ezer gutxi zekitela eta guztia ikasi berria zutela kontuan hartuta”. Hala, Hijas de Jesús ikastetxeko Amaya De Carlos García eta Maider Ecay Valbuena ikasleek hiruna orduko bi saio gidatu zituzten NUPen, unibertsitateko ikasleei arauak azalduz eta aro historikoari buruzko zalantzak argituz.
Gazteak zaharren irakasle
“Halako esperientziak alderantzizko zentzuan egin ohi dira beti: zaharrak izaten dira gazteen irakasleak. Dena dela, alderantziz izatea oso motibagarria da —baieztatu du Daniel Sánchezek—. NUPeko saioetan, benetan pozgarria izan zen unibertsitateko ikasleen begietan Batxilergoko ikasleenganako halako esker ona antzematea, haien profesionaltasunagatik, jokoan erakutsitako trebetasunagatik eta azalpenak emateko pazientziagatik. Ikasleek, zaharragoak zirenez, desafioa sentitzen zuten, ikusirik Batxilergokoek maila handia zutela eta nagusi eta arduratsu sentitzen zirela”.
Bi ikasleak bat datoz beren esanean: ekimen horrek unibertsitatera hurbildu ditu. “Lagungarria izan da unibertsitateko bizitza hobeki ulertzeko eta, batez ere, niretzat ohikoa ez den giro batean ongi moldatzeko”, esan du Amaya De Carlosek. Bestalde, Maider Ecayk esperientzia “beharrezkoa eta aberasgarria” dela adierazi du, eta “etorkizunerako onuragarria” izango dela.
“Betiko irakaslea ez den bati entzuteak jakin-mina eragiten du hasiera batean. Gainera, zerbait berria irakatsi behar duten pertsonak Bigarren Hezkuntzako ikasleak baldin badira, jakin-min hori areagotzen da. Eta, horri guztiari mahai-joko erraldoi bat gehitzen bazaio, ikusmina bermatuta dago”, laburbildu du Gemma Piérolak esperientzia horri buruz.