Joan eduki nagusira

zoom Jorge Luis García Alcaraz, NUPeko doktore berria.

Jorge Luis García Alcaraz, NUPeko doktore berria.

Langileen abileziek “malgutasuna eta arintasuna ematen dizkiote mahastizaintzako eta ardogintzako industriaren hornidura kateari”. Hala jaso du Jorge Luis García Alcaraz industria ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen bere doktoretza-tesian. Ciudad Juárezeko Unibertsitate Autonomoko (Mexiko) irakasle eta ikertzaile horrek ikertu du zer arrakasta-faktore kritiko behar diren hornidura katea hobeto administratzeko, hots, produktuen kudeaketa barne hartzen duen prozesua, produktuen ekoizpenetik eta biltegiratzetik hasi, eta hornitzaile eta bezeroekiko amaierako harremanarekin bukatu.

Bere doktoretza-tesian, Jorge Luis García Alcarazek hornidura katearekin loturiko aldagaien hiru multzo aztertu zituen Errioxako mahastizaintzako eta ardogintzako industrian: langileen abileziak, ekoizpen prozesuaren malgutasuna eta hornidura katearen arintasuna. Gainera, bere ikerketa osatzeko, beharrezko jarduerak egin zituen behar bezala abian jartzeko “produktuen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko” erabiltzen den Seis Sigma metodologia.

“Ekoizpen sistemetan eta hornidura katearen administrazioan Seis Sigma metodologia aplikatzeak onura asko ekartzen ditu, eta, ondorioz, produktuaren kalitatea hobetzen da, eskaerak edo lan aginduak azkarrago entregatzen dira, eta kostuak murrizten dira, dela inbentarioen erabilpenari dela bezeroen kexei dagokienez, batzuk aipatzearren —azaldu du Jorge Luis García Alcarazek—. Onura horiek oso erakargarriak dira industria batean lan egiten duen edozein kudeatzailerentzat. Hartara, jakin nahi dute nola aplikatu dezaketen Seis Sigma metodologia eta nola administratu dezaketen beren hornidura katea modurik onenean”.

Kudeatzailetzaren erabakiak

Seis Sigma behar bezala aplikatzeko eta hornidura katea administratzeko beharrezkoak diren jarduerei arrakasta-faktore kritikoak esaten zaie (AFK). “Arazoa da ez dagoela arrakasta-faktore kritikoak eta lortutako onurak lotzen dituen ikerketa nahikorik, eta, hartara, askotan kudeatzaileek beren esperientzian oinarritutako erabakiak hartzen dituzte, modu enpirikoan”, adierazi du tesiaren egileak, hain zuzen NUPeko Tuterako campusean defendatu zuen eta tesi zuzendari gisa Juan Ignacio Latorre Biel —Ingeniaritza Saileko irakaslea eta NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea— eta Emilio Jiménez Macías —Errioxako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektrikoko Saileko irakaslea— izan zituen tesiaren egileak.

Hori dela-eta, ikerketa honen xedea izan zen Seis Sigma metodologiaren eta hornidura katearen administrazioaren arrakasta-faktore kritikoak tresna horiek eskaintzen dituzten onurekin lotzea, modu kuantitatiboan. “Horrek beren produktuen kalitatea bermatu nahi duten kudeatzaileei aukera emanen die inbentarioen kostuak murrizteko eta materialen fluxua arintzeko, eta nahi dituzten onurak lortzearren egin beharreko jarduerak identifikatzeko”, adierazi du ikertzaileak. Hornidura katearen kasuan, Jorge Luis García Alcarazek aipatutako Errioxako mahastizaintzako eta ardogintzako industria aztertu zuen, eta Seis Sigmaren kasuan, berriz, Ciudad Juárezeko (Mexiko) maquila industria (alegia, manufaktura edo muntaketa industria). “Kudeatzaileen konpromisoa eta informazioaren jakinarazpena dira maquila enpresetan Seis Sigmaren arrakasta bermatzeko funtsezko aldagaiak”, gehitu du bikain “cum laude” kalifikazioa eta nazioarteko aipamena lortu zuen doktoretza-tesiaren egileak.

Etorkizuneko ikerketei begira, Jorge Luis García Alcarazek aipatu du beharrezkoa izanen dela “Seis Sigmaren arrakasta-faktore kritikoak, lortutako onurak eta hornidura katearen administrazioa lotuko dituen eredu integratzaile bat sortzea, horri esker aukera izanen baita aldagaien arteko ikuspegi orokorrago bat eskuratzea”.

Curriculum laburra

NUPen doktoretza-titulua eskuratu baino lehen, Jorge Luis García Alcarazek Industria Ingeniaritzako lizentzia eta maisutza egin zituen Colimako Institutu Teknologikoan (Mexiko) eta, ondoren, Industria Ingeniaritzako Zientzien doktoretza-ikasketak Ciudad Juárezeko Institutu Teknologikoan (Mexiko) eta Industria-produktu eta -prozesuen Ingeniaritzako Berrikuntzako doktoretza-ikasketak Errioxako Unibertsitatean (Espainia).

Ikerketa-egonaldiak egin ditu Espainian (Errioxako Unibertsitatea), Kolonbian (Bogotan dagoen Kolonbiako Unibertsitate Nazionala eta Kali Ibarreko Unibertsitatea) eta Dominikar Errepublikan (Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoa), besteak beste.

Gaur egun, irakasle eta ikertzaile gisa lan egiten du Ciudad Juárezeko Unibertsitate Autonomoaren Industria Ingeniaritzako eta Manufakturako Sailean, eta Mexikoko Zientziaren eta Teknologiaren Kontseilu Nazionalaren mendeko II. Mailako Ikertzaileen Sistema Nazionaleko kidea da. Hauek dira bere ikerketa-lerroak: ekoizpen-prozesuen optimizazioa, manufaktura lerdena eta kalitatea bermatzera bideratutako teknikak. Bere ikerketen emaitza gisa, laurogei artikulutik gora ditu aldizkari indexatuetan argitaratuak.