Joan eduki nagusira

zoom Sadar errekaren proiektuan parte hartu duten irakasleak eta lantaldea, instalatu dituzten panel berrietako baten azpian. Ezkerretik eskuinera: María Napal, Santiago Álvarez, José Miguel Mateo, Bosco Imbert, Julia Ibarra, Silvia Arazuri, Eloísa Ramírez, Joaquín Romero eta Rafael García Santos. Javier López Rodríguez eta Javier Peralta falta dira.

Sadar errekaren proiektuan parte hartu duten irakasleak eta lantaldea, instalatu dituzten panel berrietako baten azpian. Ezkerretik eskuinera: María Napal, Santiago Álvarez, José Miguel Mateo, Bosco Imbert, Julia Ibarra, Silvia Arazuri, Eloísa Ramírez, Joaquín Romero eta Rafael García Santos. Javier López Rodríguez eta Javier Peralta falta dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zenbait jarduera gauzatu ditu Iruñeko Arrosadiko campusaren inguruan Sadar errekako pasealekuaren ingurune naturala babesteko. Hain zuzen, sei informazio panel instalatu ditu ingurunearen, landare garrantzitsuenen eta hegazti eta bestelako espezie nabarmenen berri emateko, eta Elortz ibaiaren adar horren eskuineko bazterra garbitu du, besteak beste. Ekimen horrek Nafarroa Kutxa Fundazioaren finantzabide partziala izan du, baita Ilundain Haritz Berri Fundazioaren lankidetza ere.

Sadar errekako pasealekua, Unibertsitateak hainbat modutara prestakuntzarako erabiltzen duen gune bat izateaz gainera, edonork aisialdirako erabil dezakeen espazio bat da. “Unibertsitateak aukera hori baliatu du bere ikasleei Natura Zientzien zenbait eremutako prestakuntza emateko, hala nola Biologiari, Zoologiari, Didaktikari edota uren edo lurzoruen azterketari buruzkoa, baita eremu horietako ikerketa-proiektuak egiteko ere —azaldu du Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak—. Hala, bi testuinguruei erantzun hobea emateko moduko proiektu bat planteatu genuen, bereziki Arrosadiko campusaren alderdi naturalaren egoera zaintzeko eta hobetzeko helburuz, kontuan hartuta berdegune garrantzitsu bat dela eta bere biodibertsitatea babestu eta aldi berean aztertu eta zabaldu behar dela. Era berean, interesgarria zen animalien eta landareen espezieak berreskuratzen saiatzea eta haiek behar bezala garatzeko baliabideez hornitzea. Gainera, natura-ingurunea zaintzeko eta babesteko lehenbiziko pausoa hura ezagutzea denez gero, pasealekuko ibiltari eta bisitari guztiei zuzendutako dibulgazioa landu nahi izan dugu, gune egokiak eta ingurumena errespetatzen dutenak eskaini ahal izateko”.

Lantaldea

Proiektu horretaz arduratu den lantaldea Unibertsitateko zenbait langilek osatu dute, bai irakasle eta ikertzaileek eta bai administrazioko eta zerbitzuetako langileek (AZL). Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeaz bestalde, lantaldean izan dira Joaquín Romero Roldán kudeatzailea, Silvia Arazuri Garín Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria (NIGMET), Santiago Álvarez Folgueras Azpiegituretako, Lan Osasuneko eta Zerbitzu Orokorretako Zerbitzuko zuzendaria eta José Miguel Mateo Celaya Ingurumen Kudeaketako arduraduna. Haiekin batera, proiektuko gaiekin lotutako zenbait arlotako irakasle eta ikertzaile batzuk ere aritu dira elkarlanean, hain zuzen Botanika, Zientzia Esperimentalen Didaktika, Ekologia, Hidraulika, Ingeniaritza eta Nekazaritzako eta Basoetako Ingeniaritza arloetakoak (Rafael García Santos, Julia Ibarra Murillo, Bosco Imbert Rodríguez, Javier López Rodríguez, María Napal Fraile eta Javier Peralta de Andrés).

“Taldeak errekako pasealekuaren egoera baloratu zuen, eta aztergai izan zituen, batez ere, zuhaitz eta landareen diagnostikoa, ibaiertzera iristeko erabil daitezkeen guneak, ibilgutik hurbil begiratoki bat sortzeko egin daitezkeen jarduerak eta epe ertainerako eta luzerako obren plana —adierazi du Eloísa Ramírez Vaquerok—. Prestakuntzako, didaktikako eta dibulgazioko jarduerak prestatzeaz ere arduratu ginen. Halaber, Ilundain Haritz Berri Fundazioarekin jarri ginen harremanetan —Unibertsitatea haren patronatuko kidea da—, Aterpeak izeneko taldearekin hain zuzen, ingurumenarekin lotutako hainbat proiektu gauzatzen baititu”.

Emaitza gisa, lantaldeak jendea sentsibilizatzeko zenbait jarduera egitea erabaki zuen, eta sei informazio panel kokatu zituen, “handiak, babestutako egitura dutenak eta ingurunea errespetatzen dutenak”. “Gainera, webgune jakin batzuetan sartzeko QR estekak eta bestelako materialak dituzte. NUPeko irakasleek bai kartografia eta bai guneei, botanikari, hidrologiari eta zoologiari buruzko testuak prestatu zituzten, eta Aterpeak taldeko kideek, berriz, hegaztiei buruzko erreferentziak. Panel horiekin batera, lau banku eta hiru paperontzi ere kokatu dira. Bigarren fase baterako utzi dugu errekaren ertzetik hurbil hegaztien begiratoki bat sortzeko proiektua”, esan du Eloísa Ramírez Vaquerok.

Eskuineko bazterraren garbiketa

Gainera, Sadarren eskuineko bazterra garbitu dute. “Beharrezkotzat jo genuen lehortutako zuhaitzak edo infekzio larriak zituztenak moztu eta kentzea, arriskutsuak baitziren ingurutik ibiltzen diren pertsonentzat. Horrekin batera, pilatutako belar eta landareak ere garbitu genituen”, erantsi du.

Udazkenean, halaber, ingurumenaren aldeko boluntariotza-jardunaldi bat ere izan zen, erreka garbitzeko antolatua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin, Iruñeko eta Mutiloako udalekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin batera. “Ibai ahotik hasi eta Iruñeko ibilgu osoan eta Mutiloan dagoenaren parte batean aritu ginen —gogorarazi du Eloísa Ramírez Vaquerok—. Horretarako, laguntzaile izan genituen bai Ilundain Haritz Berri Fundazioa, bai lantaldea bera eta bai inguruko guneekin lotutako boluntario talde bat ere, berrogei ikaslek, irakaslek eta AZLk osatua”.

Azkenik, irakasleek (gehienak Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoak) zenbait jarduera akademiko gauzatu dituzte beren ikasleekin, errekaren ibilgua irakaskuntzan erabiltzearekin zuzenean lotuak, bai eta horren inguruko dibulgazioa lantzeko beste zeregin batzuk ere.