Joan eduki nagusira

zoom Aurrealdean, eserita, Adrián Jiménez Loygorri (ezk.) eta Iván Aguirre Calavia. Atzeraxeago, José Ramón Alfaro López (ezk.) eta Luis Miguel Calvo Herrero, NUPen Tuterako campusean

Aurrealdean, eserita, Adrián Jiménez Loygorri (ezk.) eta Iván Aguirre Calavia. Atzeraxeago, José Ramón Alfaro López (ezk.) eta Luis Miguel Calvo Herrero, NUPen Tuterako campusean

Massachusettseko Institutu Teknologikoak (MIT) taka-taka adimendun baten proiektua aukeratu du bere programa baterako. DARWIN Biomedical enpresa ari da proiektua garatzen, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Tuterako campusean duen ‘start-up’ enpresa bat. AEBko unibertsitate horren biomedikuntzako berrikuntzako nazioarteko programa baterako hautatu dute, IDEA2 Global izeneko programarako, eta helburua du parte-hartzaileei prestakuntza teknikoa eta kontaktuak ematea ideiak gauzatu ditzaten. Adrián Jiménez Loygorrik Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako gradu amaierako lanean defendatu zuen ideia hori Tuterako campusean. Ekainean, DARWIN Biomedical enpresako bi kideak Bostonera joango dira proiektua aurkeztera, eta mundu osoko beste hamabi hautagairekin lehiatu beharko dute.

Horretaz gainera, Impulso Emprendedor lehiaketaren zazpigarren edizioan ere hartuko du parte proiektuak, hau da, Nafarroan enpresa berritzaileen sorrera bultzatzearren Nafarroako Gobernuak CEINen bidez martxan jarritako programan (Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroa).

Taka-taka adimendunak MODEL1 du izena, eta “gauza da erabiltzaileen beharretara denbora errealean egokitzeko eta erabiltzaileak eror ez daitezen babesteko”. Hori dio Adrián Jiménezek, zeina ekainean graduatuko baita NUPen, 10 kalifikazioa lortu duen proiektu honekin. “Taka-taka honek baditu bi alderdi merkatuan orain arte izan direnetatik bereizten dutenak —esan du Tuterako ingeniariak—. Batetik, proposamen iraultzailea da diseinuaren eta kontrolaren aldetik, interpretatzen baitu erabiltzailea nola dagoen kokatua taka-takan eta taka-taka lurraren gainean nola dabilen ere bai. Horri esker, ibiltzeko gailuak konpentsatu egiten ditu erabiltzaileak mugitzeko dituen oztopoak, gailuak gurpiletan intregratuta dituen laguntza-motor batzuen bidez. Bestetik, lankidetza-hitzarmenak egin ditugu mugikortasun arazoak dituzten pazienteen zenbait elkarterekin taka-takaren ezaugarriak ñabarduraz zehazteko eta modelatzeko; izan ere, erabiltzaileek eta haien ingurukoek dute esperientzia handiena halako gailuekin eta horiek dakite hobekien zer hutsune dituzten. Hori dela eta, Nafarroako Parkinson Elkartearekin egin dugu lan, eta beste lantalde bat osatu dugu ANFASeko aktiboki zahartzeko taldearekin”.

Lehenbiziko aldia da DARWIN Biomedical ‘start-up’ enpresak proiektu bat hasieratik bukaerara garatzen duena, nahiz eta “beste titulazio batzuetako zenbait ikaskidek lagundu diguten diseinu industrialaren alderdian”, esan du Adrián Jiménezek. Unibertsitateko ikasketak egin baino lehen, Industria Ekipoen Mantentze-lanen Lanbide Heziketako Goi Mailako Gradua ikasi zuen.

Gailu biomedikoak

zoom Taka-taka adimendunaren prototipoa, Adrián Jiménezek diseinatu eta DARWIN Biomedical “start-up” enpresak garatua

Taka-taka adimendunaren prototipoa, Adrián Jiménezek diseinatu eta DARWIN Biomedical “start-up” enpresak garatua

DARWIN Biomedical ‘start-up’ enpresa NUPen Tuterako campuseko laborategietan dago, eta ingeniaritza medikoan dihardu, zehatz-mehatz, gailu biomedikoak diseinatzen eta garatzen (ingelesez, “medical devices”). “Orain, proiektuaren inkubazio-fasea bukatzen ari gara, hau da, proiektua borobiltzeko prestakuntza jasotzen, CEINen (Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroa), NUPen OTRIren (Ikerketa Transferitzeko eta Aitortzeko Bulegoa) eta DARWIN Biomedical beraren artean sinatutako hitzarmen baten bidez”, esan du Adrián Jiménezek.

Adrián Jiménez lanaldi osoan ari da enpresan lanean, eta Iván Aguirre Calavia du lankide, Gailu Elektronikoen Diseinuko eta Garapeneko goi-teknikaria eta UNEDeko ikaslea Automatikako eta Industria Elektronikako Ingeniaritzan. Iván Aguirre ere enpresaren sortzaile izan zen, eta Erriberako enpresa bateko mantentze-lanetan ari da orain lanean, DARWIN Biomedicaleko teknologia-arduraduna izateaz gainera. Bestalde, NUPeko Tuterako campuseko bi irakasle hauek dira proiektuaren mentoreak: José Ramón Alfaro López, Industria Ingeniaritzako irakasle titular eta doktorea NUPen, eta Luis Miguel Calvo Herrero, Fabrikazio Ingeniaritza Aurreratuko irakasle elkartu eta doktorea UNEDen.

MIT institutuaren programaren helburua da biomedikuntzako proiektuak bideratzea inpaktu handia izan dezaten; horretarako, zehazki identifikatu behar dira gaur egun arlo horretan dauden arazoak, eta proiektua behar bezala definitu pazienteen bizi kalitatean ahalik eta eragin handiena izan dezan. Pasa den urtean, mundu osoko hamalau proiektu aurkeztu ziren, eta lau saritu zituzten, gailu biomedikoen arloari ekarpen garrantzitsua egiten ziotelako. “Ekainean, MIT institutuaren egoitzara joan beharko dugu proiektua azaltzera, eta, abenduan, zer aurrerapen egin ditugun frogatu eta defendatzera. Azkenean programan sartzeko aukeratzen bagaituzte, saria eskuratu, eta mundu osoko lan sare zabal bat sortuko dugu, eta, gainera, proiektuaren etorkizunerako oinarri sendo bat finkatzeko behar dugun finantzabidea eta laguntza ere lortuko dugu, epaimahaikide batzuk industriako inbertitzaileak eta jende inportantea baitira”, esan du bukatzeko Adrián Jiménezek.