Kapsula endoskopikoa kamera bat duen gailu bat da, konprimatu bat baino handixeagoa, eta heste meharra miatzeko balio du. “Baliabide berri bat da, endoskopia konbentzionala osatzeko balio du, eta digestio hodi osoa miatzen du modu ez-inbaditzailean, ahotik hasi eta uzki zuloraino”, azaldu du José Francisco Juanmartiñena medikuak (Iruñea, 1979) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian. Ikerketaren emaitzen arabera, “Teknologia horrekin, heste meharreko lesioez gainera, esofagoko, urdaileko eta koloneko lesioak ere detektatzen dira modu sinple eta errazean, baita beste prozedura batzuek erabiliz lesioak lehenago detektatu ez badira ere”.
“Emaitzak onak dira eta itxaropentsuak, baina tentuz hartu beharrekoak; izan ere, gailuak baditu muga batzuk gainditu beharrekoak, eta berandu gabe konponduko dira seguru aski. Bestalde, ez da frogatu teknologia hori endoskopia konbentzionala baino hobea denik, baina bai haren osagarria dela”, esan du ikertzaileak. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Heste meharrera iristea
Kapsula endoskopikoa diseinatu arte, zaila zen heste meharrera iristea; izan ere, “abdomeneko barrunbearen barnean dagoen organo mugikor bat da, sei metro luze da, eta duodenoak, jeiunoak eta ileonak osatzen dute”. “Lehengo tekniken bidez, hots, gastroskopia eta kolonoskopia erabiliz, duodenoaren eta bukaerako ileonaren zentimetro gutxi batzuk mia zitezkeen —dio José Francisco Juanmartiñenak—. 2001ean, teknologia berria agertu zenean, eta aurreraxeago merkaturatu, utopia izateari utzi zion heste meharrera endoskopia bidez iristea, aukera eman baitzuen organo osoa modu sinple eta errazean miatzeko, hau da, enteroskopioa delakoa egiteko”.
Oinarrizko hiru elementu ditu teknologia berriak: kapsula endoskopikoa bera, grabagailua eta software berezi bat, ordenagailuan instalatzen dena. “Kapsula endoskopikoa konprimatu bat baino pitin bat handiagoa da, 11 eta 26 milimetro artekoa, eta erraz sartzen da ahotik behera —esan du tesiaren egileak—. Ahoan sartzean aktibatzen denetik, bi-sei irudi hartzen ditu segundo bakoitzeko, eta kolonera iritsi arte segitzen du funtzionatzen edo bateria bukatzen zaion arte, hau da, batez beste hamar-hamabi ordu pasatzen diren arte. Kamerak hartutako irudiak irrati-frekuentzia bidez transmititzen dira pazienteak duen grabagailura, eta, gero, software berezi batek deskargatzen eta prozesatzen ditu ordenagailu batean; hala, irudi guztiez osatutako bideoa lortzen da bukaeran”.
“Teknika berriak medikuntza modernoan izan duen eragina hain izan da handia, ezen hiru milioi miaketa baino gehiago egin baitira mundu osoan kapsula endoskopikoarekin. Gainera, teknika hori gero eta gehiago erabiltzen da beste helburu batzuetarako ere”. “Proba erraza delako eta pazienteek oro har oso ongi hartu dutelako izan du neurri batean halako arrakasta teknika berriak. Hain harrera ona izan du, ezen gaur egun gida kliniko guztiek lehenesten baitute teknika hori heste meharraren lehenbiziko miaketa egiteko; endoskopia konbentzionala, berriz, esofagoa, urdaila eta kolona aztertzeko teknika gisa gelditu da”, gaineratu du medikuak. Doktoretza-tesiaren zuzendariak Juan Manuel Casas Fernández de Tejerina eta Iñaki Fernández-Urién Sainz izan dira, hau da, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle eta Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntzako A Ospitaleratzeen Ataleko burua lehena, eta Nafarroako Ospitaleguneko Digestio Aparatuaren Zerbitzuko mediku laguntzaile eta Navarrabiomedeko Digestio Endoskopiaren Terapeutikako Ikerketa Taldeko kide bigarrena. Navarrabiomed Nafarroako Gobernuaren eta NUPen Ikerketa Biomedikoko Zentroa da.
Curriculum laburra
José Francisco Juanmartiñena Medikuntzan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean 2003an. 2004tik 2008ra, Digestio Aparatuaren espezialitatea egin zuen barne mediku egoiliar gisa Nafarroako Ospitalean. Gero, Gasteizko Santiago Ospitalera joan zen (Arabara), eta endoskopia aurreratuko eta ekoendoskopiako prestakuntza osatu zuen han. Gaur egun, Digestio Aparatuaren Zerbitzuko mediku laguntzailea da Nafarroako Ospitalegunean.
2011n, kapsula endoskopikoa ikertzen hasi zen Iñaki Fernández–Uriénekin. Orduz geroztik, 600 miaketa baino gehiago egin ditu teknologia horrekin. Bestalde, ehun bat komunikazio eta poster aurkeztu ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan. Urtarrilean, Kapsula Endoskopikoaren Nazioarteko Biltzar Iberikoan, Kasu Kliniko Onenaren Saria eman zioten lan sarituaren hiru egileetako bat izateagatik. Gai horri buruzko hemezortzi artikulu baino gehiago idatzi ditu sinatzaile nagusi gisa, eta Espainiako eta nazioarteko zenbait ikerketetan hartu du parte, zenbait osasun erakunderekin