Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; Alfonso Carlosena, errektorea; eta Joaquín Ansa, Gizarte Kontseiluaren presidentea, saioaren hasieran.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) oinarri teknologikoko sei enpresa deklaratu ditu “spin-off” enpresa gisa azken bost urteetan: Anteral, Bioinsectis, Eversens, Movalsys, Nadetech Innovations eta Naudit HPCN. Horretaz gainera, Unibertsitateko komunitateko kideek martxan jarritako hirurogeita hamar enpresa-proiektu bultzatu ditu (hogei, azken hamar urteetan). I+G+b-ko ekimen horiek Gizarte Kontseiluak antolatutako jardunaldi batean eman zituzten ezagutzera. Jardunaldian azaldu zuten hiru zutabe hauen bidez sustatzen dela ekintzailetza Unibertsitatean: ekintzailetza-espiritua bultzatzeko ekintzak, prestakuntzakoak eta enpresa-proiektuak sustatzeko ekintzak. Horrekin guztiarekin “Unibertsitatearen inguruan enplegua, balioa eta aurrerapena sortzen” lagundu nahi da, Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak esan zuenez.
Jardunaldiaren izena “Unibertsitatea Nafarroako ekintzailetza-ekosisteman” zen, eta Gizarte Kontseiluaren Gizarte eta Enpresa Foroak zuzendu zuen. Aurkezle lanetan aritu ziren Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Manu Ayerdi Olaizola Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordea eta Joaquín Ansa Erice Gizarte Kontseiluaren presidentea. Saioan, Katalunian ekintzailetza bultzatzeko martxan jarri diren ekimen eta programa batzuk deskribatu zituzten hizlarietako hiruk: Francesc Solé Parellada Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren presidenteordeak, Cristina Aresté Solana Innova Programaren zuzendari eta Kataluniako Unibertsitate Politekniko (UPC) Berrikuntza Kudeatzeko Zerbitzuaren buruak eta Miquel Martí Pérez Barcelona Tech City elkartearen zuzendari nagusiak.
Bestalde, Cristina Bayona Sáezek NUPen ekintzailetzaren alde zer egiten den azaldu zuen, Unibertsitatearen estatutuetan eta plan estrategikoan jasota dauden jarduerak, alegia. Unibertsitateak badu beste tresna bat halako ekintzak bultzatzeko, hau da, Oinarri Teknologikoko Enpresei buruzko Arautegia, 2012an onetsitakoa. Bi urte geroago, NUPen lehenbiziko spin-off enpresak aitortu ziren. Gaur egun, sei dira, eta laster gehiago izatea aurreikusten da.
Inkubagailu bat eta laborategi bat
Cristina Bayonaren esanean, 1996an hasi zen NUP ekintzailetza bultzatzen, enpresak sustatzeko toki bat sortu baitzuen, eta CEIN Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroarekin hitzarmen bat sinatu. Hamar urte geroago, 2006an, Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia (LUCE) eratu zen, bai eta Enpresaburu Gazteen Elkartea ere (AJE), Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. LUCEk ekintzailetzaren inguruko zazpi aste eta hogeita hamar bat jarduera antolatzen ditu batez beste urtero ekintzailetza eta enpresen sorrera bultzatzeko, hogei bat proiekturi ematen die laguntza, eta mila bat lagunek parte hartzea lortzen du.
Ekintzailetzarako laguntza eta prestakuntza ematen duten NUPen beste unitate batzuk hauek dira: Unibertsitate-Gizarte Fundazioak lan orientazioko programak antolatzen ditu, Enpleguko Topaketa eta Berrikuntzako eta Enpresa Esperientzietako Mintegia adibidez; Nafarroako Doktoretza Eskolak (EDONA), berriz, prestakuntza-ekintzak diseinatzen ditu tesia egiten ari diren ikasleentzat. Horiez gainera, ekintzailetza bultzatzen dute Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak eta Ikerketa Zerbitzuak. Azken horrek enpresak sustatzeko toki bat du, eta aholkuak ematen ditu berrikuntzak babesteko eta ekintzailetzarako erabil daitezkeen tresnei buruz, eta proiektuen hasierako egoera eta bideragarritasun teknikoa aztertzen ditu. Bestalde, NUPeko ikertzaileek, ikasleek eta egresatuek sariak eskuratu dituzten lehiaketen eta sariketen deialdiak zabaltzen ditu.
Enpresen erronkei konponbidea ematea
Navarra Emprende ekintzailetza-sarean dago NUP, eta gai horren inguruko zenbait programatan parte hartzen du, baina bi hauek dira garrantzitsuenak: batetik, Demola Programa enpresen eta erakundeen erronkei konponbidea bilatzen die, eta Campus Iberusek antolatzen du, partzuergo horretako lau unibertsitateetako diziplina anitzeko ikasle taldeen bidez; lau edizio izan ditu, eta hamar proiektu jarri ditu martxan Nafarroan. Bestetik, Explorer Programak gazteek proiektu berritzaileak eratzea du helburu, eta Banco Santanderrek bultzatzen du. Azken horri esker, “Explorer Space Navarra” gunea du NUPek 2016az geroztik, hau da, ideia berriak lankidetzan garatzeko (“coworking”) leku bat da, eta Sario eraikinean dago, Arrosadiko campusean (Iruñean). Dagoeneko, 55 proiektu landu dira gune horretan.
Bestalde, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak Ekintzailetza Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanen Rural Kutxa Sarien deialdia egiten du urtero 2015ean sortu zenetik, ekintzailetza “NUPen bereizgarri” izan dadin. Orain arteko bi edizioetan, masterreko eta graduko 26 lan aurkeztu dira.