Lehiaketan parte hartu duten ikasleak. Lehenbiziko lerroa (ezkerretik eskuinera): María Ancín Rípodas (bigarren ikertzailea), Irene Oquiñena Iturria, Aarón Adrián Ochoa, Nerea Villar Idoate, Irati Oiza Zapata, Leire Paz Arbaizar, Onintza Agirrezabala Urkia eta Sara Iglesias Rey (irakaslea). Bigarren lerroa (ezkerretik eskuinera): Lorena Ariceta García, Diego Vinatea Samperio, Laura Giménez Casado, Daniel Palacios Alonso, Xabier González García, Álex Pascual Cid, Pablo Allo Martínez, Leire Murillo Larrey eta Hugo Salas Pedroarena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bioteknologiako, Datuen Zientziako, Zientzietako eta Ingeniaritza Biomedikoko gradu berrietako hamabost ikasle lehiatuko dira aurten Masschussettseko Teknologia Institutuak (MIT) urtero antolatzen duen biologia sintetikoko iGEM txapelketan (International Genetically Engineered Machine). Ikasleek diziplina anitzeko talde bat osatu dute, eta, udan zehar, sistema biologiko berri bat sortuko dute lehiaketaren antolatzaileek emandako DNA zatietatik abiatuta. Ingeniaritza biologiko horren emaitzak final handian aurkeztuko dituzte Bostonen (Estatu Batuak) urriaren 31tik azaroaren 4ra bitartean.
Bidaiaren gastuak ordaintzeko xedez, ekainaren 11n (asteartea) Christian Frei zinemagile suitzarraren “Génesis 2.0” dokumentala emango dute 19:00etatik aurrera Nafarroako Zinematekan (Antonio Pérez Goyena pasealekua 3, Iruñea). 2018ko film horrek galdera hau proposatzen du: “Posible litzateke mamutak XXI. mendera ekartzea hurrengo iraultza teknologiko handiaren bidez, hau da, sistema biologiko erabat artifizialak produzitzeko bidea emango duen biologia sintetikoaren bidez?”. Sarrerak hiru euro balio du, baina ikusleek bosteko ekarpen boluntarioa egiteko aukera izango dute.
Taldeari dagokionez, ikasle hauek osatzen dute: Aarón Adrián Ochoa, Laura Giménez Casado, Daniel Palacios Alonso, Álex Pascual Cid, Hugo Salas Pedroarena eta Diego Vinatea Samperio, Bioteknologiako Gradukoak; Onintza Agirrezabala Urkia, Lorena Ariceta García, Leire Murillo Larrey, Irati Oiza Zapata, Irene Oquiñena Iturria eta Leire Paz Arbáizar, Ingeniaritza Biomedikoko Gradukoak; Nerea Villar Idoate, Zientzietako Gradukoa; eta Pablo Allo Martínez eta Xabier González García, Datuen Zientziako Gradukoak. Proiektua kudeatzeko arduradunak, berriz, honako hauek dira: Inmaculada Farran Blanch IMAB institutuko ikertzailea (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology - Diziplina Anitzeko Biologia Aplikaturako Institutua), ikertzaile nagusi gisa; María Ancín Rípodas NUPeko doktorea, bigarren ikertzaile gisa, eta Sara Iglesias Rey NUPeko masterduna eta Navarrabiomedeko ikertzailea (Unibertsitatearen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko bitariko zentroa), irakasle gisa. Gainera, proiektuko tutoreak ikasle horiek egiten ari diren graduetako arduradunak dira: Israel Arnedo Gil (Ingeniaritza Biomedikoa), Esther González García (Zientziak), Carlos López Molina (Datuen Zientzia) eta Delia Muñoz Labiano (Bioteknologia).
Biologia sintetikoaren mugak gainditzen
iGEM lehiaketak biologia sintetikoaren mugak gainditzeko aukera ematen die mundu osoko ikasleei, munduan egunero gainditu behar diren arazoak lantzen baititu. Diziplina anitzeko taldeak lankidetzan aritzen dira berezko diseinu programa bat diseinatu, sortu, probatu eta neurtzeko, pieza biologiko trukagarriak eta biologia molekularraren teknika estandarrak erabiliz. Urtero, mundu osoko 6.000 lagun inguruk uda osoa pasatzen dute lehiaketarako prestatzen, eta, gero, udazkenean, elkartu egiten dira beren lana aurkezteko eta “Giant Jamboree” izeneko finala elkarrekin bizitzeko.
iGEM ekimena 2003an abiarazi zuen MITek, gailu biologikoak garatzeko ikastaro modura. 2004ko udan lehiaketa bihurtu zen, eta ordutik hona mundu osoko taldeak biltzera iritsi da hiru kategoriatan: bigarren hezkuntzako ikasleena, unibertsitateko ikasleena eta graduondoko ikasleena. Txapelketa kudeatzen duen fundazioaren helburua biologia sintetikoa gizartearengana hurbiltzea da, baita teknologia berri horrek duen ahalmen guztia erakustea ere.
Nazioarteko lehiaketa horretan interesa dutenek posible dute NUPeko taldearen jarduerak sare sozial hauetan jarraitzea: Instagram, Facebook eta Twitter.