Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Antzerki Taldea. Ezkerretik eskuinera: Paula Puyol, Saioa González (eserita), Daniel Latorre, Leyre Ruiz (eserita), Thania Andrés, Adrián González, Itziar Rubio, Lorea Beorlegui (eserita), Lorea Marquina, Iñaki Hullsman, María Gutiérrez (eserita) eta Alaitz Jiménez.

NUPeko Antzerki Taldea. Ezkerretik eskuinera: Paula Puyol, Saioa González (eserita), Daniel Latorre, Leyre Ruiz (eserita), Thania Andrés, Adrián González, Itziar Rubio, Lorea Beorlegui (eserita), Lorea Marquina, Iñaki Hullsman, María Gutiérrez (eserita) eta Alaitz Jiménez.

Sei unibertsitatek (Burgoskoa, Lleidakoa, Euskal Herrikoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Valladolidekoa eta Vigokoa) hartuko dute parte apirilaren 7tik (igandea) apirilaren 13ra bitartean (larunbata) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak bere Kultura eta Kirol Unitatearen bidez eta Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatu duen Unibertsitateko XI. Antzerki Emanaldian. Antzezlanak Iturramako Civivoxen izango dira, 19:30ean, eta sarrerek euro bat balioko dute. Programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Zikloan zazpi emanaldi izango dira, NUPeko Antzerki Taldeak bi saio emango baititu: ostiralean eta larunbatean antzeztuko du “Algún amor que no mate” (apirilak 12 eta 13). Lan horrek Dulce Chacón (Zafra, Badajoz, 1954 - Madril, 2003) estremadurar idazlearen lehenbiziko eleberria du oinarri, ezkontideen arteko inkomunikazioa, desamodioa eta genero indarkeria landu zituena eta, ondoren, “La voz dormida” lanaren egileak berak antzerkira egokitu zuena. Antzezlan horrekin, gaztelaniazko antzerkigilerik onenaren Max Saria irabazteko hautagai izan zen 2004an.

Vigoko Unibertsitateko Ourenseko campuseko Antzerki Gelak emango die hasiera emanaldiei apirilaren 7an, igandearekin. “Implosiones, drogas, pasma y otras cosas de las que preocuparse” lana antzeztuko dute, Daniel Pennac frantziar idazlearen Malaussène sagaren lehen eleberrietan oinarritua. Umore beltza, zinema beltza eta bizitzaren filosofia nahasten dituzten istorioak dira, ohiz kanpoko bizimodu bati buruzkoak, ohikotasunetik hain urruna ezen kutun izatera iristen baita.

Hurrengo egunean, apirilak 8 (astelehena), Lleidako Unibertsitateko Espai de Teatre taldeak bere sormen lan bat aurkeztuko du: “El pueblo escogido”. Egun bat geroago, hilaren 9an (asteartea), Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campuseko Antzertiola Antzerki Faktoriaren “Beckettiana” lana ikusteko aukera izango da. Antzezlan hori mosaiko teatral bat da, Samuel Beckett irlandar dramagilearen hiru lanez osatua: “Días felices” (gaztelaniaz); “Esperando a Godot” (gaztelaniaz, euskararen agerpen batzuekin) eta “Lehen amodioa” (euskaraz).

Drama eta gogoeta sozialak

NUPeko Unibertsitateko XI. Antzerki Emanaldiaren programak aurrera jarraituko du apirilaren 10ean, asteazkena, Valladolideko Unibertsitateko Soriako campuseko Antzerki Taldearen “Yonquis y yanquis” antzezlanarekin. José Luis Alonso de Santosek idatzitako hiri-tragedia horrek gaur egungo gizartearen erradiografia egiten du umorearen bidez: gizarteratzeko zailtasunak, gazteen bazterkeria, bizirauteko borroka, ghettoak...

Hurrengo egunean (apirilak 11, osteguna), Burgosko Unibertsitateko Antzerki Taldearen txanda izango da, eta “Sólo hay una vida y en ella quiero tener tiempo de construirme y destruirme” lana antzeztuko dute, Pablo Fidalgo Lareo galiziar idazlearen argitalpen baten bertsio librea. Gizarteari buruzko gogoeta bat da, aske izatea zer den mintzagai duen gazte talde baten eskutik.

Ondoko egunetan (apirilak 12 eta 13, ostirala eta larunbata), NUPeko Antzerki Taldea izango da oholtzan “Algún amor que no mate” antzezten. Prudencia, protagonista, senarraz maitemindutako emakume bat da, senar-emazte izaten jarraitzearren bere identitateari uko egin behar izan diona. Bere buruari iruzur eginez, senarraren esanei men egin die beti, kontra egin gabe, baina, egun batean, gogaiturik, guztiarekin bukatzea erabakiko du. Dulce Chacón egilearen arabera, istorioa “barne-bidaia bat da, eta protagonistak hantxe aurkituko ditu maitasuna eta ulertu ezina, grina eta desleialtasuna, bakardadea, negarra, barrea eta heriotza”.