Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Alfonso Carlosenak, eta Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Aritz Ayesak, bi erakundeen arteko lankidetza-protokoloa izenpetu dute gaur goizean, bi erakundeetako espazioen erabilera partekatzeko. Akordioa, hain zuzen, IMk etorkizunean salestar lekaideen eraikinean izango duen egoitzari eta NUPen ikasgelategiari dagokie.
Zehazki, garai bateko elizaren espazioa egokitu egingo da erabilera askoko areto izateko, eta horrek ahalbidetuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin partekatzea. Izan ere, erakunde horrek betidanik izan du hiriaren erdigunean toki bat izateko nahia, informazio-, zabalkunde- eta dibulgazio-jarduerak egin ahal izateko. Hori dela-eta, aipatutako leku hori konpartitu ahal izateko aukera planteatu du, dibulgazio-jarduerak, biltzarrak, mintegiak eta erakunde-bilerak egiteko. Horrez gain, 30 metro koadro inguruko bulego bat izango du (bi langela), soil-soilik NUPek erabiliko duena, herritarrei informazioa emateko lanak, bilerak edo topaketak egiteko.
Nabarmendu behar da NUPek espazio horiek erabiltzea bateragarria dela IMren beharrekin eta ez dakarrela egoitza berriaren funtzionaltasunaren gutxitze oinarrizkorik.
Beste alde batetik, Mankomunitateak jada erabiltzen ditu NUPen instalazioak, nagusiki ikasgelak, sarbide-probak eta prestakuntza-jarduerak egiteko. Sinatu duten lankidetza-protokoloaren kariaz, gainera, NUPen laguntza edukiko da prestakuntza-zerbitzuak diseinatu eta emateko, hartara, Mankomunitateko eta SCPSA bere kudeaketa-sozietateko langileen prestakuntza-beharrei erantzuteko (gogoan izan behar da bien artean 450 langiletik gora dituztela).
Obrak laster litzatuko dira
Gogora ekarri behar da joan den maiatzaren 7an Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateko Administrazio Kontseiluak (Mankomunitatearen kudeaketa-sozietatea) IM eta SCPSAren egoitza berrirako Iruñean Salestarren eraikina birgaitzeko obrak kontratatzeko espedientea onartu zuela. Lizitazio edo enkantean hartzeko eskaintza horren deialdia laster kaleratuko da, esleitzea 2019 honetan egin ahal izateko. Obra horiek, hain zuzen, Álvarez-Sala, Matos Castillo Arquitectos eta Rueda Pizarro estudioek eratutako taldeak idatzi duen gauzatze-proiektuaren arabera egingo dira. Lanen epea 24 hilabetekoa izango da, eta lizitazioaren zenbatekoa 15.509.134,31 eurokoa da, BEZa kanpo.
Zaharberritzeko eta egokitzeko proiektuak eraikinaren balio historikoa errespetatzen du, dagoenaren diseinua gordetzen du eta bai kanpoko bolumetria ere. Salestarren eraikina birgaitzeko proposamenak espazio soilak eta atseginak lortu ditu, eta eraikinaren kanpoaldetik barnealdera planteatutako trantsizioa nabarmendu behar da. Ikuspuntu funtzionaletik, proposamenak ahalbidetzen du sinergiak sortzea sail desberdinen artean eta ingurumen-kalitate egokia bermatzen du. Egungo beharrei erantzuteaz gain, egoitza berria malgua izango da etorkizuneko eskakizunetarako edo IM eta SCPSAren egituraren berrantolatzeetarako.