Joan eduki nagusira

zoom Juan Karlos Lopez-Mugartza (eskuinean) eta Mikel Belasko filologoak, NUPeko campusean.

Juan Karlos Lopez-Mugartza (eskuinean) eta Mikel Belasko filologoak, NUPeko campusean.

Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte filologoak —Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzailea eta Onomastika Elkarteko lehendakaria da— erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko lan kolektibo batean parte hartu du. Onomastika Elkarteko idazkaria den eta, txostenaren unean, NUPeko ikertzailea zen Mikel Belasko Ortega filologoak ere parte hartu du Printzerriko Gobernuak sustatu duen lan horretan. Lan horren arabera, herrialde horretako leku-izenen % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeenak, kasu batzuetan euskararekin loturik. Ikerketa honen helburuen artean, “Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna” aztertzea zegoen.

Ondorioak liburu honetan jaso dira: “Anàlisi fisiogràfica de topònims andorrans d’arrel preromana. Una visió propera i tècnica del territori a través dels noms de lloc” (“Erromatarren aurreko erroa duten Andorrako toponimoei buruzko azterketa fisiografikoa. Lurraldearen ikuspegi hurbil eta teknikoa leku-izenen bitartez”). Liburua diziplinarteko lan baten emaitza da. Xavier Planas Batlle Andorrako Gobernuko Lurraldearen Antolamendurako Ministerioko geologo eta teknikariak koordinatu du lan hori, eta, arestian aipatutako Juan Karlos Lopez-Mugartza eta Mikel Belaskoz gain, Carles Gascón Chopo Alt Urgelleko Eskualde Kontseiluko historialari eta kultura ondareko teknikariak ere hartu du parte. Albert Turull Rubinat Lleidako Unibertsitateko filologo eta irakaslearen aholkularitza izan dute. Ikerketa Andorrako gaiei buruzko ikerketa eta transferentzia proiektuetara bideratutako Printzerriko Gobernuaren Lídia Armengol Vila laguntzaren barnean kokatzen da.

Liburuak diziplina anitzeko metodologia batetik abiaturik aztertzen ditu leku-izenak. Metodologia hori honetan oinarritzen da: azterketa konparatibo fisiografikoa (geografia fisikoarena) (paisaiak, geologia, etab.), lurraldeko historia eta hizkuntzaren ezagutza, eta euskararekiko konparazioa. Diziplina anitzeko ikuspegi hori ez da oso ohikoa; izan ere, zientziaren esparru jakin batetik egin ohi da azterketa, eta ez geografia, historia eta filologia barne harturik.

Liburuak latinaurreko jatorria izan lezaketen izenak dituzten parajeak aztertzen ditu, batez ere paisaien konparazioen bitartez. “Hauxe da lanaren helburua: antzematea ea izendapen berdin edo antzekoak dituzten tokietan ba ote dagoen ezaugarri edo prozesu berdintsurik, horri esker, gero, haien toponimoek izan ditzaketen esanahi posibleak proposatzeko. Analisi hori izenen azterketa linguistiko eta historikoarekin osatu da, eta, orobat, euskararekin konparatu da, Pirinioetako garai bateko balizko hizkuntza-jarraitutasuna ebaluatzeko”, azaldu du Juan Karlos Lopez-Mugartzak.

Euskararen tankerako toponimoak

Andorrako Izendegi Ofizialean 4.200 sarrera baino gehiago daude, eta, horien artean, % 10 baino gutxiago dira ustez latinaurreko errokotzat jo daitezkeen leku-izenak. Ikerketa-taldeak kasu batzuetan jatorri indoeuroparra proposatzen du —hala nola Canillo, Bartra eta Seig— edo euskarazkoa —esate baterako: l’Hortó, euskarazko lurte-rekin erlazionatzen dutena; Rat, harrate-rekin edo Baser, batxa-rekin, Juan Karlos Lopez-Mugartzaren esanetan, “ezinbestean Akitaniako basurde jainkoa, Baeserte deo, ekartzen duena gogora”–. Beste kasu batzuetan, hala nola Arcalís, Anyós eta Bixessarri izenetan, egileek nolabaiteko zerikusia ikusten dute euskararekin, baina, ohartarazten dute hizkuntza horretatik abiatuta interpretazioa ez dela agerikoa.

Aztertu den beste toponimo garrantzitsu bat Andorra izena bera da. Lanaren egileek uste dute geografia fisikotik azaldu daitekeela kasu hori, “iturri” hitzarekin loturik (gaur egun Escaldes toponimo katalanarekin irudikatzen da). Nafarroan bada Andurra (Nardoze, Urraulbeiti eta Santsoain), Andorra Teruelen. Iturrandur iturri izena da Ziraukin eta Arroitzen, eta ur gutxiko iturria dela ulertzen da beti. Errealitate hori ez dator bat Andorraren kasuarekin, han iturriak ur-emari handikoak baitira. Hala ere, ikertzaile hauen arabera, Dorres, Dòrria, Durro, Lladorre edo Norra (Taüll-en) motako toponimoak dituzten tokietan iturburu garrantzitsuak ere egoteak (kasu honetan, termalak edo sulfurosoak, kontuan hartuta “historiaurrearen testuinguruan alderdi hori oso esanguratsua dela geografikoki eta populazioa errazten duela”) hipotesi horri oinarria eta babesa ematen dizkio.