Joan eduki nagusira

zoom Ramón Gonzalo.

Ramón Gonzalo.

Ramón Gonzalo García Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedraduna aukeratu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore, boto ponderatuen % 61,27 lortu baitu maiatzak 9 dituen honetan egindako hauteskundeetan. Bestalde, María José Beriain Apesteguíak botoen % 38,73 eskuratu ditu. Osotara, Unibertsitateko komunitatea osatzen duten 10.433 pertsonak izan dute hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea.

Bozketa amaitzean egin den boto zenbaketa publikoaren behin-behineko datuen arabera, Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen arloan, zeinari bozketaren pisuaren % 59 baitagokio, Ramón Gonzalo izan da boto gehien jaso dituen hautagaia, 202 boto lortu baititu; María José Beriainek, aldiz, 117 boto jaso ditu. Horrez gain, 22 boto zuri eta boto baliogabe bat izan dira. Arlo horretako errolda 391 lagunekoa zen, eta 342k hartu dute parte, hau da, irakasle horien % 87,46k.

Bestalde, irakasle funtzionario ez-doktoreen eta Unibertsitatearekin lotura iraunkorrik ez duten irakasle eta ikertzaileen arloan ere, zeinak 789 pertsonako errolda baitu eta % 11ko ponderazioa aplikatzen baitzaio, Ramón Gonzalo izan da boto gehien lortu dituen hautagaia: 242. María José Beriainek, berriz, 117 boto eskuratu ditu. Halaber, 5 lagunek boto zuria eman dute, eta 6 boto baliogabe izan dira. Osotara 370 irakaslek eman dute botoa (% 46,8).

Ikasleen arloan, zeinak 8.764 pertsonako errolda baitu eta % 20ko ponderazioa baitagokio, 960k eman dute botoa (%10,95). Kasu horretan, María José Beriain izan da irabazlea 531 botorekin; Ramón Gonzalok, bestalde, 399 boto eskuratu ditu. Boto zenbaketan 9 boto zuri eta 21 baliogabe zenbatu dira.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen arloan, zeinari bozketaren pisuaren % 10 baitagokio, 316 lagunek hartu dute parte 489 langileko erroldatik (% 64,6). Ramón Gonzalok lortu du boto gehien, 231, eta 61 langilek egin dute María José Beriainen alde. 20 boto zuri eta 4 baliogabe izan dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen eta Hauteskunde Arautegiaren arabera, Unibertsitateko komunitateak hautatuko du errektorea, hautaketa zuzenaren eta sufragio unibertsal libre eta isilaren bidez, jardunean dauden eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten duten katedradunen artetik. Hauteskunde hauetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errolda osatzen duten 10.433 kideek izan dute botoa emateko eskubidea, arloen arabera ponderatutako boto sistema baten bidez.