Taldean ateratako argazkia, Iruñeko Catedral hotelean egingo den biltzarra hasi baino lehen bilduta dauden ikertzaile batzuena.
“Orthonet” nazioarteko zientzia sarearen Polinomio Ortogonalen Sarearen eta Hurbilketaren Teoriaren V. Biltzarrak zenbait ikertzaile bilduko ditu gaurtik hasi, osteguna, martxoak 28, eta bihar arte, ostirala, martxoak 29. Ikertzaileak Espainiako hamalau unibertsitatetakoak eta atzerriko erakundeetakoak dira, Matematikako espezialitate honetan adituak. Egungo iraultza teknologikoaren eta kriptografiaren alderdi oinarrizkoenen euskarria da espezialitatea. Biltzarra Iruñean egingo da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu du. Gaur goizean inauguratu du Ramón Gonzalo García Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeak Nafarroako hiriburuko Catedral hotelean.
“Orthonet” espainiar sarea 2012an sortu zen, eta honako gai hauei buruzko ikerketa sustatu nahi du: polinomio ortogonalak, funtzio bereziak eta haiekin lotura duten eremuekiko harremanak, hala nola hurbilketa, operadoreen teoria, zenbakien teoria, Fourier-en serieak, zenbakizko analisia eta informazioaren teoria. Horretaz gainera, gai horiek fisika matematikoan eta zientziaren eta teknologiaren eremuetan dituzten aplikazioak sustatzea du helburu.
Bestalde, "Orthonet topaketa” urtero egiten den nazioarteko biltzar bat da, eta topaketaren helburu nagusia hau da: aipatu eremuetan lan egiten duten espainiar ikertzaileen arteko antolaketa eta harreman hobea lortzea, bai eta nazioarteko beste talde batzuekin harremanak sendotzea ere. “Sareko ikertzaileen arteko jakintza-transferentzia hobetzea ez ezik, matematikarekin, zientziarekin eta teknologiarekin lotuta dauden esparruetan lan egiten duten beste talde batzuetara iristea da helburua. Esparru horietan polinomio ortogonalak eta funtzio bereziak tresna erabilgarria izan daitezke”, azaldu du Blanca Bujanda Cirauquik (NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea eta biltzarraren antolatzaileetako bat).
Polinomio ortogonalen garrantzia eta aplikazioak
Blanca Bujanda irakasleak azaldu duenez, funtzioen berezien teoria, oro har, eta polinomio ortogonalena, bereziki, Matematikaren adar bat da, XVII. mendean sortutakoa. Adar horrek aztergai ditu, besteak beste, zenbaki handiak eta zenbaki lehenak (beren zenbaki berarekin eta 1 zenbakiarekin zatitu daitezkeenak bakarrik). Zenbaki horiek kriptografiaren oinarria dira, eta, horrenbestez, ezinbestekoak dira egungo gizartean. Zenbaki horien erabilera esparruaren barruan daude, esaterako, sareko trantsakzio ekonomikoak, estatistikarekin lotutako beste batzuk eta medikuntzan, gizarte zientzietan eta beste diziplina batzuetan dituzten aplikazioak.
“Nolanahi ere, XX. mendean hartzen dute garrantzi berezia. Izan ere, adituak ulertzen hasten dira funtzio bereziak eta polinomio ortogonalak atomoei, argiari, erradioaktibitateari, fisio nuklearrari, ospitaleetako X izpiei eta lotutako beste fenomeno askori buruz hitz egiteko erabili behar dugun lengoaiaren parte direla”, azaldu du Blanca Bujandak. “Hori dela-eta, esan dezakegu funtzio bereziak, oro har, eta polinomio ortogonalak, bereziki, etxe baten zimenduak bezalakoak direla fisika kuantikoarentzat, zeinak materia ikertzen baitu eskala oso txikietan: ez dira ikusten lehen begiratuan, baina haiek gabe etxea erokiko litzateke”, azaldu du.