Joan eduki nagusira

zoom Banco Santanderren bekak jaso dituzten NUPeko ikasleak, agintariekin batera.

Banco Santanderren bekak jaso dituzten NUPeko ikasleak, agintariekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Banco Santanderrek, Santander Universidadesen bitartez, nazioarteko mugikortasunerako 138 beka eman dizkiete beste hainbeste ikasleri. Beka horiek atzerriko unibertsitateekin (hamasei herrialdetakoak) egindako lau truke programari dagozkie. Laguntzak emateko ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean egin zen, eta bi erakundeek 1999az geroztik zenbait proiektu akademiko garatzeko adostuta daukaten lankidetzaren esparruan kokatzen da.

Laguntza horiek emateko ekitaldiak buru izan zituen Ramón Gonzalo García NUPeko errektorea, José María García de los Ríos Santander Universidadeseko Hitzarmen eta Mezenasgoen zuzendaria eta Jorge Elso Torralba NUPeko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea. Gainera, honako hauek bertaratu ziren Banco Santanderren izenean: Inés Abendaño Barcos, Instituzioen arduraduna Nafarroan; José Antonio Lázaro Beltrán, Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako Banku Instituzionalaren zuzendaria; eta Sergio Oneca Martínez, Santander unibertsitate bulegoko zuzendaria.

zoom Ramón Gonzalo (esk.) eta José María García de los Ríos, Banco Santanderren bekak emateko ekitaldian.

Ramón Gonzalo (esk.) eta José María García de los Ríos, Banco Santanderren bekak emateko ekitaldian.

Jorge Elso Torralba errektoreordeak, bertaratuei ongietorria egin eta Banco Santanderren laguntza eskertu ondoren, ikasleei gogorarazi zien beren bizitzako “esperientziarik bizienetako eta aberasgarrienetako bat” hastear zeudela. “Zuen merezimendu akademikoak direla-eta zaudete hemen. Inork ez dizue ezer oparitu. Gozatu zuen eginahalari esker irabazi duzuenaz eta eginahal hori zuentzat baliagarri bihurtu. Zoazten tokira zoaztela, gure enbaxadoreak izanen zarete —gogorarazi zien—. Harrotasunez eraman gure erakundearen izena, baita erantzukizunaz ere, eta lagundu denbora honetan zuen ikaskideak izanen diren horiek gure unibertsitatea, zuen etxea, hauta dezaten beren mugikortasunaren destino gisa.

Bestalde, José María García de los Ríos Santander Universidadeseko Hitzarmen eta Mezenasgoen zuzendariak ikasleak eta haien familiak zoriondu zituen egindako eginahalagatik. Gogora ekarri zituen NUPek eta Santander Universidadesek lankidetzan egindako hogei urteak: “goi mailako hezkuntzari laguntzeko apustu estrategiko bat da, sinetsita baikaude unibertsitateak oso rol erabakigarria jokatzen duela gaur egungo gizarteetan”. “Santanderren —adierazi zuen— konbentzituta gaude hezkuntza biderik hoberena dela ekitatea eta aukera berdintasuna sustatzeko eta hazkunde jasangarri eta inklusiboa lortzeko”.

Ramón Gonzalo errektorearen hitzekin bukatu zen ekitaldia. Eskerrak eman zizkion Banco Santanderri, eta ikasle bekadunei, berriz, aukera hau ongi aprobetxatzeko eskatu zien, “oso esperientzia garrantzitsua izanen baita pertsonalki nahiz profesionalki hazteko”.

Laguntzen banakatzea

Ikasleek nazioarteko mugikortasuna egiteko 138 bekak NUPek atzerriko hainbat unibertsitaterekin eta programa hauekin dauzkan aldebiko hitzarmenei dagozkie: ISEP (International Student Exchange Programs, ikasleen trukerako lehen partzuergo globala, Estatu Batuetan dagoena eta 50 herrialdetako goi mailako 300 hezkuntza erakunde biltzen dituena), Palafox (Latinoamerikarekiko trukea) eta Martin de Rada (Asiarako). Zehatz esateko, deialdi honetan, 89 beka Palafox programari dagozkio; 18, aldebiko hitzarmenei; 15, Martin de Radari; 11 ISEP USAri, eta 5 ISEP Nazioartekoari.

Beka horien guztien onuradun izanen diren ikasleak hamasei herrialdetan banatuko dira: Argentina (9), Australia (5), Brasil (15), Kanada (3), Txile (19), Txina (7), Kolonbia (2), Hego Korea (3), Estatu Batuak (18), Japonia (1), Mexiko (28), Paraguai (2), Peru (17), Suitza (3), Taiwan (4) eta Uruguai (2).

Banco Santander ‘Change the World’ 2018 rankingean sartuta dagoen Europako banku bakarra da. Gizartean duten eragin positiboagatik (beste irizpide batzuen artean) mundua hobetzen laguntzen ari diren enpresak sartzen dira ranking horretan (Fortune aldizkaria). Santander Universidadesen bitartez gauzatzen du goi mailako hezkuntzaren alde duen konpromiso trinkoa. Konpromiso horrek mundu osoan hezkuntzan gehien inbertitzen duen enpresa gisa nabarmendu zuen Banco Santander (Varkey txostena / UNESCO / Fortune 500), eta bere nortasunaren ezaugarrietako bat bihurtu da; izan ere, 1.200 lankidetza hitzarmenetik gora egin ditu 20 herrialde baino gehiagotako unibertsitateekin eta 350.000 beka eta laguntza baino gehiago eman ditu 2005. urtetik, horietako 73.000 2018an, pertsonek, enpresek eta gizarteak aurrera egin dezaten laguntzeko xedez.