Nafarroako zazpi ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako (DBH eta Batxilergoa) 120 ikaslek hartu dute parte “Zatoz eta probatu” jardunaldiaren XI. edizioan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatzen du prestakuntzarako proposamen hori, saio praktikoen bidez Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) titulazioetan presente dauden teknologiak ezagutarazteko. Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egindako hamahiru jarduera praktikoetan, ikasleek aukera izan dute nekazaritzako ingeniaritza hurbiletik ezagutzeko: izurrien kontrol biologikoa, dronez lagundutako doitasunezko nekazaritza, datuen zientziarekin eta biodibertsitatearekin lotutako ariketak, katalizatzaileen erabilera, elikagaien azterketa sentsoriala, etab.
Jardunaldian, zenbait herritako ikastetxeek hartu dute parte: Mutiloa (Luis Amigó), Iruñea (Julio Caro Baroja BHI, Ama Domingotarren ikastetxea, Nuestra Señora del Huerto, San Cernin eta San Ignacio-Jesuitak) eta Atarrabia (Paz de Ziganda ikastola).
Lan profesionalera hurbiltzea
Jardunaldi horren xedea izan da zenbait jarduera jartzea ikastegi horien esku, ikastegi horietako ikasleei aukera emateko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET) prestakuntza jasotzen duten tituludunek jarduteko dauzkaten arlo eta jardueretara hurbiltzeko, bai eta instalazioak ezagutzeko ere. Ikastegiak graduko sei titulazio eskaintzen ditu (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, EUR-ACE® ingeniaritzetarako Europako kalitate-ziurtagiria eta Nazioarteko Programa dituena; Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua; Bioteknologiako Gradua; Datuen Zientziako Gradua; Zientzietako Gradua, eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza), bai eta sei master ere. Horien artean, Nekazaritza Ingeniaritzako Masterra profesionalizatzailea da, eta nekazaritzako ingeniaria izateko eskumena ematen du. Datorren ikasturtean, halaber, gradu bikoitz berri bat eskainiko da: Datuen Zientzia eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (EAZ).
NIGMETek, bestalde, hizkuntzak irakastearen aldeko apustua egin du; esaterako, frantsesa ikasteko programa baten bidez (Programme d’Apprentissage du Français), Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduko ikasleek berariazko prestakuntza jasoko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko frantseseko mailak lortzeko, karrerako irakasgaiekin koordinatuta.
Era berean, aipatutako graduetako biren kasuan (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza), aukera dago horiek egin bitartean titulu bereki baten bidez espezializatzeko: Agroekologia eta Landa Garapena edo Marketina Industriaren Ikuspegitik.
Aukerak sortzen dituzten teknologia berriak
Azken urteotan, teknologia berriek eragin nabarmen izan dute nekazaritzaren, elikagaien, bioteknologiaren, zientziaren eta datuen zientziaren arloetako profesionalen garapenean, eta aukera berriak sortu dituzte enplegua sortzeko ahalmen handia duten esparruetan; esaterako, energia berriztagarriak, sateliteen eta droneen erabilera nekazaritzan, lurrak ureztatzeko sistema eraginkorren diseinua, nekazaritzako produktuen sorrera, merkaturatzea eta esportazioa, elikagai berrien garapena, kalitate- eta trazabilitate-araudiaren ezarpena, landa-eremuko azpiegituren diseinua, natura-inguruneen kudeaketa, bioteknologia, “big data” edo adimen artifiziala.
Jardunaldian parte hartu duten Bigarren Hezkuntzako ikasleak talde txikitan banatu dira, eta, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko langileek lagunduta, zirkuitu bat egin dute, jarduera hauek barne: “Elikagaien azterketa sentsoriala”, “Biodibertsitatea”, “Katalizatzaileak”, “Cell life”, “Lurzorua babestea”, “Izurrien kontrol biologikoa”, “Datuak”, “Garagardotik ogira”, “Nekazaritzako droneak”, “Herbario digital edo paperezko bat prestatu”, “Nor da nor?”, “Mineralen disolbagarritasuna” eta “Ur-garraioa”.