Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Irakasletzako eta Iruñeko Sanduzelai Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak campusean.

NUPeko Irakasletzako eta Iruñeko Sanduzelai Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak campusean.

Iruñeko Sanduzelai Ikastetxe Publikoko 6. mailako ikasleek zerbitzu solidarioa eginez ikasteko programa batean hartu dute parte Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek odola eman dezaten sustatzeko. Trukean, NUPeko Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasleek bihotz-birikak suspertzen irakatsi diete gazteei.

Sandulezai Ikastetxeko Maite Ramos Fernández irakasle eta tutoreak eta NUPeko Nieves Ledesma Marín eta Lucía Pellejero Goñi Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleek bultzatu dute ekimena, Raquel Sáenz Mendía Osasun Zientzien Saileko irakaslearekin elkarlanean.

“Maite Ramos, Sanduzelai Ikastetxe Publikoko irakaslea, harremanetan jarri zen irailean Zerbitzu Solidarioa Eginez Ikasteko Nafar Sarearekin, odola emateari buruzko proiektu bat landu behar baitzuen ikasleekin. Horrela sortu zen proiektu hau —esan du Lucía Pellejerok—. Nieves Ledesma NUPeko irakaslea sare horretako kide denez, Maite Ramosi erantzun, eta halaxe hasi ziren biak Unibertsitatearen eta ikastetxearen arteko lankidetza-proiektu hau prestatzen”.

zoom Sanduzelaiko Ikastetxeko ikasleak odola emateko liburuxka ematen NUPeko ikasleei Arrosadiko campuseko kafetegian.

Sanduzelaiko Ikastetxeko ikasleak odola emateko liburuxka ematen NUPeko ikasleei Arrosadiko campuseko kafetegian.

Hasieran, Sanduzelai auzoan (Iruñean) hasi ziren ikastetxeko ikasleak odola emateko kanpaina egiten, han baitago ikastetxea. “Odola eta zirkulazio sistema ikasi genituen gelan. Orduan, ikasleek bideo bat eta liburuxka bat prestatu zituzten odola ematearen kausa sozialari laguntzeko, ikasleek ezin baitute odolik eman gazteegiak direlako”, gaineratu du Lucía Pellejerok.

Kanpaina campusean

Hurrengo pauso gisa, NUPen aurkeztu zuten kanpaina, zehatz-mehatz, Irakasle Lanbidea izeneko irakasgaian ari diren ikasleei. Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduetako 1. mailakoa da irakasgai hori, eta Nieves Ledesma eta Lucía Pellejero irakasleek ematen dute. “Ikasgelan ez ezik, une hartan Arrosadiko campuseko kafetegian zeudenei ere eman zieten kanpainaren berri”. NUPeko irakaslearen esanean, Irakasletzako gutxienez hamabost ikasle egin dira odol-emaile kanpainari esker. “Sanduzelaiko ikasleek, bestalde, aukera izan zuten ADONA Nafarroako Odol Emaileen Elkartearen instalazioak ikusteko: odola ateratzeko unitatea, hain zuzen, Unibertsitateko campusean baitzegoen egun hartan. Hortaz, bertatik bertara ikusi eta ezagutu zuten ikasleek odola emateko prozesua”.

zoom Sanduzelaiko Ikastetxeko bi ikasle bihotz-birikak suspertzeko simulazio bat egiten Irakasletzako ikasleekin.

Sanduzelaiko Ikastetxeko bi ikasle bihotz-birikak suspertzeko simulazio bat egiten Irakasletzako ikasleekin.

Gainera, Irakasletzako ikasleek bihotz-birikak suspertzen irakatsi zieten Sanduzelaikoei, eta, beraz, “bi noranzkoetan balio izan zuen zerbitzu eginez ikasteko esperientziak”. Izan ere, Erizaintzako Gradua egiten ari diren ikasleek, Eskolako Erizaintza irakasgaikoek, eman zieten Irakasletzakoei bihotz-birikak suspertzeko ikastaroa, Raquel Sáenz Mendía irakaslearen tutoretzapean.

Zerbitzu solidarioa eginez ikasteko ekimen horren barruan, Paula Burgui Arrondo Haur Hezkuntzako Irakasletzako Graduko ikasleak esperientzia horri buruz egin du Gradu Amaierako Lana Nieves Ledesmaren zuzendaritzapean. Zehazki, hezkuntza-proiektu hori diseinatu, ezarri eta ebaluatu du Paula Burguik GALean.