Carlos Vilches Plaza Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak eta Natxo Esparza Fernández Unibertsitate bereko Soziologiako doktoregaiak Saharako kanpamentuetako errefuxiatuen egoera eta beharrak aztertzeko proiektu bat bukatu dute berriki, etxean erabiltzen den urarekin loturikoa.
Proiektuaren barnean, ura biltegiratzeko 4.605 depositu berri eman zaizkie beste hainbeste emakume familia-bururi. Era berean, prestakuntza teorikoa eta praktikoa eman zaie uraren saharar batzordeetako 35 emakumeri, ikerketa eta ekintza parte-hartzailearen bidezko prozesu bat baliatuta (IEP). Helburua ura hobeto aprobetxatzea izan da, eta, orobat, sahararrak ahalduntzea beren kudeaketa autonomoagoa izan dadin.
Zehazki, prestakuntza proiektua 2018ko abendutik 2019ko maiatzera arte garatu da Tindufeko (Aljeria) saharar kanpamentuetan. 1976ra arte Espainiako koloniakoak ziren herritarrak bertan errefuxiatu ziren Marokok beren lurraldea inbaditu zuenean, eta han jarraitzen dute oraindik ere, desplazaturik. Ikerketa eta ekintza parte-hartzailea izeneko metodologia (IEP) baliatu duen prestakuntza prozesua azpiegiturak eta etxeko uraren kalitatea hobetzeko programa orokor baten barnean kokatzen da, zeina 2017. urtearen bukaeran hasi baitzen Arabako SEADen Lagunen Elkartearen ekimenez, Saharako Gobernuko Uraren eta Ingurumenaren Ministerioarekin eta Saharar Ilargi Gorriarekin lankidetzan, eta Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren finantzaketarekin.
Deposituen berriztapena eta prestakuntza ekintzak
Carlos Vilches irakaslearen hitzetan, “uraren eskubideaz gozatzea funtsezkoa da bizi-maila egokia lortzeko, are gehiago Saharako basamortuarena bezalako testuinguru latz batean. Familiek altzairu galvanizatuko deposituetan biltegiratzen dute ura, baina depositu horiek denborarekin herdoilduz joan dira, eta, ondorioz, uraren osasungarritasunari eragin diote. Familia gehienek, ordea, ez dute deposituak berritzeko baliabide nahikorik”. Depositu berriak geruza bikoitzeko plastikozkoak dira, eta eusten dieten oinarriak, berriz, metalezkoak. Gainera, Uraren eta Ingurumenaren Ministerioari zisterna-kamioiak eman zaizkio ura banatzeko.
Proiektuak hasieratik genero ikuspegi argia hartzen zuen barne; izan ere, helburu nagusia emakumeak ikerketa sozialaren metodologian prestatzea zen, emakumeak baitira ur-deposituen jabeak eta arduradunak, eta emakumeek osatzen baitituzte ura kontrolatzeko ardura duten batzordeak bost “wilayetan”, bakoitzak bere “dairan”; “dairak” kanpamentuen antolaketaren oinarria dira. Egunean batez beste edateko modukoa den 15 litro ur kloratu dute pertsona bakoitzeko.
Lan kronogramaren barnean, 2018ko abenduan lanaren eta helburuen aurkezpena egin zuten, eta bost “wilayetako” 35 emakumek egindako prestakuntza saioen datak finkatu zituzten. Emakume horiek gero aldaketak eragin zituzten beren bizitokietan. 630 emakumek egin zituzten lantegi praktikoak, 38 lantaldetan banatuta, eta 600 inkesta inguru egin zituzten.
Carlos Vilchesek azaldu duenez, prestakuntza prozesua bukatu eta lantegi parte-hartzaileetako emaitzak aztertu ondoren, eta ikastaroaren azken saioan (maiatzean) uraren batzordeetako 35 ikasleek egindako inkestaren datuak analizatu ondoren, 35 emakume horiek hasi dira diagnostikoa eta ikerketaren emaitzak kanpamentuetako familiei helarazten, eta alternatibak eta hobekuntzak prestatzen detektatutako arazoak konpontzeko. “Jasotako prestakuntzari esker, ikasleek gerora beren eguneroko bizitzari aplikatutako beste lan batzuei heltzen ahalko diete, modu autonomoan, kanpoko teknikarien beharrik izan gabe, eta, hala, IEParen oinarrian dagoen ahalduntze zikloa itxiko dute”, adierazi du.